1997-06-14
idatzi mota: Iritzi artikulua
Agintzen jakin
Irabazten jakiteko galtzen ikasi beharra dagoen bezala, agintzeko ere obeditzen, esandakoa txintxo egiten jakin beharra dago. Haatik ez dugu balio, gure moduko ez-ikasiek, ez irabazteko, ez galtzeko ez obeditzeko eta ezta agintzeko ere. Parregarri emango nuke agintzen, benetan agintzen, sekula izan(go) ez naizen gizon serioaren itxurak egiten. Baina mundua betea dago agintzeko balio duten gizabanako parregarriz: buruz eta buruzagi, gidari eta aitzindari, lehendakari eta idazkari, zuendari eta kontseilari, liberatu eta enkargatu, ikuskatzaile, koordinatzaile, kudeatzaile, entrenatzaile, aita familiako, diskotekako atezain, zinpeko guarda, ideologo, txuloputa, marisarjenta, komentuko padre eta putetxeko madre. Zenbat mozorro (giza)gaixo polizialaren paper unibertsala antzezteko! Agintzen dakienaren ezpain estuen eta kopeta beltzaren atzean arima elbarri bat dago eta ezin gozatuzko larra bat; bere exkaxtasun esentziala azal gogorrez estali nahia. (Ez daukanak eman egin behar inportantzia puskat bere buruari). Agintzen dakienaren bekoskoak nazka ematen du gaxtetan; gerora berriz, pena eta errukia; eta, azkenik, zahartzaro metafisikoaren atarian gaudenoi, parregura sanoa ematen digu. Agintzen dakien giza-zaborrari, aurpegira parre lasai egiten zaion bakoitzean, egun batez laburtzen zaio bizia. Parre horixe da, senide maite bihurriok, boterearen kontra borrokatzeko xixtimarik seguraena.

