logoa

1996-08-24

idatzi mota: Iritzi artikulua

‘Xe moux?’

Munduan den galderarik zailena ez da nondik goaz?, ez nora gatoz?, ez ze krixto da hau dena?, ez merezi al du?, ez zer gertatzen zait? eta ez ba al liteke? Ez: denetan zailena da zer moduz? bati bi silabatan kasik egunero erantzun behar antojagarri hori. Horixe da galdera zailena (egiten duenarentzat errexena), eta aluena, ritualena, hutsena, eta joan den aspaldian kakagurarik latzena ematen didana. Ondo erantzutea ( esan beharko triste horrekin ala gabe) ezer ez esatea da, eta horixe da gainera galdera egiten dizun sasi-lagun hitz-motelak entzun nahi duena: ezer ez. Hoinbestean gustura eta horiek are ezerezago dira. Gaizki erantzutea, berriz, gehitxo esatea da, gaizki ikusia dago, baita egia baldin bada ere, zeren galdera egiten dizun kaka-lagun hitz-motelak ez baitu egiazko hitzik entzun nahi. Zoragarri, nahi baino hobeto edo antzekoak botatzea ez dago gaizki: galdera ergelari erantzun ergelagoa. Baina denetan erantzun egokiena da oraintsu amari entzuten nion hauxe: ondo nahi (edo hobeto nahi}. Ondo nahi: ez ondo, ez gaizki, ez erdipurdi, ez goiari eutsi eta ez beherik jo, baizik bestela... ezinean baina etsi ezinik beti.

Eta ni zer moduz nagoen? Ba, zesangoizupa?: uste baino hobeto eta nahi baino gaizkiago. Eskerrik asko, txoro hori. Eta xu, xe moux? Ondo exta?

< atzera

Jatorria: Euskaldunon Egunkaria

Lotura: https://www.berria.eus/hemeroteka/egunkaria/?u=1996&h=08&e=24&bilatu=alea&orridata=19960824&ikusi=003

Copyright mota:

Gaiak: konbentzio sozialak

Etiketak · Hitz gakoak: