logoa

1998-03-12

idatzi mota: Iritzi artikulua

Narkotrafikoaren aurka?

Mundua mundu denetik ezagutu dira bazter guztietan bizimoduaren edo ezinbiziaren ordu larriak ahaleginean gozatzeko (eta ordu gozoak gozoagotzeko) usatu izan diren zerak: landare zenbaiten urak, mama goxo eta garratzak, onddoen zukuak, lo-belarrak eta esna-zuztarrak, bixigarriak, lasaigarriak, zoragarriak. Basagauzak batzuk, gizagauzak beste batzuk: lurretik edo laboratoriotik atereak, lurrak eta laboratorioak nahi gabe sortutako erregaliak eta ustekabeko emaitzak gehien-gehienak. Droga izeneko hori berriz, ia oraintsu asmatutako kontu txoroa besterik ez da. Gure gaurko munduan, droga izeneko horren jaiotzako agiria da 1915eko martxoaren 1ean EEBBetan indarrean jarri zen Narkotikoen gaineko Harrison Legea, «droga psikoaktibo» izenekoak debekatzeko bidea zabaldu zuena, eta gero, oso urte gutxian, mundu guztira hedatuko zena. Legeak asmatu zuen Droga, eta drogak (itxura batean) dakartzan izurriak eta hondamendiak. Legeak landatu zuen marra, murrua eta arrasto zorrotza; arrastotik honunzko guztia legezkoa eta parte onekoa izango zen: botika, terapeutika, farmakologia, ondoez eta gaitz ofizialen sendagarri, aringarri edo kontsolagarria, botikari ongileek saldu beharra; arrastotik harunzkoa berriz, droga zikina besterik ez zen izango, droga hilgarri, etxe-hondatzaile, giza-galgarria, trafikatzaile bihozgabeek salduko zutena. Zergatik eta haatik. Begien aurrean daukat Legeak ezarritako marra hori Espainiara heldu aurretikoa izan behar duen Madrilgo iragarki baten argazkia; honela dio testuak: «Jarabe Madariaga. Benzocinámico. Heroinado. Especial para la tos y afecciones catarrales y auxiliar eficaz contra la tuberculosis». Harrapazak txotxetik!

Legearen eta Merkatu Zuriaren altzoan gelditu zaizkigu ardoa, patxarana, kafea, aspirina, trankimazina, diazepana, anestesia, metadona, telebista, ostia konsagratuak eta ideal goitarrak: ez dira droga; haietatik kanpora berriz, kalamukiak, anfetaminak, heroina, kokaina eta gainerakoak: droga zikina dira. (Grazia egiten didate gaur lege barruko yonkiek: aspaldian larri dabiltza Espainiako delako «botikazo» hori dela eta ez dela.)

Baina natorren berandu gabe aktualitate gorrira. Kontua da datorren larunbaterako prozesio bat antolatu dutela Donostian, honako kontsigna honekin: «Narkotrafikoaren eta epaileen pasibotasunaren aurka». Nere artean: ze adarjotze klase da hau? Zergatik «narkotrafikoaren aurka»? Zergatik ez esan garbi «drogaren aurka»? Tontoenak ere badaki narkotrafikorik gabe ezin ingura litekeela inolaz ere botikan edo dendan saltzen ez den drogarik (ala prozesioaren antolatzaileek berek saldu nahi ote dute?). Kontsignaren bigarren parteak berriz, lau haragiak izozturik utzi dizkit: «epaileen pasibotasunaren aurka»!, hots, epaileen, eta beraz, fiskalen eta Poliziaren, aktibotasunaren alde! Polizia zintzo eta eraginkor baten alde! (Eskerrak behintzat laETA-k garbitasun psikotropikoaren zaintzaile zorrotzena izateari utzi zion; laETA izan baitzen sasoi batean, ustezko trafikatzaile handi, txiki, ñimiño eta ezerezak garbituaz, Legearen atzapar tontoena, Polizia bera baino poliziagoa.) Bai, nik ere badakit narkotrafikoak ze diru pila korriarazten duen («diru beltza» esango didazue, diru garbirik balego bezala); badakit jende gehiago dela drogatik bizi dena drogagatik hiltzen dena baino (eta eskerrak!, ezta?); badakit (gutxigorabehera) non dagoen Intxaurrondo eta zertarako sarrarazi zuten heroina mordo ikaragarri hura orain dela hogei urtez honuztikako gazte-jendearen zainetan (Ernani Txikiak bertsotan esana: «Gazteria jarri zan / drogaren egarriz, / gerra egiten ari / zaizkigu pikardiz. / Oiek gure arraza / galdu naian dabiltz, / etzuten ekarriko / ona izan balitz»). Konforme, baina ez zuten gerrarik eta pikardirik egiten lanik izango, delako droga hori «gauza debekatua» izan ez balitz.

Beraz, «drogaren kontra» aterako dira larunbatean kalera inuzente eta hipokrita militanteak, xantuak eta ama nahigabetuak, mozkortzeak edo ponitzeak egundo onik egin ez dien exkaxkume ezjakin eta orojakileak, Gauzakia (sic) Helburu-tik pasatako aingeru bergizarteratuak eta Gazteria Osasuntsu eta Kirolzalearen adoratzaile mistikoak, besteak beste. Eta neroni ere aterako nintzateke drogaren kontra, baina ez jende-modu horrekin. Bai, ni ere Drogaren kontra nago; «droga» hitza munduko hiztegi eta aho-mihi guztietatik kenduko nuke. Eta erremedioa oso erraza da: drogak, droga izateko, derrigor gauza debekatua izan behar duenez gero, debekua kendurik, Legeak drogatzat jotzen dituen zera psikonautiko guztiek droga izateari uzten diote ber-bertatik; droga izatearen madarikazioa galtzen dute, madarikazio horrek dakartzan pikardiak, gerrak, kalteak eta ezbeharrak hutsaren pareraino ekarriz. Orain laurogei urte arteko egoerara itzultzea da «arazo» honek duen koxka guztia, EEBBetako legegileek Droga Debekatua asmatu baino lehenagoko egoerara. (Orduan, adibidez, Bayer etxeak aspirina eta heroina, biak saltzen zituen antzeko ondoezen sendagarri edo aringarritzat.)

Labur esanda: bati zer komeni zaion, huraxe; zenbat komeni zaion, hainbestetxe. Jenero ona eta merkea; yonkirik, gaindosirik eta estrikninarik gabe; narkotrafikorik gabe; epaile, fiskal eta polizien eskusartzerik gabe, eta hipokrita ergelen betiko alarderik gabe. Baina hori bai: lainezarik hartu gabe, gehiegi txoratu eta katiatu gabe; ez dadila opioa herriaren erlijio bilaka.

Ernani Txikiari uzten diot, berriro ere, azken hitza: «Gazte maiteak droga / ibilli tamaiñez, / benenoak barruan / egin gabe gaiñez».

Ogrotariko hiztegiko hitzak

Ogrotarikoa? zer da hau?

Zer da Ogrotarikoa?

Falta zaigu hemengo azalpen laburra. Falta zaigu hemengo azalpen laburra.Lorem ipsum dolor sit amet, consectetur adipiscing elit, sed do eiusmod tempor incididunt ut labore et dolore magna aliqua. Ut enim ad minim veniam, quis nostrud exercitation ullamco laboris nisi ut aliquip ex ea commodo consequat. Duis aute irure dolor in reprehenderit in voluptate velit esse cillum dolore eu fugiat nulla pariatur.

< atzera

Jatorria: Euskaldunon Egunkaria

Lotura: https://www.berria.eus/hemeroteka/egunkaria/?u=1998&h=03&e=12&bilatu=alea&orridata=19980312&ikusi=004

Copyright mota:

Gaiak: Droga

Etiketak · Hitz gakoak: