logoa

1996-01-13

idatzi mota: Iritzi artikulua

Ze min?

Lepa-hezurreko minez ernegatu naizen egun hauetan ikasi dut ezen nonbaiteko minez egotea, amorragarria bada ere, lasaigarria ere badela. Izan ere, nonbaiteko gaitzak (bihotzekoa, gibelekoa...) jolaserako gaitzak dira, izendatzen errexak, marrazki bizidunetakoak kasik. Nongotasun jakineko eritasunen batek eramango nau menturaz azken egoitzaraino, baina lasai, horrelakoetan bat bere gaitzen jabe da.

Baina nere lepoko min hau badoa atzera etorritako bidetik, eta orain dira kontuak, Aitzakiarik gabe gelditzen da bat. «Zer duk horrela egoteko, inongo minik ezta?». Baina ez-inongo min horrek ez du, Jainkoak bezala, izen ezagunik, eta ezgauza horretxen izenik ezak ematen ditu lanak: ezin, gabe, gero, behar, bakar... hitz elbarriak dira, ez dira deusen izen; ondoeza eza da, eta, beraz, ez da ezer. Esan nahi eta esan ezina; ezer ez eta hileta. Eta, hala ere, egingo nuke ez-inongo min sor horixe dela gure gaitz fundazionala, hau da, giza-aurreko tximuari adarretik adarrera zebilela ustekabean egin zitzaion mintxuriaren jatorrikoa, bizkarra zuzendu eta (ezer ez esateko) euskaraz mintzatzen hasi zen egunaren bezperan sentitu zuen hura bera, edo haren oinordeko zuzena. Lepoa egingo nuke.

< atzera

Jatorria: Euskaldunon Egunkaria

Lotura: https://www.berria.eus/hemeroteka/egunkaria/?u=1996&h=01&e=13&bilatu=alea&orridata=19960113&ikusi=003

Copyright mota:

Gaiak: biziezina

Etiketak · Hitz gakoak: