1996-06-29
idatzi mota: Iritzi artikulua
Gaixo, gaizto
Makina bat aldiz entzuna umetan amari: «Gure Iñaki, gaixo ez denean gaixto». Beraz: batek behar bezalakoa izateko gaixo egon behar zuen erremedio gabe. Eta urteen buruan, zer izango?, eta beste hainbeste ikusi dudala gure iloba txiki J.-ren haurtzaro goiztarrean; ondoez-antzean dagoela?: orduan bai goxo, otxan eta xamur, dena matte-matte, bexarka eta ingurukoak musuz jan beharra, esandakoa txintxo eginez, aingeru txuri politt bat dirudiela; baina, pixkortu al da?, indarberritzera egin al du?... ederki ahaztuko zaizkio goxoaldiak, akabo bere bihotx xamurreko ixuri amultsuak, dena da orduan jo-ta-bota beharra, okerra, gaiztakeria eta aztoramendua, gerra huts eta deabru huts. Eta galdetzen diot ez dakienari (dena dakitenen irudipena batere ez inporta neri): orduan zer?: umea txintxoa bada, gaixoa da?; eta umea sanoa bada, gaiztoa? Hala dira itxurak; baina bada beltzagorik: pertsonaren urtetik urtera zuzenago, zintzoago, esanekoago, umilago, buru-makurrago, tontoago, itsusiago, txuriago, goxoago, xamurrago eta maita-beharrago bihurtze hori, zer da? Ze gaixotasun da hori?, ze ondoez klase? Neuk erantzungo dut, baneki bezala: hori da denok (gutxi-asko) izan ginen ume gaixo haren garaipena, exkaxkume beldurti haren gailentzea. Beltzago oraindik: hori da hil-beharraren berri sartu ziguten eguneko izualdiaren biharamun azkenik ez duena.
Jatorria: Euskaldunon Egunkaria
Gaiak: gaiztotasuna existentzia heriotza Iñaki Segurola
Etiketak · Hitz gakoak:

