logoa

1991-06-27

idatzi mota: Iritzi artikulua

Iya Berorrenak egin du (Espainiari, atsekabean aringarri)

Harriduraz eta espantuz jaso nuen, jaun ala andrea (ez baitut oraingoz Berorren sexuan muturrik sartu), azken berri sonatua: Espainiak ñ galtzen zuela edo gal zezakeela bederen, edo galeraz ziezaioketela. Ez nuen uste, bizi gaituzten egunetan, horrelako gauzarik inon irakur zitekeenik; ipuinetako mundu batetik eroritako kontua zirudien, Berorren baitan berean galera, soiltze eta gabetze benazko bat gertatu balitz bezala aditu behar zela baitzirudien; edo, hobeki mintza, ez baitzen behar bezain garbi gelditzen zein alderdiri, izanari ala izen soilari zatxekion hondamendi horren muina. Berorrek ere, neri iruditu, lanik asko izango du bere buruari eta bere eritasunari antzematen.

Nik ez nuke —sinista biezat— Berorren minarekin atseginik hartu nahi, ez eta Berorren oinazerik areagotu. Arren, andrea (ai! banekien nik... España Una eta Mi querida Españaren pisua nagusituko zela), egin beza mesede bertatik jabetzea Berorren izaeraz eta egungo munduan izan dezakeen egoeraz aritzerakoan pintura ilun xamarra ateratzen bada, gauzen ezinbesteak hartaraturik dela eta ez, inola ere, nere Berorrenganako gorrotoz edo mendekuz.

Bada, esan nahi nioke, ausardia neurrigabea izanik ere, desengainuzko hitzen bat edo beste, kontseiluño zenbait agian, Berorren atsekabean aringarri izan daitezen, eta jakin beza, Berorren agintearen eta itzalaren azpian, euskalduntasunera sortu izanak ematen didala delako ausardia hori hartzeko eskua eta eskarmetua.

Zertarako gezurretan ibili, andere handi?: istilu larrian sartua ikusten dut, kontraesanaren gaitzak joa, eta hori lagun txarra du oso Berori bezalako izaki biribil batek. Etsai zakarrak atera zaizkio bidera: izan daitezkeen zakarrenak, menturaz; Berorrek besarkatu zituen ideia eta sinismen sakratuak, Berorren aginpide, nortasun eta batasuna, hots, Berorren izatearen beraren berme eta irozgarritzat erabilitako mamuak, Berorren azpiko jendalde atzerazale, txoko-maitale, gogo-itxidun, fanatiko eta Historiaren orrialde iraganetan geldituei hainbeste kostata irentseraziak, orain, esker gaiztoz bezala, zer duk eta, kontra, aurkari eta etsai dituela? Berorren zerbitzariek —ahulagoen kontra— hain gogoz eta amorruz jaurtiki ohi zuten harria, beren buruen eta Berorren kontra?

Etsai gogorrak, bai, ezin bentzutuzkoak Berorrentzat —alferrik esango diot gezurra—, indartsuenak, gaurkoenak: Diruaren antzinako erregetza sendotzen duten Kapitalaren lege zientifikoak eta Askatasunaren hastapen sakratuak elkar harturik, hots, Jainkoaren aurpegi berria, Errealitatearen azken formulazioa, Egia bera, inork nekez muturra bihurrituko dion egia.

Hona paperkarietan Berorren etsaiak, edo hobeki, etsai bihurtu zaion lagunak darabilen bataio-izena: Merkatalgoen Zirkulazio Askea, ñ letra eta, beraz, Berorren izena eta, gerora, izana bera suntsi ditzakeena. Ez daukadala arrazoirik batere horrela mintzatzeko, gauzak hanpatzen eta bere onetik ateratzen ari naizela esango dit agian; besterik gabe ikaratu eta mindu egin nahi dudala..., ordenadoreen tekladu bateko gora-behera xixtrin batek ez diezaiokeela Nazio oso bati arramaskarik ere egin. —Bai, litekeena, baina har beza Berorrek kontu hau alde erantzira: Nazio oso batek bere hizkuntzatzat hautetsi duenarentzat legez ezarritako alfabetoari bere osotasunean ezin eutsi badio egungo (eta etorkizuneko) idazmakina boteretsuenetan eta beren programa eta fitxeroetan..., bestela esan, letra koxkor bati ezin eutsi badio dagokion teklaren gainean... Eta ez biezat erantzun ordenadoreetan bakanik gertatzen bada, gaitzerdi eta hainbesterainokoa ez dela: geldi bedi ixtant batez pentsatzen ia non eta nola idazten den maizenik, eguna joan eta eguna etorri, Berorren izen jator pollit ñ-dun hori.

Lehen ere esan diot, ahulagoen kontra erabilitako arrazoiak orain Berorren kontra, eta hagitz bortizkiago, agertu direla; baina, zein ere den hau larri eta deitoragarri, bada Berorrentzat larriagorik: betiko txiki-jende ahul eta galtzaile izaten ohituaren arrazoi pattal eta indargabeak erabiltzen hasi baita orain Berori bere burua defendatzeko. Eta hementxe ikusten diot nik ahuleziaren seinalerik ageriena, ezintasunaren piura tristea. Eta ez beza ahantz gai honetan honako honek Berorren aldean jakitate, ezagutza eta eskarmentua gainez duela, besteak beste izkribu hau idatzia dagoen hizkuntzatxo urrikalgarriaren ume sortu izanak ematen duena.

Esan dezagun, bada: Berorien alfabetoari, ñ eta guzti (gureak ere badu letratxo hori, baina gu ohiturik gaude burua makurtzera, eta gainera ez dugu hain premiazko: begira bestela zenbatetan ageri den erabilia izkribu honetan), eutsi eta iraunerazi nahi izatea nazionalismo izenaren azpira nola erori den; nazionalismo industriala eta kulturala, ñ letratxoa ikurrintzat duela, horrela mintzatu dira bazterretan: txokokeria, ikuste motxeko berekoikeria atzeratua, egungo errealitateari eta, beraz, Historiari bizkarra emanda gelditzekotan dena; dakienak daki eta dakienak esaten dio martxa txarra dela hori eta atarramentu exkaxa datorkiokeela hortik Berorri. Gainera, Berorren zerbitzarietan, Industriaren arlokoak berehala ikaratu eta erdi-mututu dira, eta Kulturaren barrutiko arazo izanez bukatuko dela dirudi hau guztia; adi beza ongi: kultur arazotxo soil eta ez besterik, idazle, literato, kazetari, kultur-gizon, akademiko (erdaltzain) eta gainerako gizontxo ahul eta erdi-ikasien esku gelditzekoa gainera, zeina hanbat baita nola gudua galdutzat ematea, jokatzen hasi baino lehenago. Eta ez bedi asalda bere zerbitzaritxoen kontra: zer zezaketen hauek guziak elkar harturik ere, errealitate indarreangoaren lege zientifikoen (eta, beraz, ia naturalen) kontra? Gelditu diren bezain farregarri ez gelditzea behintzat —esango du; eta arrazoi guztiz: ze arrazoi negargarri entzun behar izan ditugu, izan ere? Betidanik entzungor egin zaien txiki-jende galtzailearen arrazoitxo ber-berak, alajaina. Ikus: tradizioa gorde behar dela; nortasun bereziak; hizkuntza eta kultura bakoitzari eta orori eta, orobat, berezitasun nazionalei zor zaien errespetu osoa; hizkuntzari egiten omen zaion ezin-esanezko laido eta erasoa, hizkuntza eta ortografia inozoki nahasiaz horrela, Erdaltzaindiaren agiri ofizialetik beretik hasirik; delako letratxoaren antzinatasun beneragarria, mila urtetik gorakoa, hain juxtu (mesedez!: euskotar milenarismo eta gainerako ismo eroen kontra hainbeste orri bete, eta orain hau?); ez dela bidezko tokian-tokiko ezaugarriak aintzat hartzen ez dituen makina unibertsal baten mende egotea (arren eta arren, berriro: zertan gelditzen da orduan zenbaiti etengabe saldu eta irentserazi nahi dizkiozuen unibertsaltasun, irekitasun eta gainerakoak?)... Gauzak honela ikusita, honuzkero nere herritar euskaldunen bati gogoak eman izango dio nagusi europeanoengana kontakatilu moduan joan eta kontu hauek guziak belarriko xulora salatzeko, txikiei ukatu eta hori berori handiagoei eskatu egiten dutela Beroriek, kasurik egiterik ere ez dutela merezi etab., etab. Eta are gogorkiago etab.

Hau gabe ere, ordea, Berorren defendatzaile eta zerbitzariek erakutsi duten trakestasuna eta ezgaitasuna, nola esango nioke, ezjakintasun eta arkaikotasun irudiak ere ez zait iruditzen mesede askorik egiten dionik Berorri. Errealitatearen (ekonomiaren, merkatuaren...) eta bere legeekiko ezagutza motza erakusten du nagusi aurreratuen aurrean aldarrikatzen duenak interes komertzialik ezin jar daitekeela hizkuntza baten gainetik; edo ia zergatik gutxitu behar diren makinetako teklak, eta ez ote den logikoagoa eta errazagoa gutxitu beharrean gehitzea eta ugaltzea, eta horrela ordenadoreak geroago eta osoagoak eta hobeak egingo liratekeela; izan ere, aizu, Aurrerapena, Garapena eta horiek ez al zuten esan nahi gauzak gero eta hobeak izango zirela? hori zen, ezta?; hala esplikatu ziguten guri behintzat: ez etorri orain adarra jotzera, eh? ia ba... Baina beude inuxentekeriak: hitza bestera.

Eta hitzak eta hizpideak ekarri naute serioski duda egitera ia benetan norbaiti, benazko izaki erreal bati, mintzatzen ari natzaion ala irudipenezko mamu itzali eta desagerturen bati. Barkatuko dit zalantza hau, baina susmoak hartu nau ez ote naizen ari iraganeko mamu batekin sasi-hizketen eta gezur-hizketen, eta, beraz, desgauzaki, ezizaki edo ezerezki batekin. Ikusiak ikusirik, izan ere, pentsatzen hasia naiz, andrea, ez ote diren gelditu Berori eta Berori bezalakoak iraganaren hondakin arkaiko moduan, edo itzal eta oihartzun soil bezala, edo Berorren zarbitzariena bezalako estatutxoen aldia ez ote den igaroa Historiaren erlojuan: Berori Estatu baten bataio-izena izanik, Estatuaren makroitxura berriaren azpian ez ote den gelditzen aski ezabatua eta ezereztua, beste izen eta izan batzuen mendean, hala nola baitira Mundu Aurreratua edo Kapitalaren Erresuma Batua (oraingoz), Bakarra (gerora).

Gauzak nola diren adierazi nahi izan diot, ondotxo daki Berorrek, andre nahigabetu horrek: ez da Berorrena bakarrik, ikusten duenez, Historiaren tiro-kolpez galdu beharraren ezinbestea, baizik izan-izenean Berorren paretsuan dabiltzan guztiena. Horregatik dator izkribu hau Berorrentzat nolabaiteko aringarri eta kontsolamendu moduan, nahiz hau izan munduak tonto-tuntunentzako juzkatzen duen klasekoa, andre itzalixea.

Agur, bake, goraintzi... eta adio.

*** Oharrak: Ohar batzuk idatzi zituen eskuz egunkariko orriaren gainean, hitz batzuk zuzentzeko. Zuzenketa horiek aintzat hartu ditut jasotako testuan.
< atzera

Jatorria: Euskaldunon Egunkaria

Lotura: https://www.berria.eus/hemeroteka/egunkaria/?u=1991&h=06&e=27&bilatu=alea&orridata=19910627&ikusi=024

Copyright mota:

Gaiak: Izena Espainia

Etiketak · Hitz gakoak: