1997-03-08
idatzi mota: Iritzi artikulua
Gaurko eguna
Kaka egin bearko degu / egoteko libre», esana dago aspaldiko bertsoan. Eta libratzea esaten diogu barrenak hustutzeari (plost!), kaka eginaz gorputz-arimak askatzeari. Eta badator gaurko eguna, Emakumearen liberazio edo libratzearena, eta, ea, egin dezagun galde: nola doaz gauzak? Lehor antxean, ezta? Kanpoetako berri ez dakit nik, baina, itxura guztien arabera, esan liteke hemen, gure mundu garatuan, Emakumea ez dela ongi libratzen; gutxitxo, bakantxo, nekez eta askorik gozatu gabe obratzen duela, ia beti edo gehienean, bere komuneko zikin-deskarga. Ez da beti, haatik, horren estua izan zapalkuntza: gogoratzea asko da zazpi-zortzi libratarainoko mokordo punta-txorrotxak egiten zituzten neskatxak, bertso-kantetan ospetsu eginak. Gaurkora itzuliz: izan ote daiteke liberatua ongi libratzen ez dena? Eta, okerrago dena, ez al da egia atzeak (atzeko zuloak) erakusten duela nola dantzatu aurrekoa? Eta ni zer ari naiz hemen? Emakumeari potroak ukitzen? (Emakumeari potroak ukitze horrek gauza zaila dirudi, baina gero-eta errazagoa da). Ez, begira: gaur, Martxoak 8, Emakumearen eguna izango da, baina nerea ere bai; ni ere gaurko egunez jaio nintzen, Emakumea bezalaxe, eta hargatik iruditu zait ahora etorritako dena esatea libre behar nuela, baita gaurko egunaren zuri zikinestalia kirastu behar banuen ere. Eta, gainera, nork esango dit neri Emakumearen kontra jardutea ezin izan daitekeela emakumeen alde egitea?

