logoa

1995-07-30

idatzi mota: Iritzi zutabea

Maalena

Andre bekatari saindua. Hitzez enpaztuko dut aurtengo maalenarik probatu ez izana.

Errenteiya da herri bat txit aurreratua: industrilki, politikoki (aspalditxo!) sexolojikoki, afterpunki... Hala zioen Goiko Kalean jaiotako Zabaletak: «Parisa bañon aundiyago da / urte gutxi barrun!».

Baina ba al da oraintxe Errenteirik?; bizi al da Errentiya? Badira Bizkaian Errenteije eta Errentexa, baina beste Parix-txiki horretan, gelditzen al da errentiarrik, bere herriaren izen gogor hori lotsaz saldu ez duenik (lehenago ‘Errenderi-rekin’ beraxtu nahi izan zuten), kastillanoen oldarrari errentarik pagatzen ez dion egoskogorrik? Kastillano jende horretan badira bi azpi-arraza: bata, español garbia, ‘Rentería’ gailen jarri zuena; bestea da vasco-español trabestia, ‘Oreréta’ parregarri hori sekulako afanean sartu eta kristo guztiari pegatxi arteko onik ez duena. Azken kasta honek (kontu gero!) badaki tarteka euskaldun plantak egiten eta post-euskara bikoiztu patetikoz hala-moduzko jardun bat edo beste lardaxten. Ez dakiena da: (a) ‘Oreréta’, azentua lekuko, ez dela euskara, ez duelakoz euskaldunaren aho-mihirik gozabetetzen; (b) Akademiaren onespena zapelaitzen batek Mikelazuloko Belearen gorpu deseginari sartu nahi izan dion ziri mendekoxoa besterik ez dela; (c) nere moduko koittaduentzat (jendaila euskalkume casheroarentzat) izena hitza era badela, bihotz-belarrietan jauzkari bizi dena, eta ez tema soila, kontzientzia ustela (‘nazionala’) garbitzeko eusko-kutixi merkea; eta (d), ongi pentsaturik, ‘Oreréta’ hori ez dela gaizki heldu Errenti zenaren epitafio likidazionista moduan.

Ez dudala deus ulertzen esango didate, eta egia: ez dut deus ulertzen. Festan argitu ez naizelako, segurutik.

< atzera