1993-01-22
idatzi mota: Kronika
Paristik natorren artista bat naiz ni
Udazkenean USA-n ikaragarrizko arrakasta bildu ondoren, eta Inglaterratik bueltan, abenduaren 22an izan da Morrissey Parisen. Ameriketan egundoko balentriak egin omen ditu: Aingeruetako (L.A.) Hollywood Bowl-ean hiru ordutan hogei mila sarrera saltzea lortu du (Beatles-ek zeukan marka hautsiaz), New York-en lau kontzertu eman ditu (abenduan Londresen bi bakarrik eta bere bihotzeko Manchester-en bakarra). Halere, depresioarekin etorri omen da handik gure mutila: beranduegi dela beretzat, ez duela erremediorik, badakiela bakarrik egongo dela beti bizian; betiko negarrak errepikatu ditu: izan ere, deprimitua egoteari gustoa hartu zionetik, noiz ez da egon gure Mozz bakar, triste eta negarrez?
Salle Zénith: Frantziako Kultur Ministerioak gazte-jendea entretenitzeko egina duen areto txit moderno bat, inguruan Musée des Sciences, Les Pieds dans l'Eau eta antzeko beste litxarreria gazte-kultural batzuk, lorategi musikadunak ahaztu gabe: bai, jaunak, lore-artean txorien kantuaren ordez pop musika!! Frantzia Gaztea, c'est la modernité (eskerrak ez ninduten han pixa egiten harrapatu).
Hemengo prentsa kezkatan zegoen ze itxura ekarriko ote zuen gure artistak, abuztuan Madness-ekin batera «Madstock» kontzertuan skin-oi estetikatik oso gertu ibilia zela-ta; baina ez dute asmatu: alkandora distiratsuak ekarri ditu, eta, gainera, errez puskatzeko modukoak: soinean puskatu, jende-artera bota eta gerritik gora biluzik gelditu, zenbaiten gozamenerako (gerritik behera jakina da ez duela gure Steven-ek ezer interesgarririk erakusteko: berak esana da behintzat orpotik gora ez duela sekula inork ez ezerk berotu, eta orpotik behera, jakina, ez du balio, hor badakigu edozein edozer moduz kilikatzen dela, ezta?).
Zortzirak aldean hasten da festa... baina, baina, egon pixkat: ze adar-jotze da hau?, zein krixto dira girnaldaz apaindutako neska zanpan hauek? Iragarri gabeko eta izen ezagunik gabeko teloneroak: lau neska zoro, itxura xelebre eta retro xamarrekoak, folk-rock gustagarri bat eginez; oso onak, benetako sorpresa bat, eta gabatxo-jende zitalarengandik jaso zuten esker txarra inondik ere merezi ez zutenak.
Argiak piztu, argiak itzali, jendea egon ezinik, deiadar eta garraxien artean, hor agertu da azkenean Morrissey, Manchester-en jaioa, 33 urte, ezkongabea bokazioz (Will Never Marry), «triste bizi naiz eta hilko banintz hobe» mila eratara kantatuz bizi dena. Inguruan lau musiko, rockero hutsak estiloz, musikaz, itxuraz: Alain Whyte, Boz Boorer (kitarrak), Gary Day (baxua), Spencer Cobrin (bateria): gutxitan ikusten den bezalako taldea, agian Morrissey-k izan duen onena. Gezurra badirudi ere, jendea Johnny 'Smiths' Marr-ekin ahazten hasia dago, eta askotxo, Your Arsenal bere azken LP-arekin batean, Ziggy Stardust-ekin gogoratu da, beharbada Ziggy Bowie-ren kitarrajole izan zen Mick Ronson-en produkzioagatik.
Azken aldi honetan oso «abertzaletua» omen dabil Mozz; ez zuen, ordea, Parisen behintzat, horrelako itxura handirik erakutsi: bi bandera ingles alde banatan, ia ikusten ez zirenak eta hortik aurrera ezer gutxi. Hori bai, The National Front Disco kantuan, jakinekoa: gure Pantxoa eta Peiok «Eskual Herria eskualdunendako» kantatzen zuten bezalaxe, honek, arrazoi gutxiagorekin, «Inglaterra inglesentzat» aldarrikatzen du (ingles otsoa ardi beltxaren beldur, nonbait). Kantu honetan izan zuen, bestalde, Morrissey-k, inon izatekotan, kontzertuko akats bakarra: ahotsa gora iritsi ezinik ibili zen, eta ordainez, kantuari bukaera zaratatsu bat eman zioten erdi-ilunpean musikoek, hiru minutu ingurukoa, zirkorako edo La Fura dels Baus-entzat egokiagoa.
Azken playboya
Your Arsenal oso-osorik jo zuten eta kontzertuko momenturik onena I Know It's Happen Someday kantuarekin etorri zen: azpitik, hasi eta bukatu arte, Smiths-en garaietako How Soon Is Now? kantuko Marr-en kitarraren oihartzunak, baina estilo rockeroago batean; We'll Let You Know kantu lasaian Morrissey-ren ahotsak areto guztia bete zuen; You're the One For Me, Fatty eta Tomorrow-ekin jendea dantzan gustora; You're Gonna Need Someone on Your Side bisetarako utzi zuen, aurreko jendearekin txorakerian gehiegi entretenituz, ahotsaren kaltetan. Your Arsenal-etik kanpora honako hauek: Alsatian Cousin, Suedehead, Sister I'm a Poet, November Spawned a Monster (ez da bere buruagatik ari, baina baietz zirudien: «so ugly, so ugly»), Such a Little Thing Makes Such a Big Difference eta, azken-azkenean, The Last of the Famous International Playboy. (Beste bi kantu ere jo zituzten, nik ezagutzen ez nituenak, eta haietako bat ia oso-osorik instrumentala, r&r hutsa).
Ez da inongo kontzertutan oso errez gertatzen den gauza bost bat mila lagun ingurutatik lau milatik gora fan amorratuak izatea: ehundaka lagun Morrissey edo Smiths-en kamisetekin, beste ehundaka mordo bat kamiseta horietxek erosi nahian (hori bai, nik jantzita neukana bezalakorik, Viva Hate lehen diskoarekin batera ateratakoa, ez nion inori ikusi: eskerrak hemendik Dublinen erosi eta erregalatu zidan lagunari). Ez da oso erreza artistaren izena hainbeste aldiz errepikaturik entzutea ere («Mojjissey, Mojjissey!», gabatxo guztiak eztarria urratu beharrean, eta, halere, gure Steven barrengo tristurarekin: kontu penagarria hauxe). Ez zen sinestekoa ere zenbat Morrixeitxo zebilen bazterretan, goizero Mozz-en diskoen portadei begira orrazten diren horietakoak.
Gehiago oraindik: ez dut sekula inor ikusi kontzertua bukatu eta erdi-negarrez jendeari sarrera eske, oroigarri moduan gordetzeko (neri ere etorri zitzaidan gizajoa sarrera gorde al nuen galdezka, eta nik, gezurretan, ezetz, bihozgabe zital honek). Ez, ez da erreza gaur egunean horrelako jainko ttiki bat topatzea, hain maitatua eta gorrotatua, jainko guztiak bezala, edo agian jainkoa baino hobeki, aingerua edo birjina, Notre-Dame des Fleurs: bai, jaunak, ikusi beharra zegoen zenbat jende zebilen lore-sorta bana eskuan hartuta, «eskeintzera bihotzez, loretxo eder bana»; ezta Lurdes edo Arantzazun ere hainbesterainokorik, motellak! (Oso izan da lorezalea beti gure Morrissey, ama birjina guztiak bezalaxe).
Kontzertu ona, beraz, oso ona, musiko talde harrigarri batek eramana eta ia akatsik gabekoa, bai... baina motx xamarra aukeran. Publikoa gehiago-nahian gelditu zen: nazioarteko azken playboy famatuaren kantuaren ondotik, ordea, taldea ezkutatu eta argiak piztu ziren jendearen begi-bihotzak minduz; eta argiekin batean Gounod-en Ave Maria-k adierazten zuen festa bukatua zela erremedio gabe. Ez zuen jo Kill Uncle diskoko kanturik batere, ez Interesting Drug, ez Margaret on the Guillotine (oraindik lepoa osorik badu ere, Burdinazko Damak merezi zuen oroipentxo bat), ez Will Never Marry..., baina inola ere barkatu ezin zaiona (barkatuko ez diodana) da Everyday Is Like Sunday ez jo izana, bere denboran —Smiths-en gariak barne— kantatu duen kanturik ederrenetakoa. Hargatik ikusten zen beharbada kontzertua bukatu ondoren neska aurpegi-txuri xenxible bat baino gehiago (eta neu ere bai haiekin batera) burua jaso ezinik eta begiak auskalo non galdurik, igande arratsalde guztietako tristurak menderaturik bezala. Ez diagu barkatzen, Mox!
*** Oharrak: Morrisseyk Parisen emandako kontzertuaren kronika.
