1997-04-05
idatzi mota: Iritzi artikulua
SOS Autofobia
Razismo eta xenofobia izeneko pantasia horiek, nork sinestarazten dizkigu? Nork entreteniarazi nahi gaitu kanpotarra geure burua balitz bezala maitatzen, hau da, geure burua kanpotar bezala gorrotatzen? Erantzuna: Estatuak dituen morroi zintzoenak, huxkeriak puztutzen (eta benetako putzak hustutzen) artista diren progreak eta solidarioak: hangoak izateko hemen jaioak, munduko hiritarrak, norbera ez bezalakoengatik (zenbat eta bestelakoago hobe) edozer gauza egingo luketen xenofiloak, urrutiko (hobe zenbat eta urrutiagoko) zapalkuntza eta miseriengatik kezka gorrian bizi diren bihotz-zabalak karitatearen eta solidaritatearen (gezurrezko elkartasun eta elkarrekikotasunaren) apostoluak, mundu zabal osoa beren txoko edo jaioterritzat daukatenak edo, bestela esan, mundu osoa beren txokoaren pare bihurtu nahi luketen kosmopolita, intemazionalista eta mixiolariak.
Errosario honen misterio jeneraletatik gatozen partikularretara. Guk ezin esan belarrimotx, hezurbeltz, aurpegiberde; guk maitatu egin behar kastillanoen muturje goragalezkoa ere (kastillanak ez ditut sartzen: horretan sexista naiz eta gustagarri egiten zaizkit txit). Baina nor gara gu? Ba gu gara borondate txarreko razistentzat putovasco, borondaterik gabeko razistentzat cashero, eta borondate oneko razistentzat oso euskaldun edo euskaldunegiak garenak. Aditzen? Antirrazismoa autofobia da. Kontuz. SOS.
Jatorria: Euskaldunon Egunkaria
Gaiak: xenofobia Euskalduntasuna identitatea
Etiketak · Hitz gakoak:

