1996-05-04
idatzi mota: Iritzi artikulua
‘Puta’
Orain-hurrengo batean, ari ginela, ari ginela... hor non botatzen didan besteak: «ni puta nauk»; eta zergatik, eta edozeinekin asko, ondo, luze eta gozo jotzea omen delako bere kutixia. Esan nion: gauza bat dela puta, eta beste bat dela, guk esaten dugun bezala, zalea. Putak ez du bere gogoz larrurik jotzen (zerbitzu bat da: hartuak emana zor), baina zaleak bai, eta gau-egunen ordu guztiak jo-ta-sutan blai eginda pasako balitu ere, ezin deituko diogu sekula puta, zeren puta den bakar-bakarrik dirutan saltzen dena (eta ezkon-puta komeni da gehitzea— ezkon-betebeharra edo zerbitzua zor duena: kontratu edo ezkon-tratu baten mende daude biak ere). Zaleari puta esatea eta hala dela sinestaraztea emakumeen kontrako tranpa zikina da eta izenik ez duen krimena. Eta gainera, zein da gizaputanga garestienek (standing goreneko puta-ar exekutibo saldu-errexek) kudeatutako gizarte hau, eme alai larrujole amultsu bati puta esateko? Zein, kreditua edo sinestea irabazteagatik bere burua Bankuari saltzen, eta, kirolari sunormalen gisan, «ni profesional bat naiz» esaten ikasitako giza-galduen mundu erabat prostifikatu hau? Esaldi horrek, bistan da, «ni puta bat naiz» esan nahi du zintzo itzulirik: puta, eta ez zale eta ez amateur amorezko... eta honekin lehengora bihurtzen zait gogoa; ari ginela, ari ginela...

