logoa

1993-11-07

idatzi mota: Iritzi zutabea

Olerti 93

POETA gazte bati. Bazekiat bihotz-muinak eskuetan estuturik idazten duala, amildegiaren hegitik mintzo haizela eta mundua zuztarrelik harrotu nahi hukeela. Eskertzekoa duk.

Buruan sartu diate ordea, bi aditz luze, lau labur, dozenerdi bat atzizki eta hogeiren bat berba zantar inork antzik ez emateko moduan paratuz poesía egin daitekeela; tipografiaren laguntzarekin noski: badakik, lerroa bete gabe idatziz, zein baita gaur —heu ere antzemanik egongo haiz — poesiak poesiatzat ezagutua izateko behar duen baldintza premiazko bakarra.

Beharbada esanen didak poesia mailu bat dela, eta nik esanen diat araurik gabeko jokoa edo josteta baino gauza aspergarriagorik ez duela sortu muduak. (Aita Gabrielek berak esan ohi zian ‘olerkari’ ez baina ‘okerlari’ izengoitia aproposogoa zela).

Atzendua zegok gure munduan poesia idatziaren teknika. Bakarren bat bazebilek, gurean Orixe edo Mirande batekin itzali zena berpiztu nahian, poesia izenekoa ideien kartzelatik askatu eta atzera belarriaren mendera ekarri nahian. Lan gaitza duk. Bien bitartean, Kulturaren merkatuak poeta gazteen saldoa aldian behin berritu beharra eskatzen dik, eta hi ere lainezatu haute. Ez duk harritzekoa: partiduak, gobernuak edo korteinglesak bezalaxe, Kultura ere gaur egunean nekez bizi litekek bere gazte-sail errebeldetxoa gabe. Ez beldurtzeko esanen diate: gazte ameslari izanak curriculuma asko jazten duela gerora Kulturaren exekutibo (edo exekutibo soil) bihurtzeko, edo gauza ederra dela gaztetako poematxoei heldutasunaren irrifarre zinikoz begiratzea.

Hara, motell: astapotroa izango nauk, baina aukeran kasik hobe duk Molotov Maiakovski baino.

< atzera