1993-05-28
idatzi mota: Iritzi artikulua
Astoak injineru eta injineruak asto
Lehengo zaharrei entzunik dakigu nola izan ohi zen garai batean astoa bide eta bidexken nondik-norakoa erabakitzen zuen injinerua. Giza-pertsonak (gaixotutako animaliak) zuhurtasunez jokatzen zuen noski bere buruarekin ez sobera fidatuz, eta astoaren esku uzten zuen erabakia: astoak aldapan behetik gora ateratzen zuen joerari begiratu eta huraxe izango zen aurrerantzean hankabikoek ere ebakiko zuten bidea. Zergatik astoa? Lehengo zaharrek, urteak joan eta gizaldiak etorri, ikasia baitzuten zaharragoengandik zein zen astoaren misterioa, eta nola asmatu zuen hark munduan jakintsu eta aldi berean burugogor izaten; eta ikasia ere zuten zer zen astoaren temarik handienetakoa: «bide errezena eta gozoena nondik, nere hankak ere handik». Eder iritzi zion giza-pertsonak astoaren ibiliari eta, behin burua eta begiak handitu zitzaizkionean (Aresotik Gorritira joaten zena, zergatik ez joan, noizean behin bederik, Andoaindik Lekunberrira edo Donostiatik Iruñera, edo Bitoriko plazara?), hasi zen moldatzen, jende —eta gauza— karraio, bestelako biderik ere: kamioak, errepideak eta baita trenbide estu eta garbiak.
Baino ixo: joanak joan dira, eta geroztik etorri denak gelditzen zitzaizkion abildade eta etorri pixarrak agortu bide dizkio giza-pertsonari. Behiala astoa injineru bihurtu zen bezala, orain injinerua bihurtu zaigu asto eta astapotrotro: lurretik ihesi, bere buruarekiko fede osoarekin, han nonbait goi-gorengo makrobulego biodegradaturen bateko paperei begira dagoela, exekutiboaren begi planifikatzaileak bekosko beltzean darama idatzirik zein den bere heriozko tema: «hau txikitu, hura zulatu: derrigor hortik behar du».
Dakitenen esana da erloju mekanikoaren asmazioak gaixotu zuela, lehenaz gain, giza-pertsona: erran nahi baita, erlojua ia apaingarri soil izatetik benetan hartua izatera igarotzeak ekarri ziola gaitzaren berrizkatura eta Erlojupeko Gizon Planifikatuaren (EGP) jaiotza. Denboraren arrasto beltzak alderen-alde zulatzen ditu EGPren muinak: ez du beste biderik ezagutzen, orduen eta minutuen zedarriz markatua dena baizik. Denbora huts bihurtu zaio bizitza; ez daki axolagabe batetik bestera ibiltzen, helmuga soilak betetzen dio gogoa: bi ordu t'erdian baino hobe bitan, bitan baino hobe ordubete eta 47 minutuan. Zergatik hobe? Kartzelako egonaldia bezala, zenbat eta gutxiago iraun hobe? Horren gauza txarra al da bidaiatzea? Baina izango ez da ba EGPk bere burua autozale edo autista egin zuenetik?; astobideak autobide bihurtu zituenetik?; trenbidea bera ere (Errentagarritasunaren segak erauzi ez duenean, noski) Abiadura Handiaren pozoinez zitaltzera jo duenetik? Autistaren arima programatuan, legearen indar berberaz dago idatzirik, adibidez: «Gazteiztik Bilbora 25 minutu daude (edo egon beharko dute, azken dekretuaren arabera)», eta egiazki ez dago bitarte horretan mendi-zelairik eta deus gehiagorik, bete ezinezko 25 minutu huts baizik. Aurrerapen aurreratuaren garapenarekin, abereei azpiak egiten aritzen zen basa-gizonaren seme-alaben iloben iloba, azpiegitura basatietako mugimendu progresiboki azelaratuak bizi du.
Errukarria dago EGP: bizitza denbora soil bihurtu ziotenetik, bizi-erdira denbora betea hustu nahian darama, eta beste erdia denbora hutsa ('librea') nola bete asmatu ezinik. Ez du, haatik, berehalakoan erotzeko beldurrik: bidean gorputz gelditzen ez bada, beti edo gehienean ekarriko dute azpiegitura berriek etxera garaiz, telebistan Cronocratic Sporting Club-aren partiduaren azken 19 minutuak harrapatzeko; eta beti entreteniaraziko dute etengabeko nor-gehiagoka edo nor-ergelagoka demokratikoetan tematzen diren politikoñoen aurpegiekin edo hauen emazteak iztar-aldeak mehetzeko modan jarri duten xixtima iraultzailearekin...
Ederki aspertzen da EGP mundu azpiegituratuan, eta konturatu gabe gainera; horixe du bere misterioa: aspermen oharkabean laketzen da eta muingabetzen; hortxe dauka bere atsegina eta kutixia.
Ia zoriontsu ere bada EGP.

