1992-06-05
idatzi mota: Zuzendariari
Terrorismoaren biktima bati
Hi, Jexux edo Xegu (edo, prentsa beltzean, «J.M.S.G., 25 urte, Lasaon auto-istripuz hila»; beraiek hala jartzen dizkitek gauzak): hirekin aurpegira ez omen zegok hitzegiterik, eta nola hau bezalako paper-puskak haizeak eramaten dituen, ba igual ailegatuko zaik egunen batean... zeinek jakin?
Hor goiko titulu hori zertara datorren? Ezer ez baheki bezala, eh? Baina badakik hik ondotxo, Ford jaunak orain ehun urte asmatutako burni hiltzaile horiek asko zekitek eta asko erakusten diate, ezta? Garbi jarri bai, behintzat, zer den saltzen zaigun bizimodu puta hau: badakik, denborak agintzen dik (laneak bezala lanetik kanpo ere), denbora hutsa bete beharra, zenbat eta gehiago bete hobe eta lasaiago gelditzen duk bat; horixe sartu zigutek eta asmazak orain horri ihes egiten. Bueno, bai, beraiek asmatu diate ihes egiteko modua ere: gero eta burni hiltzaile azkarragoak, ez zekiat zenbat zaldi eta behor, potentziak, abiadurak eta potrotako azkurak, azken helmugara lehenbailen iristeko. Izan ere, lanak ez dik barkatzen, eta astean 2’5 eguneko ‘askatasun' probisionala aprobetxatu beharra zegok denborarik galdu gabe, eta nola, Ford jaunaren burnizko umeen produkzioari eusteko, denok txofer eta mekaniko izan behar dugun, ba... Ez dik gehiago esatea merezi: kosta egiten zaidak gure bizitzen panorama makabro honekin segitzea. Baina hau duk terrorismo beltza eta benetakoa, Estatuarena eta Estatistikarena: joan den asteburuan zenbatek hil behar zutela esaten zian Estatistikak? Beti dituk berberak, alde handirik gabe: Progresoak biktima kopuru seguru batekin funtzionatzen dik, eta hortxe harrapatu haute hi, bizien artean biziena baino biziagoa hintzena. Zenbat zarete, gainera, honuzkero Auto-terrorismoaren biktimen kuadrila ugari horretan? Zenbat milaka? Eta bazter guztietakoak gainera, afrikano eta karibeñoak eta holakoak oraindik gutxitxo izango dituk hor, ezta? Baina, lasai, haiek ere laster ugalduko zaizkizue kuadrillan, aurrerapenaren arrastoan sartzen direnean. Erokeriak eta Txikizioak Azpirozko laino-artetik bidalitako lagun berriak ere aurki hasiko zaizkizue azaltzen: paire ederrak eginez hartuko ditut hik, eh, primo? «Ez da posible, ezin liteke»; hala ari gaituk denok hemen, ezin litekeena ezin litekek, eta ezinezkoa duk. Estatuak eta bere Estatistikak lortu ornen diate ezinezkoa zena, eta horixe duk ulertzen, sinesten eta barkatzen ez duguna. Mila duda egin ondoren, hauxe bururatu zaidak idaztea, eta holaxe ikusi uste diat hire izkutatze kontu honen alde publikoa edo, zergatik ez, politikoa: gainontzeko kontuak ateratzeko ez duk hau toki egokiena. Gauza bat aitortuko diat: nik, neure kalterako, negarrik egiten ez zekiat (hori ere erreprimitu genian bere garaian), eta malkoen ordez paper txuriaren gainera tinta beltz hau bota behar izan dik joan den ostirala arte (hilak 29, garbituak 3) hire aldamenean bizi zen gizajo honek. Osasuna eta askatasuna hiretzat, ahal baldin bada.

