1997-02-22
idatzi mota: Iritzi artikulua
Unibertsoa
Euskararen Unibertsoa saldu nahi ligukete euskalgin teknomistikoek; nere belarriari onik egiten ez, eta hemen nator egurrean. Unibertsoaren kontu hori ezin litekeen gauza da, umetan denok genekienez, oharkabean jakin ere: Unibertsoa den/dagoen guztia baldin bada, ezin da azkengabea izan (bestela ez litzateke ez guztia eta ez ezer), nonbait behar ditu mugak zerbait izango bada, baina mugak baldin baditu, orduan bada zerbait mugetatik harantzago (ezereza?), eta Unibertsoak ezingo luke izan den/dagoen guztia; bestela esan: Unibertsoa ezin da izan ez azkengabea eta ez azkenduna, eta beraz, Unibertsoa ezin izan liteke. Hori gutxi balitz, 1929az geroz, eta Edwin Hubble jaunari eskerrak, Unibertsoa hedatuz doa; halaxe diote eta lasai gelditzen dira, Unibertsoak mugakide duen ezerezari lurra nola jaten dion irudikatuz. Begira, jaun pedantargiok: zuei ahoa putzez betetzen dizuen Unibertso hori, gainera, egunen batean hedatzeari utzi eta bere baitan kuxkurturik geldi ornen liteke (Big Crunch), edo bestela, bere normalizaziora iritsi, oreka termodinamikora, entropiaren gailurrera, Heriotza Termikora, lehenago zen putzu sakon eta ilun berera. Ezin etsi zenuten baratzarekin, etxearekin edo mundutxoarekin; Unibertsoa behar zenuten Jainkoak utzitako lekua betetzeko, eta Unibertsoarekin ez dago ezina, okerra eta nobedade gaiztoa besterik. Nik aski dut bi puska egin eta bizirik segitzen duen amebarekin.

