2000-04-20
idatzi mota: Zuzendariari
Zeruaren koloreaz
Heriotzak isiltasuna behar luke lagun, eta ez du. Lehengo igandean jabetu nintzen hilerriko isiltasuna ere gezurra dela. Hilerria letraz eta numeroz betetako toki bat da, eta haien zarata zikin horixe da hilerriko benetako errege: letra hilaren eta numero hilagoen paradisu huts garbi-garbia da hura. Eta hemen nator neu ere letrazko zikin gehiago botatzera gorputz garbitu berri baten gainera, baina, neure aringarritzat, esanen dut horretarako aitzakia eman didala J.L. Zabala-ren astearteko zutabeak, non esaten baita: «egunero zeru urdinik desiratzen ez dutenetarik zen Botikas». Beharbada oso ongi emango du esaldi horrek literatura egiten eta irakurtzen dutenen bistan, ez dakit, baina dakidana da nire lagun txit maite eta txit ernegagarri Botikasek egunero (sic) desiratzen zuen zeru urdin garbi hura bezain gezur garbia dela. Eta hemen inporta duena ez da pertsona jakin baten gustua, baizik - eta zeru zabalaren kolorea: hots, gure moduko txepelek bezala, zenbaitek ez diola beldurrik zeru urdin zeru-kolorekoari, eta ezta haren azpian nola deritzan ez dakigun hura kendu zigun bizia madarikatzeari ere. Senide maiteok: pasioa eta ezbeharren estatistika santuak ospatzen diren aste honetan, aditzera eman nahi dizuet ezen J.J.J.l., Botikas zena, Apirilaren 14an edo Eibarren hasi omen zen Estatu Onaren egunez Eibarko kale-bazter batean pozoinak zainetan gainez eginik hilik geratu zen neurrigabeko gizona, nik deklaratzen dudala eta izendatzen zeru garbi baten azpian benetan bizitzeko edo benetan hiltzeko potrorik ez dugun txepel guztion zaindari.
Jatorria: Euskaldunon Egunkaria
Etiketak · Hitz gakoak:

