1995-12-16
idatzi mota: Iritzi artikulua
Tonto-tonto
Bi gauza polit ikasi berria naiz tontotasunaz, eta biak Goierriko lurrean, halabeharrez. Aurrenekoa da nola izango diren Azken Juizioko egunean «onak eskubiñ, txarrak ezkerren, ta gu bezelako tontok bazterren». Izugarrizko grazia egin dit. Bigarrena da ezen tonto-falta dela aurki datorkigun gaitza. Halaxe bota digu batek oraintsu, hizketan gozo jardun eta despeidakoan: «tonto-falta zetorrek!». Ni bestek ez daki esan horrek zenbat jirabuelta egin duen nere buru honetan (axkar-jendearen ugaltze ikaragarriaz, mundu pozgabe adimendunaz...), harik-eta hori bota zigunak, delako tonto-faltaz ohartarazi gintuen hark berak, joan den igandean bere Biografia lehertzeraino puztu duen arte, zeren, nola izaten diren gauzak!, diodan tipo horren grazia baita Mikel Ganbaras, bi gizajo uniformedun botatzeagtik gaur kaiolan penatzen den xoriño euskaldun polizikalte amorratua. Bai, jaunak: hura eta bera. Eta izugarrizko grazia egin dit. «Zer? Nola?» Barka biezat hildakoen itzalak (eta itzalean dagoenak ere), baina gauzak diren bezala esaten ari naiz, eta ez naiz inondik ere esten (onesten, zatarresten) ari. Zer egingo diogu ba? Ni ez naiz ona; ezta txarra ere. Ni bazterreko tonto horietako bat naiz.

