1994-12-27
idatzi mota: Iritzi artikulua
Herria ez da Ertzaintzarena!
Badu gure artean egi-itxurako gezurrak aginpiderik asko, eta hona, kolpera, horietako bat: «artzantza ardiarena da». Izan ere, ardiak kaka ez-ezik dirua ere egiten duenetik, ezagutu al da sekula artzantzapeko ez den ardirik? Ze itxura luke? Bee-rik ere egingo al luke? Ezin deus jakin ardiaren atarramentuaz, baina, debrien zikirua!, jakintzat emana dago: ardiak larre garbia utzi, sasian galdu eta otsoak jango luke erremedio gabe. Zergatik eta haatik. Eta egin dezagun kontu orain, badoala unibertsitatean jantzitako pizti-ikerlari bat bizian aurrenekoz ikusten duen artalde bat luze-laburrean neurtzera; tesiaren funtsa: «artzantza ardiarena al da?» Unibertsitaria, esan gabe doa, fundamentalismo numeriko-demokratikoan (FND) eskolatua dator eta luze gabe aitortzen du baietz, badirela artaldean ardi beltzak, gaiztoak, umetan amak gaitzetsiak, herrenak, itsusiak, lesbianak eta errebelatzeko jaidura dutenak, baina izanik hauek gutxiengo arbuiagarria eta bildots ezti eta ardi txuri otxanena berriz, gehiengo garbia, FND-aren legeen arabera erabakitzen du (A) artzantza ardiarena dela, eta (B) ardia artzantzarena dela. (Bere tesiaren irozgarri anekdotiko moduan gehitzen du, tokiko zaharrei aditurik eta pentsamendu mitiko-poetikoari behingoagatik amor eginez, ardien bee horrek 'bertan goxo' esan nahi duela).
Gatozen hankabikoetara. Zer da herria?, eta zer da herriarena? Airea herriarena al da?, eta ura edo eguzkia? Ezetz dirudi; ez genuke behintzat horren errez esango 'herriarenak' direnik. Hizkuntza, tzaindirik gabeko hizkuntza, bai beharbada? Baliteke: herriaren hitza, herriaren bihotza, sentimedua, arrazoia...; horiek badakigu behintzat, izatekotan ere, 'herriarenak' direla, eta ez 'herrikoak'. Nolanahi ere, oso gauza gutxi du herriak bererik, kasik batere ez; herriko plaza bera ere ez du berea, bertakoa baizik. Baina ba al da herririk?, gelditzen al da herririk gizabanako hiritar interaktiboen mundu birtual honetan? Euskal Herria bere ere badakigu Euskal (?) Hiriak hil zuela. Politikoñoen 'gure herria', 'herri hau', 'herri xehea' eta horiek ere ez digute balio guri, hemen behealdeko zerari, jendeari-edo... 'herriari' esango al dut? «Baina ze uste dut honek, herria bera dela?» Ez dago asmatzen errexa...
Hori bai, FND-ak itsututako batentzat ez dago duda-mutturrik eta ez inolako harat-hunatik: herria da herritarrek osatzen duten multzo demokratikoa, hau da, Herrizaingoko Artzain Onaren ordenadorean behar bezala zerrendatua eta filmatua dagoena edo datzana. FNDtiarrak satisfaziozko parreantx ergel batekin begiratzen dio 'herria' era 'herrikoiago' batean ahotan hartzen duen gixaixoari; asaba zaharren amebaz ari dela irudituko zaio segurutik: «herria? ji-ji, ze herri?».
Bistan da, beraz, fundamentalismo garaitiarrarentzat herriarena ('herritarrena') edozer gauza izan daitekeela eta, jakina, Polizia eta Ertzaintza ere bai, bete-betean eta ez ertzetik bakarrik. (Ohar filolojikoa: ertzain-i h-a kendu ziotenek, kentzaileetako batek esanda dakit, uste zuten herriak (sic) ez zuela hitz hori herri-rekin lotzen, baizik, nonbaiteko euskaldun garbi eskolagabe bati norbaitek entzun zionez, ertz-ekin).
Baina asma ote daiteke herriarena den Polizia edo Ertzaintzarik? Ea, egin dezagun saio bat: ertzaintza ekolojiko bat (ur garbi soilez kargatutako armak erabiliko lituzkeena); onbera, bihozbera, Jehova-ren Lekukoz osatua, bakezalea (bakea jarri ez baina bakea emango lukeena); ikusizko informazioa apropostako kamarekin jasoko lukeena (badakizue, umeek ibiltzen dituzten plastiko horizko foto-kamara polit horiek, botoiari saka eta, piip!, piura parregarri hori ateratzen dutenak); azken ikastaroa Errezilgo zapateroaren eskolan egingo lukeena (ari zela, ari zela, zertan ari zen ahaztu egiten zitzaion gizajo hari);... bai, ez legoke gaizki, baina, hala ta guztiz ere, ez litzateke herriarena izango, erizaina eriarena edo haurtzaina haurrarena ezin izan litezkeen arrazoi beragatik, eta, kasu honetan, herriak, ikusi dugun bezala, ez duelako kasik deus bererik, FNDtiarren setak besterik badio ere.
Eta, bizkitartean, iraultzaile ofizialek agindurik ibili den oihu hori ('Ertzaintza ez da herriarena!') oso arrazoi motza eta kamutsa egiten neri belarrira, eta errezelo txarrekoa gainera. Edozeinek antzematen dio, izan ere, ahapaldi berez tribial eta tautolojiko horretan zer irakurri behar den: Ertzaintza ez da herriarena, baina ez ezin izan daitekeelako, baizik, hala izan beharko lukeena, arrazoi akzidentalak direla medio (eskua maiztxo joan zaielako, 'gure mutilak' gogor hartu eta garbitu dituztelako...), hala ez dela ikusi dugulako orain, eta hala izango delako herria Ertzaintzaren zinezko jabe egiten denean bakarrik. Aurrera bolie! Irabazi(ko) dugu! Etorriko da eguna «Ertzaintza herriarena da!» kantuz goraki errepikatuko duguna. Eta bejondeizuela zuei, FNDtiarretan ultrenak ere amesten ez dutena egia bihurtzera deituak zaretenoi!
Bien bitartean, herria zerez den bai, baina zer den seguru ez dakigun ezjakin deslai gozakaitzok aukeran nahiago dugu bazpaere lehen, orain eta betiko balio duen oihu zinez herrikoi honekin eztarriak urratzera: «herria ez da Ertzaintzarena!».

