logoa

1991-03-14

idatzi mota: Iritzi artikulua

Erdara, legea eta ar-emetasuna

Joan den egun hauetako batean zabaldu da bazterretan lege-jakintsu batzuk aditzera eman dutela haur euskaldun eta euskotarrei jartzen zaizkien zenbait izen desegokiak direla eta legez ezin onartuzkoak. Oihana gaixoa izan da inolaz ere lotsagarrien utzi dutena, esanez ez dela emakumearentzat egoki datorren izena, zeren erdaraz 'yedra-lierre' esan nahi omen duen. Ez dakit jendea asaldatu den gizon jakintsu horien ezjakintasun espezializatu bezain neurrigabearen kontra, baina beste leku batetik etorri zait neri asaldua eta kezka.

Loreak eman dit horretarako bide, eta pentsatzen galditu naiz zer esango ote luketen gure lege-jakintsuek baldin norbaiti gogoak emango balio izen hori mutiko bati jartzea. Erantzuna ez da asmatzen gaitza: Loreak 'flor-fleur' esan nahi du, femeninoa da beraz, eta horrenbestez emakumeak bakarrik izenda ditzakeena. Denak ez gara ordea hain zozoak eta norbait aterako litzateke esanez euskaraz 'lorea' ez dela ez femenino eta ez maskulino, ez ar eta ez eme... eta lasai, jaunak. Baina ez litzateke orduan ere faltako euskaldun zuhurren bat aurrekoari ihardetsiko likeena baietz, baina mundu guztiak dakiela lorea zein gauza leun eta hauskorra den, poetek betidanik emetasunarekin eta emakumearekin berdindu dutena, eta adibidez, urrunago joan gabe gure Duvoisinen Biblian nola 'lilitxo' hitzak adierazten duen munduko lanbide zaharrenean ari den emakumea... eta horrelako beste mila kontu.

Baina ez zaie horrelako arrazoiei begiratzen beti: jakina da euskaldun askotxok eguzkiari 'amandre' hitzez deitu diotela, eta halaz guztiz ere Euskaltzaindiak argitaratutako Euskal Izendegian, Eguzki gizonezkoen sailean dator, nahiz Eguzkine ere baduen laguntzat jarria. Izendegi horretatik atera gabe, ar-orotsak dira hor Zuhaitz, Aritz, Ortzadar, Haran, Ibai eta Ur; eme-urrixkak, aldiz, Itsaso, Itzal, Gerizpe, Goizaldi eta gure lehengo Lorea (eta Arrosa, Hostaizka eta gainerakoak); emakumea da Izar baina gizonezkoa Artizar, gizon-itxura du Jaiotz-ek eta andre-itxura Egia, Pakea, Nahikari, Gupida, Kemen eta Gurtza-k; emakume garbiak dira noski, Doatasun, Sorkunde eta Garbikunde, Iraupen eta Sorospen, Itxaro eta Pozkari; Aingeru, jakina, mutil gaztea da, Teologiaren auzi zaharra bidenabar behin-betiko garbiturik uzten dugula.

Eta zerk erabaki du hau?, zerk sexudundu ditu, alderdi batera nahiz bestera, hitz horiek? Erdarak, noski, erdarazko gramatikak eta, zuzenean erdaratik itzuli denean, erdal itzulgaiak, eta erdara diodanean gure erdara maite Espainiakoa esan nahi dut besterik baino areago. Erdarak agintzen du hemen bai, eta erdarak esan du zuhaitza arra dela eta itzala emea.

Erdarak badaki ordea bestelako moduz ere agintzen. Euskarazko '-a' bukaerakoa gehienetan artikulua edo zela uste genuen; baina oker genbiltzan, dirudienez, zeren delako Euskal Izendegi horrek erakutsi baitugu Argi eta Oihan mutikoak direla eta neska-laguntzat dituztela Argia eta 'yedra-lierre' ez den Oihana.

Beste batzuetan ordea, beste erdara klase batek, beste lege batek erabakitzen ditu gauzak, hots, giza- eta emakumetasunari buruzko ideiek: esan beharrik ez, erdararekin denak bat ez datozen arren, zein sexutakoak diren Txingor, Tximist, Ekaitz, Arkaitz, Haitz, Harri, Gar eta Aberri. Gure sexu tristearentzat ez bezala, bestekoentzat hitz goxoagoak eta emeagoak gorde dira: Haizea, Garoa, Bihotz, Amets, Goizeder, Hegieder...; hori bai, senar duenak jaun du, esaerak dioen bezala, eta jabea ere bai: umetandik dakite Gure, Nerea eta Enea nexkatoek jabedun edo jabedungai izateko sortu direla mundura.

Beste zenbaitetan euskaldunkiago eta zintzokiago jokatu da, inongo erdara eta legeri begiratu gabe: horrela, arrak dira Aralar, Ernio, Jaizkibel, Mendaur, Orhi, Udalaitz eta Urko; emeak, berriz, Aizkorri, Anboto, Gorbeia, Izarraitz eta Saioa. Hemen nere ezjakintasun osoa aitortu beharrean nago: marka da, izan ere, nerea, Izarraitz mendia bizi guztian muturren aurrean eduki eta ez bainaiz egundaino haren emetasunari antzemateko gauza izan.

Baina, esan bezala, erdara da gehientsuenetan erabakitzen duena, eta komeniko da, aurrerantzean jar daitezkeen izenak behar bezala jar daitezen, irizpideak argi eta garbi zabaltzea: jakin beza guraso aktualitate-zaleak ahizpatxo bizki sortu-berriei Irrati eta Telebista dei diezaiekeela, biak eme direnez gero, edo teknodemokrata amorratuak seme-alabatxoak Autobide eta Aurrerapen izenez bataia ditzakeela, lehenbizikoa, gezurra badirudi ere, emea baita eta bigarrena ar ernaltzailea.

Baina ez jaunak, ez: hau ezin liteke izan, eta ezin litekeena ezin liteke. Legeak agintzen duela —esango duzue— jaio-berriaren sexua garbiro ezagutzeko moduko izena jartzea, eta nola zuhaitza artu eta itzala emetuko dituen euskararik ez den oraindik sortu, erdarak behar duela nagusi pentsatuko duzue, oharkabean bada ere. Baina ez: legea eta erdara gure kontra badaude, gu legearen eta erdararen kontra gaude. Eta, agian, euskararen grazia eta bertute ez-definitzaile edo gutxi-definitzaileari esker, nekezago definituko ditugu haurrak, nekezago gizon-emakumetuko, eta nekezago hilko ditugu.

Ogrotariko hiztegiko hitzak

Ogrotarikoa? zer da hau?

Zer da Ogrotarikoa?

Falta zaigu hemengo azalpen laburra. Falta zaigu hemengo azalpen laburra.Lorem ipsum dolor sit amet, consectetur adipiscing elit, sed do eiusmod tempor incididunt ut labore et dolore magna aliqua. Ut enim ad minim veniam, quis nostrud exercitation ullamco laboris nisi ut aliquip ex ea commodo consequat. Duis aute irure dolor in reprehenderit in voluptate velit esse cillum dolore eu fugiat nulla pariatur.

< atzera

Jatorria: Euskaldunon Egunkaria

Lotura: https://www.berria.eus/hemeroteka/egunkaria/?u=1991&h=03&e=14&bilatu=alea&orridata=19910314&ikusi=024

Copyright mota:

Gaiak: Izena

Etiketak · Hitz gakoak: