logoa

1998-06-20

idatzi mota: Iritzi artikulua

Fubola mundiala da

Lau urte alferrik igaro dira. Orain-hurrengo Mundialean ere egunkari honetako Iritzi Saileko Buru jaunak honako honetxei eskatu zion «ikuspegi kritiko bat» ikuskizun mundialaren gainean, eta lau urteren buruan hona neu berriro ere fubolkizunak kontrako eztarrira eraman beharrez. Ez da seinale ona, jaun-andreak.

Ezetz esan diot lehenbiziko hitzetik. Ez nauela fubolkuntza horrek sobera kilikatzen; urrutitxo egiten zaidala —orain lau urte baino arrotzago— Mundialaren mundu hori: ez nauela ukitzen, ez hunkitzen, ez erasaten, ezta kontra egiteko lain ere. Bai, baina —bere teman hura—, ez ote dudan deus esatekorik «presio mediatiko jasangaitzari buruz». Ezetz berriro ere nik, ez dudala delako presio horren kargarik sumatzen nere baitan. Eta xeheki esplikatu diot fedezko fedabideekikoa: telebistarik ez dut kasik ikusten (bi edo hiru ordu hilean, zeinak ematen baitu 4tik 6 minutura bitarteko batazbesteko birtual bat); nerearen antzik handiena duen hizkuntzan argitaratzen den egunkarian (hementxe bertan) ateratzen duten gehigarri technoarekin, berriz, egiten dudana da jo, hartu, heldu, jira, pasa eta utzi, dagoela bere horretan, hau da, horoskopoari edo artikulu zentzudunei adinaxe kasu. Taberna eta lagunarte gaizto nolabaitekoetatik apartatzen aspaldi erakutsi zidaten etxean, eta ahal bezain zintzoki jarraitzen natzaie gure guraso zaharren erakutsi on probetxuzkoei, nahiz badakidan egunetik egunera zailagoa dela fedabideek kudeatutako gehiengo ergel mundializatuaren atzaparretatik libre antzean segitzea. Eskean etorri zaidan kazetariari ezetz esan nion lehenbiziko hitzetik, baina baiezka bezala ari naiz hitza hitzari erantsiz, eta honek ez du erremediorik, behin honuzkero.

Orain lau urte idatzi nuen sermoi antimundial hari Igande-arratsaldea egunero jarri nion izena, eta han deklaratzen zen fubolkunde guztiaren muina zela «larrua gozo jo beharrean, larrua ostikoz jotzea»; honela ikusten nuen orduan fuboleko jokalaria nere begi gaizki-hezien bistan: «haren aurpegiera txintxo-idiota, haren jazkera korteinglestiarra, kontzientzia txarrak eragindako umiltasun zuri-faltsua eta zazpi-zortzi zerotako diruz (pezetatan, jakina) kakaztutako barren beltz hirotua». Eta ez dakit orain nere orduko esan horiek zenbateraino duten egiaren antza edo gezurraren kolorea, baina dakidana da amorrua behar dela horrela gaizki-esaka jarduteko, orain nere baitan sumatzen ez dudan amorru klase bat.

Fubola, normaltasuna eta farre xuria

Zer da, izan ere, neretzat fubola eta bere Mundiala, diru-mordo ikaragarriak mugitzeko aitzakiaz besterik? Ba, funtsean, kolore jakin batzuekin bat egitea, nazioen ordezkarien arteko gerra (ustez) alai eta osasuntsua; eta neri axalik ere ez ukitzen delako kolore nazional horiek (ez, diren nazioenek, eta ezta izan daitezkeen nazioenek ere, badaezpada diot). Beste kontu bat litzateke nazioen arteko disputa kolorezko horiek ez balira diruditen bezain alai eta osasuntsuak, eta oraintxe bururatzen zait zer-nolatsukoa izan litekeen gure moduko jende aldrebesak biziro estimatuko lukeen kirol-mota mundial egiaz alai eta osasuntsua; «polizi-talka» dei geniezaioke: hartu mundu guztiko nazio, estatu, erresuma, konderri eta erkidegoetako polizia eta armada profesionalen ordezkariak, sartu estadioetan eta elkarri tira dale, saiatu mutilak, zeinek gehiago garbitu edo elbarritu; azio polit askoak asma litezke: «buru-hezurra zulatzea», «bihotz-mamiraino zuzen», «begi biak ateratzea» eta abar luze eta beltz bat. Baina lasai; ez digute horrelako pozik emango eta berdin-berdin segiko diote nazioek kolorezko aspermen entretenigarri horri eragiten, munduko hiritar normal ongi-hezi guztien pozgarri.

Eta hiritar normalari inork ez dio farrerik egiten, ezta egun mundial hauetan gau eta egun telebistaren aurrean begiak erre beharrean datzanari ere. Eromen normala, estatistika guztietan garaile ateratzen dena, ez da sekula izan farregarri. Eta neri farre egiten didate, eta hauxe da gaurko honetan esplikatu nahi dizuedan koxka, gaur bihotzerretzen nauen amorrua. Farre hori haur bati edo atzeratu bati egiten zaion farre xuriaren oso antzekoa da; farre estatistiko bat da gainera, erdaraz nekez mintzatzen diren euskaldun bakanei egiten zaienaren modutsukoa. Eta farre horrek badu bere letra ere, eta ez dago euskaraz esaterik; erdaraz esan behar dira derrigor cashero eta de la euscalerría profunda: euskaraz ez dago baxerrittar eta euskal herri sakonekoa/barrenekoa burlaizean esaterik, nahita ere. (Bidenabar, gustura jakingo nuke nongoak diren euskal herri profunda-koak ez direnak; ez diot sekula aditu donoxtiar bati bere buruagatik «de la euscalerría superficial» edo «de la euscalerría estúpida» dela esaten, eta horrek ez du balio, jaun-anderettoak.) Baina esplikatuko dizuet nere kasua, zuek ere farre xuri ergela egin dezazuen.

Mundializatu gabeko lurrak

Neri, oraindik ere, grina eta pasio puskat sortzen didana apustua da, jokoa, eta baita, kirol axal-garbi barren-ustel handi eta mundial horietan ez dagoen xaltxa eta tranpa sanoa ere. Esan nahi baita, aizkol-apustua eta harri-jasotzea ditudala gogoko, baina ez kirol edo, are itsuskiago, herri-kirol izenez gainzuritutako marka-jartze aspergarri hori, ez gaur kasik erabat gailendu den erlojupeko eta jinasi hutsezko ariketa zozo hori, inondik ere. (Aizkoran ere hasi gara txepelkeriak asmatzen, oraintxe egin berri den «Urrezko aizkora» sariketa nolabaiteko hori lekuko. Han ginen gu ere azkenengo saioan, eta Beizamako Peñagarikano atera denetan onena; berrogei urte jiratu eta gero hasi zaigu nabarmentzen lehengo Santagedaren kastakoa den mutil zimel hau, eta nere artean egin dut garaiz nabilela oraindik aizkoran indarrak probatzeko.) Nik ez nuen mutil-koxkorretan Azpeitiko zezen-plazan jokatzen zen apusturik hutsegiten, doan sartzen baikinen, eta, nonbait, hartatik gelditu neri afizio puxkat. Etxean ere adituak nituen Santageda eta Atxumarriyaren izenak eta omenak, eta Keixeta, eta Luxie, eta Arriya zaharra, eta Nafar aldeko Gartziarena, Astibia, Latasa eta beste mordo bat. Endañeta zen orduan nere jainko handia, eta Iruntxiberri jainko txikia; haien alde ni beti. Ez zait egundo ahaztuko Azpeitiko Patxonean (edo Pastorkua zen orduan?) Endañetak eta Mendizabalek haserretu eta borrokan egin omen zuteneko hura; ezta, eta hau beltzagoa da, Goenatxo zaharraren gorputz kixkaliaren gaineko misterioa ere. Eta badakit zuentzat mundu hori guztia Etnografia hutsa dela (eta fubola aktualitate bete-betea, jakina); baina neretzat mundializatu gabeko lur bat da mundu hori, naziorik eta kolorerik gabeko lur gizen maite bat, eta nerea ere bada gainera alde batera, beste aktualitatezko hura baino askozaz nereagoa. Fuboldegiko ikuslearen ahotsak burua leihotik aterea duen auto-gidariaren haserre ustel kronikoa gogorarazten dit: kabroia eta putakumea dira bi-bien oihu arruntenak; apustuan berriz, hoi dek/duk etaaa! eta hartu arnasa/hatsa!, gozotasunez. Nekez adituko duzue fuboldegian, oso aspaldi ez dela Azpeitiko zezen-plazan Izeta eta Landarbide bi aiarren harri-jasotzeko apustuan gizon edadetu bati (aiarra ote zen nago hura ere) aditu nion esan honen antzekorik: «gizonak bere buruari emate'ixkiyon lanak!»; nekez adituko diozue inori fuboldegian gisa honetakorik: «ibili egin behar dik gizonak horrela, larruzko bola txar baten atzetik!», adibidez. Fubolean itsumena da lege, eta golaren orgasmo garestia.

Baxkoak estadioetan

Gehiengoaren farre xurira nator atzera. Delako farre hori orain hogeiren bat urte bertsoak aditzera joateagatik nere inguruko gehiengo estatistikoak egiten zidanaren senide hurrekoa da. Baina gauzak diferentetuak daude oso ordutik hona: apezkondo batek eta haren segiziokoek bertsotako jarduna funtzio «sakon» bihurtu zuten, gai intelektualak neurri mundialetan kantatzen hasi ziren, eta mezatako kantuen doinu moteletan. Eta honela, kulturalki homologatu, mundialdu, moteldu eta telebistaturik, bertsoa «gizarteratu» egin zen ezin esan ahalako egurrean, errespetoa eta sinesgarritasuna irabaziz, intelektualek eta bertsoaren teorikoek esango luketen moduan. Gaur den egunean, eta aspalditxotik, bertsolarien txapelketa duintasun hitza gehienetan errepikatzen duen haretxek irabazten du. Bukatu ziren betiko farre xuriak. Baina apustu mundu hori nekez gizarteratuko dute, eta kristo guztiaren farre xuriarekin bizitzen segi beharko dugu: modernoek, kosmopolitek, internautek, indigenistek, musika etnikoaren (urrutikoaren) zaleek, denek eginen digute farre xuria, baita baserrian jaio eta hazitako askotxok ere, eta baita baxkoek ere (baxko hitza, garai batean Oiartzun alde horretan-eta ematen zioten esanahiarekin darabilt, eta esan nahi du, besterik gabe, 'eusko abertzalea'; ez du deus ikustekorik euskara idatzian zenbaitek erabili izan duten beste basko batekin). Baxkoek ere farre xuria, beraz: ez baitu apustu mundu farregarri horrek, bertsolaritzak (orain) duen bezala, ez jendez eta ez diruaren korrimentuz, Euskal Kultura eta Eraikuntza Nazionalaren unibertsoan aintzakotzat hartua izateko behar lukeen eiterik eta pisurik. (Eta halaxe hobe gainera!) Baina fubolak bai, baxkoentzat bezala ez-baxkoentzat ere.

Nere aldetik, bihotz-bihotzetik opa dizuet Euskal Herriko Selekzioaren kutixi edo zera hori, ea hurrengo Mundialerako lortzen duzuen. Txuri-gorri-berdeek gola sartzen duten bakoitzean, Gora Euskadi! izan dadila zuen eztarri orgasmatutik aterako den oihu aberkoia. Eta nik egin dezadala farre-algara lasaia, zuekin gogoratuta.

Fubola mundiala baita, eta mundua estadio bat... estatistikaren zeruan.

< atzera

Jatorria: Euskaldunon Egunkaria

Lotura: https://www.berria.eus/hemeroteka/egunkaria/?u=1998&h=06&e=20&bilatu=alea&orridata=19980620&ikusi=004

Copyright mota:

Gaiak: Kirola

Etiketak · Hitz gakoak: