logoa

1997-05-03

idatzi mota: Iritzi artikulua

Barkatu baina...

Nik uste nuen barkatu, apaizek egiten zuten gauza zela. Gerora jakin nuen lagunek eta etsaiek ere barkatu egiten zutela, eta krixto guztiak krixto guztiari barkatzen zekiela, eta ikasi nuen barkatzea eta barkamena eskatzea norbera ongi eta gixon gelditzeko modu seguruak zirela. Eta barkatu, baina... nik ez dut barkatzen. Eta ez dut barkatzen, ez dudalako sekula jakin (gaur arte) zer den barkatzea, zer esan nahi duen barkatu horrek. Nik tankera puskat hartzen nion, konparazio hatera, zorrak barkatzeari, edo bizia barkatzeari, eta baita ez barkatzeari berari ere, baina barkatze soila, objeturik gabeko barkatze hori gauza helduleku gabea eta hutsegia egiten zitzaidan parte onekoa izateko. Baina joan den egun hauetako barkatze eta barkamen eskatze publikoek (alemanek Gernikari, ustezko hiltzaile baten aitak hildakoen etxekoei, Aita Santuak ez dakit nori...) argi ttiki bat piztu didate, J.L. Austin-en How to do things with words hura ekarri didate gogora, eta ohartu naiz barkatzen dizut esatea dela, Austin-en hitzetan, esakune performatibo bat, hau da, esan-eginak gauza bat eta bera izatea (esanaz kanpora ez dagoela inolako egiterik alegia), eta beraz, barkatzea ez dela barkatzen dizut esatea besterik, barkatu hitza erabili dela jakitea besterik (terrorismoa kondenatzea kondenatu aditza erabiltzea besterik ez zen bezalaxe). Horrelakoxe gauza putza da barkatze kontu hori guztia, egin nahi eta esan ezinezko imintzio ustel bat. Baina ahaztea ez da barkatzea, eta eskerrak horri.

< atzera

Jatorria: Euskaldunon Egunkaria

Lotura: https://www.berria.eus/hemeroteka/egunkaria/?u=1997&h=05&e=03&bilatu=alea&orridata=19970503&ikusi=003

Copyright mota:

Gaiak: ahaztura

Etiketak · Hitz gakoak: