logoa

1999-06-13

idatzi mota: Iritzi artikulua

Ura ez dago bataiatzerik, jaunak

Aspalditxotik nere gogoaren uretan igeri zebilena ixurtzea dagokit gaur, bide-bazterretako seinaleetan eta mapetan ibai baten «izena» ikusten nuen bakoitzean egiten zitzaidan zurrunbilotxoaren berri ematea. Ur horiei gainezka eginarazi dien azken ttantta izan da aurreko batean egunkari honetan bertan irakurtzen nuena: alegia, Erronkariko bazterretan ibai batek «bere betiko izena berreskuratu duela»: Ezka; oraindainoko seinaleetan Belagua jartzen omen zuela, baina ezetz, ez dela hola, eta gisa honetan ematen zuen kazetariak, eskolako maisu orojakile baten tankeran, ezjakinak argitzeko erregela: «ibarraren izena, Belagua; ibaiaren izena, Ezka». Bejondeiola! Baina - egiten nuen neure artean - ba ote da horrelako astamaisukeriak sano-sano sinesten dituen giza-alerik?

Ura, jendea, kartografia.

Bota dezagun lehenbailehen: ibai batek ez duberez izenik, ez du berezko izenik. Ibaia (bere bidearen betean, hasi eta buka) ez da «toki» bat, eta bazterren izenak tokien izenak izan ohi dira, jendeak mendeetan barrena gizagirotutako bazter edo parajeei itsatsi dizkienak, eta berdintsu dio izan dadin delako leku hori ibaiduna edo izan dadin gabea. Urak, dabilen urak, ez du inon inolako izan apartekorik bereganatzen: ezin litekeen gauza da beraz, «ibarrak» izen bat eta «ibaiak» beste bat izatea; paraje ibaidun batek izenik baldin badu, izen horrek ur-Iasterra eta ur-Iasterra ez den beste guztia harrapatzen du bere baitan.Idazten ari naizen inguru honetatik atera gabe, Aratzerreka , Sistiyaerreka edo Artetxerreka ez dira, inondik ere, «uraren izenak»; alde horretatik, jakingarria da oso, okerreko bidetik bada ere, Kandido Izagirre fraile hitz-biltzaile finak bere Urretxu aldeko hiztegitxoan egiten zuen parekatze nolabaiteko hura: euskaraz Artetxerreka (Azkoititik Urretxura bitartean dagoen paraje edo bailara bat), erdaraz el rio Urola. Gezurra galanta: Artetxerreka herri-jendeak bataiatutako paraje baten izena da (ura eta lehorra, dena barne). eta Urola berriz , kartografiak ibai-izen gisa finkatua eta zabaldua. Badakit gero kartografiakjarritako izen horien itzala (batzuena behintzat) luzatu dela hein batean jende-arteraino (Jendea ikasiago, informatuago , eta izen horiek erabil-zaleago): azkenerako ohitu gara Urola, Lea , Artibai (eta Lea-Artibai!) eta horrelakoak lasai esaten, baina horrek ez dio deus kentzen haien jatorri kartografikoari. Izan ere, nork sinets lezake , konparazio batera, Aizgorri barrenean jaio eta Zumaiako partean bere burua itsasora botatzen duen ur-Iasterrari bitarte horretan bizi izan den herri-jende- ak, a) izena jarri diola (<<leku» bat balitz bezala). eta b) orotan izen bat eta berarekin etsi dutela? Edo handiago dena: Sorian Duero, Leongo erreinuan (garai batean) Doiro eta Portugal izeneko Iurretan Douro izenez bataiatu dutela delako ibai hori, denak aho batez? (Hor kartografiak zabaldutako izena mintzaira bakoitzak bere erara egokitu besterik ez du egin; bestalde, Amazonas eta gainerako «itsasoak» ez aipatzea hobe.) Edo Oria izeneko horri , Goierrin Oria, Beterrin Oria, eta Oriyon ere Oria esan izan diola jendeak, ahoskera batu jator-jatorrean? Ez,jaunak: izen horiek ezin izan daitezke inola ere herri-jendeak jarriak, eta ezta (oso) erabiliak ere aho-mihitan. Gertatzen dena da kartografiak (militarren jakinduriak asmatutako zera horrek) baduela begi bat (han goien, nonbaiteko Zentruren batean) asko ikusten duena, asko behar duena eta asko lezakeena: «hemendik honaino ura; izen bat behar du; ze izen jarriko diogu?: hauxe ». Hori da kartografiaren lana eta, alde horretatik, ibaien ustezko izenak Geografiak, Politikak eta Zientziak jarri eta kulturaren eta eskolaren bidez zabaldu eta <<Jendeari » erakutsitako izenen sailean sartu behar dira, tamainak tamaina eta neurriak neurri: Pirinioak (Erronkariko artzainak ez dira Pirinioetan ibiltzen; ustezko mendizaleak eta Iruneko hartzainak bakarrik joaten dira Pirinioetara), Sierra de Cantabria, Kantauri Itsasoa, Everest, Ozeano Atlantikoa, Penintsula Iberikoa, Espainia, Europa, Ozeania, Eguzki Sistema, Unibertsoa ... Ur handietara egin dugu jauzia ustekabean: itsasoa ere ura da, ur handia, eta gauza bat da kostako bazter bati «ezdakit nongo punta» esatea, eta oso bestelako gauza itsasoari (eta itsasoei) izena jartzea; Mediterraneoa adibidez: ez dago amaren umerik sinetsiko duenik Tarragonan edo Beiruten (eta larriagoa dena: Tarragonan eta Beiruten , nork bere hizkuntzan) jarria dela izen hori; goragoko begi bat behar da putzu hori dena ikusi eta Lurrarteko Itsasoa deitzeko (hala esan izan zaio «euskaraz» , Larramendiz geroztik), eta, aldi berean (oi, kulturaren indarra!) inor gutxi egongo da bazterretan Mediterraneoaz mintzatzen aditu ez duenik, eta «hango» kultura , izaera , bizimodu eta dieta zoragarriaz Turismoak zabaldutako kontu txoroezjabetu ez denik.

Ur txikiak. Uraren misterio handia.

Gatozen berriro ur txikietara. Bere aldrebesean, ezagun dute ustezko (eta izatezko) ibai-izen askok eta askok ezin izan daitezkeela herri-jendeak asmatuak. Hor ditugu lekuko Aragon bezalako izen itxuragabekoak; Araxes bezalako izen itxuragaiztokoak; Ibaieder, Ibaizabal edo Urederra bezalako izen pinpirin ezin sinetsizkoak; Oiartzun, Deba edo Ezkurra bezala, herri jakin baten izenarekin bataiatuak, batzuetan ibaia bertan jaiotzen delako eta besteetan bertan hiltzen delako: gaurko Lea, Artibai, Butroe eta Araxes izenekoak, hurrenez hurren, Rio Lequeitio, Ondarroa , Plencia eta Azpiroz izenez ere azaltzen dira lehenagoko mapetan (ez dagoen tokitik edozer gauza ateratzeko abildadea dute batzuek). Lan polita litzateke aztertzea non duten beren sorburua Bidasoa, Zadorra, Urumea , Arga, Irati , Urrobi , Errobi eta gainerako ibai-izenek, hau da, noizdanik eta nolatan finkatu dizkiguten leku-izen (?) horiek ibai «oso» baten izen gisa, eta baita zenbaterainoko erabilera duten ere tokian tokiko jende ez-informatuaren artean; kontuan har bedi mendi-giroko eta itsas-giroko jende ez-informatu eta kulturagabeena dela jakintsuena, hau da, bere inguruko leku-izen gehiena dakizkiena.

Ura ez dago hola-ta-hola bataiatzerik; dabilen urari ez zaio horren erraz izenik lotzen. Ibaia ez da toki bat eta ez dago toki batean (ezta itsasoa ere: ilargiari esker, omen). edo esan dezagun badagoela eta ez dagoela, badagoela eta badabilela, Heraklitoren gisan: «ibai berberetan sartzen gara eta ez gara». Ibaiaren berberatasuna dudako gauza da, eta hargatik irristatzen dira izenak uraren gainean. Mapan bakarrik daude ibaiak eta itsasoak geldi-geldirik, eta irudipenezko gelditasun horretxek egiten ditu izen baten jabe egiteko duin. Misterio handiko gauza da ibaia, pentsatzen jarrita: aspaldi erakutsi ziguten gure biziak ere ibaien pare direla, nahiz-eta gehienean putzu-zulo baten tankera gehiago izan, edo mapetan ibaien ordezkotzat ageri ohi diren arrasto okerrena.

< atzera