1995-03-26
idatzi mota: Iritzi zutabea
Arrakasta
Lehengo batean irakurtzen nion exekutibo handikiren bati (ekonomia, politika edo kultur gauzetakoa zen ezin gogoratu), zera, giza-goitar arraza horri maiz ahotik darion lantua: «hemengo gaitza zein den nahi duzue aditu?: besteren arrakastarik ezin sofritu». Ahapaldi ebakigarri horretxekin egiten da beti pertsona arrakastosoa azken hitzaren jabe; eta jakina, azkena ixiltzen denak arrazoi: halaxe uste dute horiek, lehengo bertsolari zaharren antzera.
Desarrazoi horri muturra bihurritzeko atrebentzia hartzen dudalarik, bada, deklaratzen dut ‘hemengo gaitza’ ez dela hemen hauetakoa, baizik hemen guztietako izurri osasungarria; arrakastosoaren ezaugarriak direla ezarian eta ohartu gabe idiotatzea, ustez neurrigabeko balioa izanik ere bere burua prezio jakin batean saltzen asmatzea, edozer gauza irentsiaren poderioz ia erabat soraiotua bukatzea, zerbait gogoangarria esateko ahoa zabaltzen dtien aldioro bere burua negargarri uztea; nola den arrakastosoa komunzki bi eratakoa: edo ‘tonto enterua’ edo ‘listo pasaua’ eta nola, halakoa izateko, berezkoa eta jaiotzezkoa behar duen izan; arrakastosoa arrakastatik ezagutzen dela eta ez (musikero promozionatuak salbu) beste ezertatik, eginetik ez baina izan-izenetik; eta, azkenik, aspaldi itzalitako izar gezur-argiduna dela haren antz handiena duen sorkaria.
Herriak, bere izaera kontraesanezkoari dagokion bezala, egun batean gurtu egiten ditu jainko ttikiak, eta hurrengoan, lotsagabe-aldi duenean, egurtu, eta ahal badu, burutik behera kaka egin. Barkatu ez ordea; herriak ez dio arrakastosoari barkatzen, baina kontuz, are gutxiago barkatzen dio nahi-ta-ezinezkoari, arrakastosoaren inbiritan ezin hilez bizi den gaixoari, hari beltzuri eginez bere ezina zuritu nahi lukeen errukarriari.
Arrakasta herriaren kontrako bekatua da.

