logoa

1992-01-05

idatzi mota: Zuzendariari

Astapetrala goxoki mintzo

Eta berandu, halabeharrez. Etimologia gauza antzua eta tristea da oso, eta jendeari batere axola ez diona berez: Etimologia Zientifikoa edo jakiundezkoa esan nahi dut, bai baitu kidetasunik aski exekutiboek eta politikoek (boto-biltzaileek bezanbat boto-emaileek) egiten duten politikarekin: oroz gainetik Legea aintzakotzat hartu eta haren mendean errenditu, «Gauzak (hitzak) ez dira nolanahi aldatzen» ikurpean. Gatozen asto-gainera, bazterrak aspertzen segitzera; hau dio Legeak: astoaren euskal izenari atera zaizkion etimologien artean zuzen, taxuzko eta daitekeen bakarra Azkuerena da, beste guztiak, eta asinus buruenik, ezinkizun dira euskal lege fonetikoen dekretuz eta debekuz; (jarraitzen du Legeak, are pedantekiago:) gauza bat da analogia, antz hutsa, eta bestea homologia, jatorri berekoak izatea, antzarekin ala gabe; (Legea bere buruaz mintzo:) ez dio Legeak —are gutxiago arrazoiak— batere beldurrik ez bi, ez lau eta ez hamaika mila katedratikoren iritziari, nola-ta ezinari muturra bihurritzeko moduko komeria harrigarriren bat egiten ez duten. Baina aski da Legeaz: beude solas lehorrak. Bada beste etimologia klase bat, Etimologia Politikoa izendatzera ausartuko garena, jendeagan erasan gehixeago izan ohi duena: hemen pasioak agintzen du, sentimenduak; iritziak baino gehiago oponioak. Bazter uzten dut orain Etimologia Poetikoa. guztietan ederrena; badakizu: Errezil = errez hil (eta nekez hil), eta gainerako hotsezko jakintza guztia.

Etimologia Politikoa zen Larramendirena, euskaldunen hizkuntzatxo urrikalgarriari beldurrak eta konplexuak aienatzeko bikainki asmatua. Eta nork ez dio Etimologia Politikoaren aztarrenik hartuko astoaren gainean hasi, eta asto-gainetik jeisterakoan, horren azken beltz eta erremate xitalarekin bukatzen den solasari?, giputx-euskaldun sineskor guztiak harri eta zur (eta buru-makur) uzteko bestetarako ez denari?, konplexuaren gaitza sendatzeko aitzakian konplexua ereitera datorren ahapaldiari?

Berriketa eta anekdota hutsa ornen zen guztia; horixe da ordea, besteak beste, benetako politikaren (eta, jakina, benetako psikoanalisiaren) antzea: handi-itxurakoaren ezereza erakustea, huts, izkutu eta hutsal dirudienaren azaleratzea. Bada-ezpada diot esaten dudan gauza bakarra dela, gehienez ere, Etimologia Politiko eta orobat Politika konplexu-sortzaile baten eitea zuela harako hark, egilearen gogoz ala —aski segur— gogoz kontra.

Gauza batean bederen hizpidean dago nere disputa-laguna: honako honen petralkeria, gizalegerik eza eta pozoi hondatzailea aipatzen dituenean; baina, bidenabar, ez legoke gaizki esplikatzen saiatzea Bilintxek Domingo Kanpañaren kontra ixuritako pozoi hura bezalakoek zergatik ez duten bertsotan umorerik garrazten baina debekaturik dauden bestelako hizketan. Gure erretolika erremindu honek astoaren ezin-bizian zuen, gezurra badirudi ere, bere lehen iturburua, gero tema bihurtutako gaia: astoen bakandu behar tristea edertzeko asmatzen hasi diren asto-txokoak, gure arteko euskal-txokoen antzera. Betoz astoak eta euskara txokotik zabalera; eta bizi bitez Iraola, Segurola eta gainontzeko Astaola guztien jardun tristeen gainetik.

< atzera