1995-10-08
idatzi mota: Iritzi artikulua
Kaskanazi
FEDABIDEEN lanik aluenetakoa izaten da kontutxo ñañoak galanki gizendu eta komeria haundienak ixilik pasatzea. Polizia onaren osagarri ‘gaizto’ besterik ez diren skinhead kaskanazien azioak lekuko: izango da haien pikardi latzak nozitutakorik, baina latzagoa, barrenagokoa da bizi gaituen munduak nazien eskolari zor diona.
Hementxe bota nuen behin nola izan ziren naziak garbitzaile, garbizale eta garbijale: eginahalean sartu zuten dieta ‘naturala’ platerean; Reich-eko Ogi Integralaren Batzordeak ogi zuri ‘kimikaduna’ borrokatu zuen gogotik; ur-zale eta barazkijale ziren gehienak. Hitler bera aurrena; Homeopatia bultzatu zuten; jinasia berriz, eguneroko ogi beltza bezain beharra... Osasuna asmatu zuten haiek berri-berritik, umorerik gabeko osasuna, zeinaren arabera pertsonari komeni zaiona ez baita gorputzak eskatzen diona, baizik-eta deusik ere ez eskatzera ohitu den gorputzarentzat dena dakitenek agindurik daukatena. Natura babesten ere erakutsi ziguten, eta ez Aurreraminaren kontra (autobideen sare europanoa nazien ametsa zen), baina negargarrizko ekolojismo pedante baten mende: naturtegi zainduak, Zientziak gal-hurren deklaratutako naturgauzak salbatzea, animalien biziebakitzea zigortzeko gizonak bizirik ebakitzea... Gaztedi eder sano jatorra maite zuten, antolatua, helburuduna, «lege natural eta organikoen araberako pentsaera» gidari. Eta azkenik, heil!, mendigintza nazioriala: mutil bikain-aurkiak malkarretan gora penatzen, gailurrak ‘egiten’ (aspaldian eginak zeudenik ez jakin), Herri Oso Bat mendi gorenetara hegaldarazten, malkarretan behera amiltzen, ohore handiz hiltzen; naziek jakin zuten aurrena espedizio banderadun batean hiltzea Herriagatik bizia ematea ainakoa zela. Heil!

