logoa

Biografia

1962 - 1972

Iñaki Segurola Amutxastegi 1962ko martxoaren 8an jaio zen, non eta Azpeitian. Piscis zatekeen, alegia, teologia zodiakalean etsi izan balu (arraizarra edo arraineta). Antonino Segurola Uzkudun errezildarra izan zuen aita, eta Maria Luisa Amutxastegi Muruamendiaraz hondarribitarra, ama. Olatzen eta Joxe Mariren ondoren jaioa, hiru senidetan gazteena zen.

1972 - 1982

Azpeitiko Betharram ikastetxean egin zituen lehen ikasketak, eta institutuan batxilergoa. Ondoren, Euskal Filologia ikasi zuen Gasteizen, ama euskararen maitasuna irabazi beharrez, bihotz-belarrietako euskalzuloa izan baitzen bizi osoan, zerbait izatekotan: euskararen amazuloa.

1992 - 2002

Fakultatean, Koldo Mitxelena izan zuen irakasle eta maisu, eta ikasketak bukatu bezain pronto berarekin hasi zen lanean Euskaltzaindia er(r)akunde akademikoan, Orotariko Euskal Hiztegian. 1987an Koldo Mitxelenarekin hasi, eta 2005ean Ibon Sarasolarekin bukatu zuen lana. Ondoren, Euskararen Hiztegi Historiko-Etimologikoan aritu zen, eta, bere bizitzako azken urteetan, Euskara Institutuaren Egungo Euskararen Hiztegian. Hiztegigile jardun zuen, beraz, batez ere: hizkuntzaren aditzaile, jakinaren azpiko munduaren kontalari.

2002 - 2012

Literaturan, sei liburu argitaratu zituen, gehien-gehienak Alberdaniaren eskutik: Gaur ere ez du hiltzeko eguraldirik egingo estreinako saiakera (2005), Nere gorringotik Euskadi Irratiko sermoien antologia (2008), Arrazoia ez dago edukitzerik gogoeta laburren bilduma (2012), Sed quia sua hizkuntzak zer dioen antzemateko saioa (Erein, 2020), Koiteretzia eleberri dialogikoa (2021) eta hilondoan argitaratutako Ganorexia saiakera (2022).

2012 - 2022

Kolaborazio ugari egin zituen hainbat hedabidetan, idatziz nahiz ahotsez. Luzaro aritu zen artikulugile Euskaldunon Egunkaria-n (1991-1999) eta Ostiela! aldizkarian (1995-2006), kolaboratzaile Euskadi Irratiko Arratsaldekoa, Arratsean eta Amarauna saioetan (2006-2021), eta solaskide Kontrako Eztarrixe irratiko Hankak Lurrin saioan (2013-2022, Argia saria 2020). Gainera, 31 eskutik blogean, Urola Kostako Hitza-n eta Uztarria-n ere idatzi izan zuen, baita KKinzona irratiko Botere guztia biribilguneei saioan parte hartu ere, besteak beste.

2022

2022ko apirilaren 15ean hil zen, bere buruaz beste eginda. Esana zuen hil ondoren hain maitea zuen urarekin bat egingo zuela. Urotzismoa praktikatzen zuenez, bere ur putzu kuttunen batean turista iraunkor irudikatzen dugu orain.

Beste eduki mota batzuk

Ikus-entzunezkoak

Besteek ekarriak