1998-09-26
idatzi mota: Iritzi artikulua
Oi lur!
Zintzoaldiak jo nau aldenik-alde, eta behin behar eta, politikaz jardun nahi dut gaur, baina zintzoki, gixonki: politikoek, gurasoek, intelektualek eta bestelako elbarriek jardun ohi duten eran. Nola da hori? Ba, haiek erakusten duten gisan, oinak lurraren gainean landatuak ditugula, buruan pantasiari lekurik eman gabe. Errealismozko ariketa batek ez zidak behingoagatik kalterik egingo —esan dut neure artean.
Zeru guztiei goregi iritzirik beraz, lurraren gainean jarriko naiz. Ederki. Baina..., nola egiten da hori? Zer esan nahi du lurraren gainean horrek errealistentzat? Xotil-xotil egiten dut galdera: zer da lurra? Eta izpiritu elbarri guztiek egiten dutena egingo dut nik ere, hau da, hiztegira jo; banoa beraz Euskal Hiztegia deritzan hiztegira, eta hona zer irakurtzen dudan lehenbiziko (eta beraz, oinarrizko) adieran: «Bizi garen planeta, Eguzki sistemako hirugarrena». Banekien zientzilarientzat, astronautentzat eta mundu zabaleko erdikalean bizi direla uste duten mixiolari edo internazionalistentzat, lurra planeta zela eta ez besterik, den-denok senidetzen gaituen bizitoki globala; orain badakit nere lankide hiztegigileentzat ere hala dela. Bai, baina hori oso gauza hotza da, ezta? —esaten dit nere barrengo ahots emeak. Bai, lurra hotza da beti batzuentzat, eta adibidez, eguna joan eta eguna etorri, barrenak ardo petralez erreta lur hutsaren gainean lo egin behar duen etxegabearentzat; lurra hotza da hildakoarentzat ere: egunen batean lur hotzak jantziko zaitu betiko, irakurle informatu hori: lur hotza botako dizu muturrera gehiena maite zaituen haretxek, zure heriotzaren biharamunean. (Beltzegi ari naizela? Zer nahi zenuen ba? Beti uste izan dut, eta gaur badakit seguru-seguru hilkutxa, hilobia eta hilerria direla errealismoaren egoitza naturalak.) Lurra lurpea zen hor, satorrarentzat edo zizarearentzat bezalaxe, baina, halamoduzkoa bada ere, badut zuretzat kontsolamenduño bat: zure betirako lur-hartze hori amaren altzora eta sabelera bihurtzea bezala izango da; oroit zaite lurra Ama Lurra dela folkloristentzat eta ekolojistentzat, beste izenez Natura deitzen duten zerako zera hori.
Eta zer da lurra kimikoarentzat?, edo lurjabearentzat?, edo mendizalearentzat? Ba, hutsaren pareko zera batzuk: karbonoa, dirua, desnibela edo denbora bezalako abstrakzioak. Goazen aurrera. Eta poetentzat? Ezinbestean, lur gozoa, lur eztia, lur maitea, lur emea eta horrelakoak datozkigu belarrira aurren-aurrenik, nik uste; lur beltza, gorria, arina, gizena eta antzekoak baino lehenago bai bederen, eta zerbaitegatik Izango da. Perurena batentzat, berriz, lurra, hemengoa edo gurea, zakarra eta arra da, eta ez jakin lixardikume marikonduei kontra egite hutsagatik esana izango duen edo zinez halaxe sentitzen duelako. Letek kantuz esanik dakigu, bestalde, lurtasuna zabarra dela txori hegalariarentzat. Arestik, ostera, esan liteke maiteago zuela harria lurra baino; lurrari tranpa gehitxo ikusten nonbait, edo beharbada, lur gorria bera baino gorriago, biluziago eta ezago kausitzen harria.
Iritzi zabalduenaren arabera, nekazaria da hemen eta nonahi lurretik gertuena bizi den giza-klasea. Gure moduko kalezulotar ipurtxurien irudipena izaten da nekazaria lurrarekin halako batasun mistiko goxo batean bizitzen dela, hark duela lurra zinez maite eta hark dakiela benetan lurraren berri. Uste horren usteltasunaren frogagarri, hona, beste askoren artetik, Damaso Inzak Nafarroan jasotako bi esanera: Lurra baño falsugoa aiz (Lizarragan), eta: Aitzeki-maitzeki, lurre baño ustelagoa aiz i (Ultzaman). Eman egin behar zaio, izan ere, lurrari; opa egin behar, gero zerbait kenduko bazaio, eta horregatik da lurra faltsua eta ustela nekazariarentzat. Baina lasai: aspaldi erakutsi ziguten baserritarra negarti hutsa dela, eta ez dela sobera fidatu behar haren hitzetan.
Lurraren beste agerkera gezurrezko bat da «gure bazterrak» dei genezakeena, hots: aurkintza, parajea, paisajea, argazkia; sasoi bateko paisajistek ikusi uste zuten natura-puska apaingarri huts bihurtua; Lizardik bultzi-leiotik ikusten zuen irudipen hura bera; gizabanakoen gehiengo lurbesteratuak autobideetako begiratokietatik edo telebistako dokumentaletan harrimenez begiztatzen dituen «gune» natural ikusgarriak (uaaaah!). Begi itsuak dira ikusgarri hutsera errenditutako begiak.
Oinak lurraren gainean nituela jardun nahi nuen behingoz, eta nondik nora nabilen ez dakidala gelditu naiz. Ez dakigu zer den lurra: horixe da ikasi dudan gauza bakarra.
Baina gizon jakintien lasaitasunerako, bada modu bat lurra zer den jakiteko; bada modu gezurrezko bat, lurraren gainean ari garelarik istiletan hondatu gabe urrats ustez sendoa egiteko, eta modu engainagarri hori da lurra Lurralde bihurtzea. Hori badakigu edo, hobeki esanda, badakite zer den «zehazki». Exekutibo batek, teknikari goitar batek badaki zer den Lurraldea, eta harekin edozer gauza egin dezake kasik, eta jakinaren gainean. Lurraldea antolatu egiten da, eta garatu, eta planifikatu. Berdin dio Lurraldearen izenean lurra, lur-gaina eta lurpea hustu, zulatu, itzulipurdikatu, desegin edo txikitzen badira ere; berdin dio Lurraldea lurraren etsai handiena izanda ere.
Eta Estatuak (eta nazionalismoak) ere badaki zer den Lurraldea (eta lurraldekizuna edo lurraldetasuna). Ez dago Estaturik (edo nazionalismorik) lurralderik gabe minutu bakar batez iraun dezakeenik. Mapa da, militarren jakinduriak asmatutako zera hori, Estatuarentzat (eta nazionalismoarentzat) gauza beharrena; Hexagonoa eta Larru Beteko Zezena (edo Zazpiak Bat) dira, hurbilenekoak aipatzeagatik, maisuak eskolan (edo andereñoak ikastolan) erakutsi eta sinetsarazi beharreko abstrakzioak, ezin bizizko idealizazioak. Ohartxo bat: Estatuak (edo nazionalismoak), konparazio batera, Espainiako lurra (edo euskal/eusko lurra) dioelarik, hor tranpa garbi-garbia dago; hor lur hitzak ez du lurraldea besterik esan nahi.
Eta beste ohartxo bat, Azken Orduko zeretaraino irristatzen garelarik: dakitenek diotenez, Irailaren 18az geroz, Eszenatoki (Antzeztoki, Antzerkileku) Berria zabaldu omen da politikoen zirkuan, hemen, gure lur honetan. Baina hemen, behe-alde honetan, lurretik gertueneko paraje hauetan, beraiek nahi bezala oinak lurraren gainean ditugularik, nere sentimentua nahi dut deklaratu: ez Lurraldean sinesten dugu (handiago eta nekezago), eta ez lurra zer den dakigu. Dena dakitenen kontra, lurraren beraren ezjakintasunak bizi gaitu. Zer egingo diogu ba?

