logoa

1999-06-30

idatzi mota: Iritzi artikulua

Mater democratica

Joan dira aurtengo hautes-festak ere etorritako bidetik. Kontatu dira bozak, iritziak eta oponioak, han nonbait, eta estatuak (edo estatu-gaiak), kontinenteak, udalak, hiriburuak eta probintziak ikusmiran dauzkan Begiren batek. Kontatu bai, baina ez arrazoirik neurtu edo pisatu, hori ez baitago numerotan egiterik, eta are gutxiago giza-tamaina naturalaz goragoko barruti horietan. Ezin ahaztu gainera guk, lehengo hark esan zuena: «batek mila balio eta milak batere ez».

Denek irabazi dute, denek maite baitute eta errespetatzen gehiengoa, eta gehiengoak beti irabazten du, erremedio gabe. Parte hartzen duena ere gehiengoa da: Jaunaren artaldeko ardirik gehienak, baita ardi beltzak ere, eta ardi muturtxuri eta muturgorriak, otxanak eta otxanagoak, zakurraren maitale zahar eta berriak: ardi galduak ez beste guztiek etsitzen dute azkenean Bertangoxoneko Bordan.

Betikoa da hori, ageri-agerikoa. Baina hauteskunde egunen irudirik leialena, beteena, esanahi handikoena beste bat da, nere iritzirako. Bada, izan ere, irudi bat, argazki bat, fedabideek hauteskundeen biharamunean ia hutsik egin gabe atera ohi dutena, baxter batean badaezpadare, irakurleak, datu serioekin nazkatu ondoren, arnasa pixkat har dezan eta bere kasa irrifarre ergela egin dezan jartzen dutena . Delako argazki horretan emakume gajo batzuk azaltzen dira, antigoaleko modako uniforme batek estaliak; botoa botatzera doaz edo botatzetik datoz edo botatzen ari dira; fedeak bizi ditu eta fedez argituriko aurpegikera distirazko eta do hatsu bezain patetiko batekin begiratzen diote kalean ezagutu duten politikotzar edo politikofioari, errespetoz eta miresmenez; Jaun baten mirabeak dira, putak edo etxeko andreak gizon-gizon batenak diren bezala, baina beste era batera; amak, ahizpak edo alabak dira, eta Gorputz Mistikoren baten adoratzaileak; uniformearen jabe egiterakoan obedimentu eta mendekotasunezko boto itsua egin behar izan zuten, garbitasun eta pobretasun espiritualari dagokionaz gainera; aparteko etxe batzuetan bizitzen dira, eta batzuk ia itxitura osoan, mundura gehiegi atera gabe, inguruko jendearekin kutsatu gabe, haietaz deus jakin gabe, baina giza-mordo guztiarekin birtualki bat eginik Fedezko Sare Telematikoaren bitartez; bai, jaunak: Sor Sufrajio eta bere alabak dira, mojatxoak dira, hauteskundeen biharamunean ia behinere hutsik egin gabe fedabideetako argazkiren batean ateratzen dituztenak... eta zerbaitegatik izango da, ezta? Nik esango nuke bere buruaren egiazko karikatura dela boto-emaile arruntak argazki horietan ikusten duena, erdi oharkabean eta sinetsi nahi ezta bezala. Baina badakigu zein den fedabideen lan gaiztoa: hutsak puztu (ezerezaren mozorroen errepikatze etengabea puztu) eta putzik handienak hustu edo menoxtu. Mojatxo boto-emaileen argazkiak aurreneko orrian behar luke, erdi-erdian; hauteskundeak antolatzen dituen Barne Ministerioaren propagandan ere mojatxoen argazkiak behar luke. Haietxek dira boto-emailearen paradigma eta ispilurik garbiena. Estatuak konsagratutako papertxo bana eskuan dutela.

Klausurako mojak ez dira tuntunak; badakite noiz atera komentu zulotik, eta badakite zeinen erraz eta gozo uztartzen diren komentuko itsumen fedezkoa eta hauteskunde egunetakoa . Komentu barruko bizimoduaren antzik handiena, orduantxe du munduak.

< atzera

Jatorria: Euskaldunon Egunkaria

Lotura: https://www.berria.eus/hemeroteka/egunkaria/?u=1999&h=06&e=30&bilatu=alea&orridata=19990630&ikusi=003

Copyright mota:

Gaiak: politika

Etiketak · Hitz gakoak: