1992-04-30
idatzi mota: Iritzi artikulua
Gizon, gizarte, gizagaixo
Sexu-borrokaren itxura hartu duen disputa baten minak eta saminak izan dira berrikitan egunkari honen orrietan, hizkuntza bera ere tartean ibili dutelarik. Honako honek ere muturra sartzeko tentazioari ezin eutsi, eta hala ekiten diot prediku honi, muturra behe-behetik sartuaz, hots, hizkuntzatik, ama-hizkuntza, sorgin-hizketa, ahuntz-erdara eta gainerakoak direla bide, eskuarki emetasunetik hurbilago kokatua izan den hizkuntzatik.
Kintanak atera ditu markak eta markarik ezak, eta neronek ere gogoz heltzen diot hari-mutur horri. Jakina denez, edozein hizkuntzaren gramatikan badira oposizio batzuk, zeinetan bi buruetarik bat den markatu gabea eta bestea berriz markatua, halako moldez non bietako bat (markatu gabea) ez baita biak batean direna baizik, beste buruak (markatuak) baduelarik horrezaz gain beste ezaugarri edo bereizgarriren bat, izanik horrela azken hau beste burua dena eta zerbait gehiago.
Har dezagun adibide moduan hizkuntza askotan (gehienetan agian) ezaguna den kontu bat: har ditzagun gaua eta eguna. Bi gauza txit elkarren kontrakoak (eta, aldi berean, elkar osatzen dutenak) diren edo diruditen hauen artean, duda gutxi uste dut egin litekeela ea hor bietarik zein den markatua eta zein gabea. Galdegin diezaiogun geure buruari zerbaiten bi zatiak izatekotan zeren bi zatiak diren, eta egunaren bi zatiak direla aterako zaigu; «egunetik egunera» esaten dugu eta «eguna joan eta eguna etorri», edo «bi egun t'erdi igaro nitxinan hirekin», tartean gaurik ez balego bezala; «egunak 24 ordu ditu» esan behar du eskolan haurrak, abenduan izan ala ekaineko azterketan izan, gau-egunen luze-laburrari ezertan erreparatu gabe. Eguna da, bestela esan, markatu gabea, gau-egunen joanaren neurria eta ordezkaria, eta ez gaua, baduelako honek horrezaz gain, itxura denez, beste bereizgarriren bat egunak ez duena.
Gatozen euskarara, eta Kintanak ere aipatu duen eta giza-gauzetara hurbilduko gaituen euskal aditzera; ez baitu euskarak (askoren zorionerako) genero gramatikalik izenetan, baduelarik ordea aditzean, Sarako Etxeberri mediku famatu hark zioen bezala, «manera izpiritutsu eta artifiziotsu bat», bi sexuak bereizten dituena: hirekin ari naizenean, hirekin ari naizela esateko, «hirekin ari nauk» ala «hirekin ari naun», bietako bat, esanarazten didana. Orain: hiztuna, aurrean duen mintzalagunarekin ari delarik alegiazko beste bat hartzen duenean mintzalagun (aparte moduan, «honek jo ziguk adarra!» edo antzeko zerbait esateko), orduan beti forma k-dunak dira erabiltzen direnak, sekula ez n-dunak, hiztuna izan dadin gizon ala emakume. (Bidenabar, honi dei lekioke agian nor bere buruarekin mintzatzea, buru hori bitan zatitzen delarik noski; ez, ordea, nor bere buruari mintzatzea: hor baitezpada emakumeak noka behar baitu egin, Kintanak besterik uste badu ere.) Hemen, sakoneko gramatika oharkabearen puntu honetan ageri da zein den toka / noka oposizio horretan buru markatua eta zein gabea: biak batean gauza bera izanik («hirekin mintzo»), noka-mintzoak edo emakumearekikoak badu horrezaz gain bereizgarriren bat, toka-mintzoak ez duena; eta hain zuzen bereizgarri hori ez duelako balio du toka-mintzoak alegiazko izaki sexugabe batekin mintzatzeko.
Bada, heldu gara, halabeharrez, gizon eta emakumeetara; eta uste zabalduena da pentsatzea hemen, gizajendearen sexu-erdibitzearen oposizio honetan, gizonak lehen aipaturiko egunari eta toka-mintzoari dagokien lekua hartzen duela, markatu gabearena, eta emakumeak berriz, markatuarena, gauari eta noka-mintzoari gertatzen zaien bezala, baduelarik bereizgarriren bat gizonak (edo gizon-ek) ez duena eta hankabiko zomorroaren ordezkari sexugabe izatea eragozten diona. Hala iritsi izango dira gizaldi, gizalege edo gizarte (ez, guretzat behintzat, giza-arte, gizasemeen konpainia soila dena) sexugabetasunera, eta berebat orainagoko gizadi, gizabide, gizabanako eta gainerako guztiak; halatan igaro izango dira gehienbat gizaki edo gizakume 'gizaseme' esanahia izatetik egun nagusiki dutenera. (Bide batez —eta irrifarrez— esanik, Kintanak Anuntxiri opa dion «emalege» hori, euskaraz zerbait bada edo izan bada, Anuntxiren sexukoek gehienean hilean behin izaten duten odoljarioa da, eta ez besterik.)
Gatozen gizartera eta gizartearen antolamendura. Arestian esandakoaren arabera, beraz, gizona litzateke jende edo gizaki besterik gabe, eta, aldiz, emakumea, jende edo gizaki izateaz gain, hori baino zerbait gehiago da. Zer gehiago? Zer bereizgarri edo marka da hori? Zerbait dute soberan ala zerbait falta dute? Baia ala eza da emetasunaren bandera? Zeren izan liteke agian gizasemea besterik gabe gizaki bilakarazteko gai egiten duen definizio, muga eta itxituraren gabetasuna, gizajendearen ordezkari sexugabearen definiziotik ihes egiteko bidea ematen duena... Eza eta gabea, orduan? Horregatik dira gutxiago? Ala horregatik dira gehiago, itxiturarik ezak aberastenago dituelako? Litekeena. Auskalo.
Har dezagun orain edozein bizimodu edo lanbide: artzain, laborari, langile edo «lanari», irakasle, zuzendari, bertsolari, enpresari, pilotari, politikari, trapezista, intelektual eta beste mila (itsasgizon, elizgizon, plaza-gizon eta horrelakoak bazter utzirik ere), eta egin dezagun kontu horien irudiren bat egin edo pentsatu behar dugula, eta, ofizio horietan emakumeak ere badirelarik, gizon-itxura izango da lehenbizi burura etorriko zaiguna, markarik eta sexurik eza ordezka dezakeenaren itxura. Badira ordea gure gizartean salbuespenak, eta eme-itxura dakarkiguten bizierak eta izaerak; hona batzuk: erregina, serora, puta, (ama)birjina, etxeko-andre, porno-izar, jostun, sorgin, Amodioaren Alderdiko kide, bargazta, matraka, txolin, zanpan, tuntun, bortxatu edo bortxakizun, iñude, haur-zain, telefonista, sare-konpontzaile, komun-garbitzaile edo feminista. Ez dago duda izpirik; horra non harrapatu dugun zorioneko sexismoa, patriarkadua, zapalkuntza, baztertzea edo dena delakoa: gizartearen antolamenduan, eta ez inola ere sexismo eta gainerako ismo guztien azpitik dagoen hizkuntzan. Zer erakusten ziguten hizkuntzak eta gramatikak? Bazuela emakumetasunak, giza-emetasun soilaz landa, beste bereizgarriren bat. Baina ez genekien zer zen: izan zitekeen beste sexuak ez duen zerbait izatea, baina baita beste sexuak duen zerbait ez izatea ere, mugagabetasuna orduan, ez delako beharbada emakumetasuna horren errazki giza-abstrakzio sexugabearen definiziora biltzen ahal... Nork daki? Hobeki esan: dakienak badaki edo jakin ustu du, eta giza-arte den Gizarteak erabakia du bere sorreratik mugagabetasuna mugatzea eta bereizgarria berdintzea, eta baita basoari zer bazter eta mugarri berezi jarriko zitzaion ere: goien aipatu eme-itxura horien eta beste askoren azpian datzan sustrai komuna, hain zuzen.
Begira diezaiogun orain hurbilagotik gizonari. Zer ikusten dugu? Bi gizon, edo hor dagoen gizon hori, edo gizon euskaldun hura, konparazio batera. Edo abstrakzioan maila bat gorago igoaz esan dezakegu, adibidez, gizonak zutik egiten duela pixa; eta, halaz guztiz, ez gara giza-artasunetik atera. Esan ere dezakegu norbait gizon agertu edo gizon portatu dela, eta baita agian, hemen gauzak ilunxeagotzen badira ere, gizonki edo gizontasunez jokatu duela. Ez dago hemen gizon-emakumerik eta ezta, bestalde, pertsonarik ere (hots, ez da honelakoetan pertsona esaten): sexuduna da gizon hau. Baina borondate oneko gizonak hartzen baditugu ahotan, edo gizonak ahotik jaten duela badiogu, gizon sexugabearen abstrakziora igaro gara, hau da, gizon-emakumeez ari gara eta baita pertsonari buruz ere: sexugabe pertsonaduna da gizon hau. Orain: gizona ilargira heldu dela badiogu, ustez ilargia zapaldu zuten gizon (eta gizaseme) banakatxo haiek hainbeste milakaren (gizon eta emakumeren) ordezkari bezala hartzean, abstrakzioaren azken kate-mailaraino heldu gara: sexugabe eta pertsonagabea da gizon hau. Bestela esan, gizon hau Gizona da: Historiaren gizona, Filosofia, Teologia eta Zientziarena, Cromagnon edo Neanderthalen bere buruaren bila ibilia, sua, gurpila, gerra, bakea, lana, dirua, autoa, igande arratsaldea, jakinduria eta pedantekeria, gizartea eta gizalegea asmatu zituena, Jainkoa bezala bakardade sexugabera kondenatua, farre-negarrik ezagutzen ez duena, sentitzen ez duena eta bizi ez dena (esistitu bai), inork ikusi ez duena baina erreala eta are errealitatea bera dena: horra Gizakundearen letania, emakumeari inolaz ere ezin kanta dakiokeena. Gizon hau da, bestalde, emakumearen gaineko nagusitza ezarri duena: hizkuntzaren gramatikak berak aitortzen zion eta Gizonaren letania horien definizio eta itxituratik ihes egiten uzten zion bereizgarria eta mugarik eza Gizonaren nahiaren arabera berdindu, mugatu eta definitzetik etorri zaiona.
Eta zertan ote dira Gizonaren edo gizaseme gizondu sexugabetuaren azpian zebiltzan giza-pertsona haiek, eta bereziki, hauen azpiagoko gizontxo haiek? Goreneko Gizon gizatxar horrek zeharo kutsatu, ezindu eta irentsi al ditu? Ai, gaixoak: ez litzateke harritzekoa. Gaixoak denak, gizon eta emakume, baina gizagaixoak haiek, eta haiek bakarrik. Eta ezin esango da bikainki sortu ez zuenik euskaldunak gizagaixo hitz hori, gizontxoaren gaixotasun berezia izendatzen duena, goiko Gizon gizatxar horrekin berdintzetik heldu zaion gaixotasuna, alegia.
Anai-arreba maiteok: otoitz, erregu edo kontseiluño xume batzuekin bukatu nahi nuke gaurko prediku hau. Utz dezagun, ahal dela, hizkuntza bakean; alfer-alferrik da Gizonaren pedantekeria jasanezinaren antzora hizkuntza eta gramatika bortxatzen hastea; ez du merezi gaixo guztiak gizagaixotzea, Gizonaren Gizakundearen ondoan, parez pare, Gizona bera baino Gizonago izanez, Hark beretzat asmatu zuenaren antz eta irudira moldaturiko Emakumearen Emakunde itxituradun bat sortzea, horrela emakumea besterik gabe Gizon bihurtuz, zenbait giza-feministak, asmo onez baina taktika okerrez, nahi luketen bezala; Gizonari kontra egitea eta Gizona suntsitzea da emakume gaixoak aska ditzakeen eta gizontxo gizagaixoen gaixotasuna senda dezakeen politika bakarra, gizon-emakumeen nahasmenduaren bertutez. Nork daki? Auskalo... Baina, hasteko, ez letorke agian batere gaizki goi-aldeko Emakunde hori Anti-Gizakunde bihurtzea, eta behe-aldeko Emakume Asanbladak, berriz, Gizonaren Aurkako edo, argiago esanik, Gizonaren Suntsipenerako Taldeak. Halabiz.
*** Oharrak: Aurreko asteetan egunkarian izandako eztabaida bati erantzuten dio. Nahi izanez gero, loturak egin litezke Kintanaren eta Aranaren artikuluetara. Karpetan, Kintanak, Aranak eta Agurtzane Juanenak idatzitako sei artikulu dauzka gordeta, berak idatzitakoarekin batera.
