1998-10-01
idatzi mota: Zuzendariari
Ez dago bakerik [2 zuzenketa]
(1) Informatika alu horrek atzo egunkari honetan argitara eman zuten nere gutuntxoari azken-aldeko lerroak jan zizkion batere kupidarik gabe; honela behar zuen bukaerak:
«Aurrerapenaren prezioa» esango dute herritar triste guztiek, «erremediorik gabea», eta kasik «naturala». Eta arima otxan etsitu guztiek «akzidentea» esango dute, eta «ezbeharra». Baina behin eta berriro eta bazterrak nazkatu arte errepikatu beharra dago: ez dago «akzidenterik», ez dago «ezbeharrik». Aurrerapenaren Liburuan idatziak daude kondena guztiak, emanak daude heriotzako zigor guztiak: urtean honenbeste hildako, hilean honenbeste, astebukaeran honenbeste. Hori ez da «akzidentea»: hori «esentzia» da; hori ez da «ezbeharra»: hori da «derrior gertatu beharra». Nork esan du bakean bizi garela? Nork esan du Terrorismoa bukatu dela?
(2) Bigarren zuzenketa ere gehiketa bat da, baina askozaz latzagoa. Egun bakar bat pasatzea aski, Abiaduraren eta Askatasun Motordunaren biktimen kopurua gizentzeko: atzotik gaurkora bitartean, beste herritar bat erori da, I.A.O., bostgarrena hilabete pasatxoan. Badakit egunkarientzat hau guztia ez dela «politika», baina oraintxe etsi-etsia nago Politikatzat hartzen dituzten kontu horiek denak folklore hutsa direla, atzo eta gaur ahotan hartu behar izan dugun Gerra honen aldean.
Jatorria: Euskaldunon Egunkaria
Gaiak: errepidea aurrerapena heriotza politika
Etiketak · Hitz gakoak:

