1994-06-26
idatzi mota: Iritzi artikulua
Igande-arratsaldea egunero
Egunkari honek Fuboleko Mundialari buruzko iritzia eskatzen dit, baina nik, nola ez dudan inolako iritzirik, pentsatu dut, iritziaren tokian, egia esatea izango dudala onena, hau da, gauzak nola diren esango dudala. Zer? Harropuzkeria itxuragabea izango da hori, ezta, nere irakurle liberaltxoak? Horixe da ba egia esatea: gezur haundiren batzuk eginahalean harrotzea eta astintzea.
Ez dut iritzirik eta ezta oponiorik ere. Beno bai, nere oponio bakarra Putaespanya ahalik-eta parregarrien gelditzea da (berdin-berdin litzateke, zinez diot, jokalari guztiak auzokoak edo anaiak banitu ere), horixe baita separatista finaren sentimendu ederrena, gainean egokitu zaion Nazioari eta Aberriari gorroto izan eta traizio egitea. (Honekin, bidenabar, uste dut aise jabetuko dela euskaldun motzena ere zer den guretzat 'oponioa'). Euskaldun separatista izate honek, berebiziko abantailak ditu kontu honen gainean itxura-antzeko arrazoi batzuk botatzeko: ez du, besteak beste, eusko abertzale txuri-gorri-berdeak bezala, Euskadiko selekziorik ez izana deitoratzen entretenitu beharrik. Ez, ez dago, eta hobe, nahiago eta libreago.
Goazen erasora zuzenean eta erdi-erditik. Zer da fubola? Jolasa, atsegina, jokoa? Ba ote? Izan ote da inoiz, inglesek mundura zabaldutako kirol-izurri nabarmenena dela gogoan izanik? Ez, esana dago: kirola da eta ez besterik, guztien artean errege biribilena gainera. Ohartzen naiz —zer egingo diogu ba— kirola gauza ona dela bizi gaituen munduarentzat: 'kiroltasuna' deitzen duten zirkotxoa gauza estimatua da; 'kirolkeria' nekez ulertzen da zer izan litekeen ere. Halaz guztiz, gauza jakinegiak esplikatzen ibiltzea parregarri gerta badaiteke ere, ez dut uste asko izango direnik, serio-antzean pentsatzen jarri ezkero eta oraindik zinikotu gabeko jendearen artean, duda egingo dutenak kirola, zenbat-eta goitarrago hobe, Estatuaren aparatu kultural-hezitzaile (eta naziogile) bortitzenetakoa dela. Kirola da, fubola buruenik, aktualitatearen aurpegi ikusgarriena eta itogarriena, Mundu Garatuko (eta kasu batzuetan, Azpigaratuko) gizabanakoen bizimoduaren hutsa betetzeko asmatu den informazio-sortzaile ikaragarrienetakoa. (Oraintsu jakiteratu naiz 'Marca' kirol-papera dela Putaespanyako gizabanako askeek gehien irakurtzen duten egunkaria).
Bidenabar: gizabanakoa gora eta gizabanakoa behera ari naiz, eta komeniko da zehaztea gizabanako honen sexua arra dela, arra eta lehorra; emakume fubolkoia sexuen arteko integrazioaren, hau da, erabateko gizontzearen biktima da, mutil-koxkorra fubolzaletzen (eta maitatu behar dituen koloreak ezagutzen) hastea gixontze-bidean abiatu delako seinale garbia den bezalaxe.
Gogora ekar dezagun orain fubolzalearen irudi alai bezain negargarria. Bizitza betea dute, esateko moduan. Nolako jardunak eta disputak! Hori da hori gaiaren emana, orduak joan eta egunak etorri; eta denak juezetarako jaio direla esan liteke: halako edo holako jokalariren balioa, merezimenduak, nobletasuna edo zitaltasuna, emaitzen zuzentasuna, direktiboen moraltasuna...; apenas beste konturik daukaten. Ikustekoa da —eta ez sinestekoa— hizketan darien pasioa eta sua: bizia bertan jokatuko balute baino areago! Eta telebistaren aurrean edo estadioko makro-eskortan —etengabeko 'kabroi' eta 'putaseme' hotsaren erdian— izaten dituzten pozaldiak eta sofrikarioak, bihotzondoko, bihotzeko eta potrotakoak, zer? Zera!: bizi guztiko haundienak, dixkuratu ezkero. Baina ez; begiratu batera, ongi barrengoa dirudien arren grina horrek, ezin izan liteke, inola ere, parte onekoa; aitzitik, pasio ikaragarri bizi eta ikaragarri ustel horretxek uste dute erakusten digula hobekienik zein den futbol-kontu honen ezkutuko muina: jolas-atseginen bortxaketa eta gainazpikatzea edo, hitz garbiagoz esanik, larrua gozo jo beharrean, larrua ostikoz jotzea eta, are okerrago, jotzen ikustea; eskerrak, hala ere, golaren poliorgasmo multierrepikatuak elkarri heldualdi eta estutu baldar egiteko modua dakarren, edo, bederen, jokalariek belar-gainean gola ospatzeko antzezten duten homo-orgiartxoarekin gozatzeko aukera.
Besterik zer gelditzen zaigu? Entrenatzailea edo dakien gizona; arbitroa edo dezakeen gizona, onaren eta gaitzaren epailea: mendekua, boterea galtza motxetan; eta, ororen buru, ni gehien hunkitzen nauena: jokalaria ispiluaren aurrean: haren aurpegiera txintxo-idiota, haren jazkera korteinglestiarra, kontzientzia txarrak eragindako umiltasun zuri-faltsua eta zazpi-zortzi zerotako diruz kakaztutako barren beltz hirotua.
Salbuespenak badirela esango didate, eta horien artean Mundialean bertan dabiltzan mairuak, hori begi-xapalak, Afrikatik atera gabeko beltzak edo neure herritar batek gobernatzen duen indiokume kristautuen artaldea, eta horien guztien jarraitzaile itsuen samalda; ohizko hitz burlazkoz esanik, herenmundutiarrak eta azpigaratuak. Bai, baina horretarakoxe dago Mundiala, ergelkunde aurreratuaren harmailetara eta sareetara erakartzeko Garapenaren bazterrik bazterrenetako gixaixoak ere. Ikas dezatela haiek ere zer den igande-arratsaldeko aharrausi neurrigabea, aspermenaren hutsa bete-behar eta bete-ezin etsitua.
Bitartean, hortxe duzue, konturatzerako begitartea lausotuko dizuen pantallan, zirkoa, pailazorik gabekoa, guztietan tristeena; egunetan eta egunetan, gau eta egun iraun nahi lukeen igande-arratsalde amaigabea.

