1995-04-23
idatzi mota: Iritzi zutabea
Aberriak
BADAKIT lehengo igandeko kontuak diruditela, baina ezin asmaturik nabil nola adierazi edo konpreniaraziko niokeen nik eusko abertzale zintzo bati, zerako zera hauxe: ez dudala ama (?) Euskadi maite eta ikurriña are gutxiago (gobernadorearen bulegoan sartu zutenetik surtan ikusiko nituzkeen banderen sailean dago), ‘gure herria’, ‘herri honen Historia, eskubideak, borondatea...’ eta horien gisako erretolika moduak hotz eta arrotz egiten zaizkidala, aingeruen klitoriari edo Materiaren osagaiei buruzko disputa teolojikoak bezain arrotz edo hortxe nonbait.
Eta, hala ere, ez dut nik, progreñi informatuek egin ohi zuten bezala, ‘abertzaletasuna gainditu’: guztiz alde erantzira, abertzaletasunak gainditu nau ni, aspalditxo gainditu ninduen. Gehiago zen ni baino, eta ni berriz, motzegia edo itsuegia abertzaletasunak galdegiten duen ikuspegi historiko-nazionalaz jabetzeko, eta, beharbada euskaldunegia ere bai, hezurbeltz gainzurituen neurrira egindako dotrina horri bihotzez loturik irauteko.
Abertzaleek nahi duten krixto esango dute, baina begien bistakoa da aita (?) Espainia dela nere aberri bakarra: hura da soldaduskarako (alferrik) deitu ninduena, eta berea da soinean (Nortasunaren bortxaz) daramadan bandera bakarra. Nik ez diot Espainiari, ustezko eufemismoz, Estatua deitzen; ez: nik, uzten didatenean, Putaespanya deitzen diot. Horixe da nere aberria eta ez dut besterik nahi: daukadan bakar hori errotik gorrotatzen (eta, zailagoa dena, mila puskatan desegiten) eta beraz, abertzale ez baina aberri-kalte izaten, badut galtzak eta galtzapekoak bete lan. Gaurko purrustada honekin, dudarik ez, izar berri bat piztutzera noa Euskal Herriko zeru gainean.
Jatorria: Euskaldunon Egunkaria
Gaiak: abertzaletasuna identitatea Euskal Herria
Etiketak · Hitz gakoak:

