logoa

1995-03-19

idatzi mota: Iritzi artikulua

'Hombrera / épaulette'

Emakumea ofizialki losintxatzeko eguna pasa eta hamaika egunen buruan, Aitaren Eguna agintzen du egutegiak erremedio gabe, hau da, Patriarkaduarena: «San Jose gizon ona, arotza zera zu», sekula ezkontzeko esperantzarik gabe betiko esposatu zen gizontxoaren izenpean.

Ez dut Ebaren ume arren eta emeen arteko zera horretan barrenegi sartzeko asmorik; ez naiz hasiko ikertzen, adibidez, zergatik ez duten mutikoek (agerian) negarrik egin behar eta neskatoek puzkerrik bota behar; zergatik ezin dezaketen eta, kasurik larrienetan, zergatik nahita ere ezin duten. Ez, oraindik ere bereizten dituzten zerez bainoago, egunetik egunera berdinagotzen dituzten kontuez da gaurko tema, baina axaletik, daitekeen axalenetik.

Eta itxura, jite eta pinttajeari gagozkiola, ikaragarriak dira emakumeak (emakumearen borrokak?) denbora gutxian egin dituen aurrerapenak eta irabaziak; bakarren batzuk aipatzeko: galtza luzeak aspaldi jantzi zituen; ilea hondo-xamarretik mozten ikasi du (lehen mojatxoei bakarrik egiten zietena); kolorez eta apainduraz soildu egin da; jazkera kirolkoi-'erosoa' bereganatu du eta baita, zenbaitetan, itxura gogor-militarra ere; emakume gorbataduna ere agertu da, politikosa, exekutibosa eta ertzainsekin batera...

Patriarkaduak eder iritzi zion aurrerapen horri, baina ez, eta hemen dago koxka, gizaseme gonadunari. Puntu honetan norbaiti gogora etor dakioke beste aldera ere izan direla nobedadeak eta, konparazio batera, belarritakoak jazten ere ikasi dutela gizontxoek, lehengo piraten antzera; halakoari gogoratu beharko zaio, aurrera baino lehen, zeinen huts larria den pantasigabeko uxtai xuhur sinboliko horiei 'belarritako' deitzea. Irudipen hori ezeztatu ondoren, bada, prest gaude kontu hauen benetako 'madriari' bertatik bertara begiratzeko; eta da: emakumeak, gizon-itxuratze aldera zernahi urrats eginik ere, ustez emakume oso eta bete izaten segitzen duen bitartean, gizasemea, den gutxieneko eme-kutsuak (gona, zinezko belarritako, ezpain-pintatze etab.) automatikoki eta osoki marigixontzen, endekatzen eta trabestitzen du edo, besterik gabe, txoropaila parregarri bihurtzen. Misterio latza, latzik bada.

Eta ez ote da izango emakumea libreago egin delako?, antzinako lotsak eta beldurrak, gizontxook ez bezala, bere baitarik uxatu dituelako? Bai, bistan da mugaren batzuk hautsi edo zabaldu dituela, baina... ez al da bistakoago muga horiek gehienbat gizon-itxuratze aldera zabaldu dituela (edo zabalarazi dizkiotela), gizon-antzek ematen diotela lotsa eta beldur gutxiago, eta bestera berriz, eder-apaintze, pinpirinatze eta 'eme(ago)tze' aldera, neurriak estutu egin zaizkiola eta lotsa-beldurrak areagotu?; berdintasunaren garai hauetan hain da erreza, izan ere, emakume objetu ergeltzat (edo putanga gizon-jaletzat) seinalatua izatea, edo, okerrago dena, nork bere buruagatik halaxe uste izatea; ezta, nere arreba maiteak?

Baina gehitxo esaten ariko naiz segurutik: gizontxoen pedantekeriaren gaitza da hori, inork eskatu eztako tokian muturra sartzea, ideia putarik eduki ez eta halere alferrik jardun beharra. Natorren axalera berriro, ur haundiegitan ito baino lehen.

Tituluan emana dago, bi erdaratan, gauzaren izena: honbrera edo epoleta, sorbalda-gaineko 'hutsaren' betegarri burlazkoa; emakume sujetua (bere gogoz?!) bizkar-alde patriarkalaren jabe egiten duena; ikusmen eta ukimenaren nazka-emangarria; tuntun-modapeko anderetxo autoestimagabea eta emakume berri dinamiko autoestimaduna bere sexuarekiko traidore huts bihurtzen dituena, larrua zuritzeko irrikitzen dagoen beltz integratuaren antzera. Hombrera, etimolojia politikoaren arabera, hombre ('gizon')-etik dator eta 'gizongarria' esan nahi du.

Eta behin emearen ustezko hutsak betetzen edo akatsak berdintzen hasi ezkero berriz... ez dakit, baina esango nuke errezago asmatuko dituztela emetxo gajoentzat hankarteko puztugarriak (giza-bolatokia Venusmendi baino garaiagoa izaki!), gizontxoentzat jantzi-erantziko titi-koskorrak baino: horretan duda gutxi.

Ez naiz ni hasiko aurrena harrapatzen dudan honbreradunari mitina botatzen eta, are gutxiago, 'gizongarriak' bi sorbaldetatik erauzi eta bere muturren aurrean erretzen. Ez, ez: Emakumearen kontrako erasotzat hartuko litzateke, eta emeak berak egin beharreko lana da hori, inork egitekotan.

< atzera

Jatorria: Euskaldunon Egunkaria

Lotura: https://www.berria.eus/hemeroteka/egunkaria/?u=1995&h=03&e=19&bilatu=alea&orridata=19950319&ikusi=003

Copyright mota:

Gaiak: Gizontasuna

Etiketak · Hitz gakoak: