1997-04-19
idatzi mota: Iritzi artikulua
Eder, itsusi
Poetatzako batek idatzia; «ederraren ederrez, ez zekien hizketan» («era tan hermosa que no sabía hablar»). Eta galdetu jendeari, eta inork tankerarik hartzen ez esaldiari, ez duela gauza batek zer ikusirik bestearekin eta horrela. Eta kontzientziadunei (edozein ismotako istei), zer esanik ez, gaizki iruditu zaie oso. Baina edertasun mutua, horren zaila al da ulertzen?, konparazio batera, harrikoskor batena edo gure ondoan lo gozoan dagoenarena? Ba horixe, baina beti mutu, hitzezko marmarraren premiarik gabe, ezin esan ahalako edertasun basati batek bere baitan eztanda egin balu bezala, hitza galtzeraino, betiereko ixilaren jabe. Begira diezaiogun bestela beste muturretik: «hitzegiten irabazten duten horietakoa» esaten da (esaten dugu guk) berez eder-ederra ez denari bestelako dohaiak aurkitu nahirik edo. Are argiago eta mingarriago: ni zertan ari naiz hemen? Ba, bistan dago: hitzez eta letraz irabazi nahian berez falta dudan edertasun edo grazia, nere huts fundazionala bete nahian (ez alferrik!). Urrunagoko ispiluetara jo gabe, halakoxeak gara txoko mixerable honetan idazten dugun exkaxkumeok ere (eta munduko beste edozein txokotakoak ere bai), jende hitsa, izatez motza, eroria (nondik?), izua edo txoroa, ama euskararen salbaslipa garela uste dugun kontzientziadunak, eta jakina da zenbateraino itsusten duen kontzientziak pertsonaren larrua. Egunen batean hala idatziko dute gure epitafioetan: «itsusiaren itsusiz, egunkarietan idazten zuen».

