logoa

1995-11-04

idatzi mota: Iritzi artikulua

Zaharrenak

Gerrarik itsusiena anai-artekoa dela diote, baina bistan da huraxe dela denetan ezinbesteko eta naturalena. Haurride zaharrenen etxe-barneko zipaiotzak dakar gerraren hazia, nahiz direla anaia eta nahiz arreba edo ahizpa. (Gure hurko urrunetan ere halatsu, sexurik bereizi gabe: bigantxari ere behi zaharra lotzen zioten, uztarrian ikas zezan). Izan ere, gurasoen lana umeak uztarrirako haztea bada, senideetan zaharrenak izaten dira gehienean uztar-maisu. Hartarakoxe gobernatzen dituzte ume-umetatik aita-amatxo maiteek: «hik behintzat, zaharragoa haizen partetik, egintzak/n esandakoa txintxo, beste txoro horrek eztik/n egingo-ta». Hori da pertsona izorratzea hori! Handik atzera, zaharrenen xuxenbide, prepezio eta sakrifizio, ondo esan/egin/erakutsi behar tristeek ez dute azkenik izango. Urrea balio du haien hitzak merkatu patriarkalean, gaixoak hain dira ereduzko, hain zaie goizdanik ernetzen ordenaren zaintzaile gazte-zahartuaren itxura!

Nekez ikusiko da haien artean zoro garbirik edo poeta zikinik. Lurraren gatza gezatzera jaio ziren mundura, eta azken goxo bana emango bagenie ere, ez dut uste galduan irtengo lukeenik munduak. (Jeneralean ari beharra zegoan hemen eta pena hartzen diat higatik, anaia Joxemari, baina hotzean eta politikoki pentsaturik, beste erremediorik ikusten al diok zuen kontu triste horri?).

< atzera

Jatorria: Euskaldunon Egunkaria

Lotura: https://www.berria.eus/hemeroteka/egunkaria/?u=1995&h=11&e=04&bilatu=alea&orridata=19951104&ikusi=003

Copyright mota:

Gaiak: familia gurasoak

Etiketak · Hitz gakoak: