logoa

1999-02-16

idatzi mota: Iritzi artikulua

Nonacionalistak

Behar lukeen bezala dago titulua, horrelaxe, hitz bakarrean. Nonacionalista hemen, paraje hauetan, zerbait izatea da, bai-gauza bat da , Orixe bezala mintzatuz, ez da ez-gauza bat, ez da zerbait ez izate hutsa. Ni eta nere moduko batzuk ere ez gara nazionalistak, edo baxkoak, edo abertzaleak (sinonimoak dira hirurak). Estatuak graziarik egiten ez, eta nolaz egon estatu baten alde? Eta ez pentsa kontra gaudenik liberalen edo anarkisten moduan, Estatuak pertsonaren edo gizabanakoaren askatasun sakratua zapuzten duelako, ez, baizik ia alderantzizko arrazoiengatik, hau da, Estatuaren lantegi nagusia delako herria edo jende zenbakigabea dagoen tokitik (mito-itxura du horrek, badakit) gizabanako edo gizajobanako izuen mordo zenbakidun bat sortzea: hautesle, bezero eta autista mordo bat; eta bizia Kultura bihurtzea; eta hizkuntza jabetasun edo erlijio, eta abar gizen bat. Ez diogu egundaino Estatuari geure burua saldu, osotara bederen, eta ezin diogu nazionalismoari edo estatu-proiektuari ere saldu: ezin diogu gure arima saldu, osotara bederen, kultura euskaljatorrari edo folklore txuri-gorri-berdeari (gauza onen esentzia barrengoena da esentzia barrengoenik ez edukitzea, ez dakit nork esan zuen bezala).

Nik abertzaleen mundua, ez dena baina pixka-pixkat bederen ulertzen dut, edo hala iruditzen zait. Oraingo Aita Estatuarekin ezin bat egin duenak, urrunegia, handiegia edo latzegia kausitzen duelakotz, normala da amestea beste aitatxo edo estatutxo bat ustez amultsuagoa, bere esentzia euskaljatorrarekin bat egiteko modukoa izango dena; aitatxoren etxea defenditzea han lasai bizitzeko, eta batik-bat lasai hiltzeko; mapari begiratu eta «hemen gaude gu» edo «hau gara gu» esanez arnasa handi bat botatzea. Normala da, beste txorakeria asko normalak diren bezalaxe, eta hori ez du bidaiatzeak sendatzen, nonacionalistek uste zuten bezala: alderantziz, kanpozaletasunak, nor bere lurretik mapen mundura jauzi egiteak, larritu egiten du gaitz hori, izatekotan ere.

Nik ulertzen ez dudana nonacionalisten dotrina da, eta ulertu ezin horretxek jarri nau artikulutxo hau idazten. Nik Estatua ontzat jotzen baldin badut, nola krixto egon ninteke estatu bat sortzearen kontra? Nola esan liteke nazionalismoa gauza txarra dela eta gaitz askoren sorburua, haren helburua gauza on bat (estatu bat) egitea baldin bada? Nik, konparazio batera, hazkundean eta garapenean (psikolojikoan eta ekonomikoan) sinesten baldin badut, eta enpresaria banaiz, ezin egon naiteke enpresa berriak sortzearen eta ugaltzearen kontra inolaz ere, eta enpresa horiek nerea baino txikiagoak direlarik, nekezago. Jende asko dagoela hemen estatu txuri-gorri-berde bat sortzearen kontra? Ez du balio: estatu guzti-guztien sorrerako gaitza da hori, eta, bere gaitz eta guzti, Estatua berez gauza ona bada... (Ez dago ahazterik , bestalde, abertzaleak ere Garaipenaren Egunean bertan bihurtuko liratekeela nonacionalista, hots, nonacionalisten arabera, izan behar den bezalako.) Historian atzera egitea dela? Nonacionalismoak aspaldi honetan gauza berbera egiten du, Espainiari «proiektu» deitzen diolarik: Espainia, aspaldidanik gauza egina izanik ere, proiektu zeneko garaietara bihurtu nahi luketela dirudi (hau beldurra!), berek dioten moduan, 500 urte alferrik igaro balira bezala. (Garai dinamiko hauen seinalea besterik ez da hori, badakit; ezkontza, parregarriki, «bizi-proiektu» izendatzearen tankeratsukoa.) Orduan zertan gelditzen gara? Atrebentziarekin: monoteismoaren eite izugarria hartzen hasia nago nonacionalismoari, Jainko Bakarrerako edo, hitzak egunekotuaz, Diru Bakarrerako jaiduraren eitea; horren aldean, baxkoena apropostako erlijio koxkor bat besterik ez da. Baina hona ekarri nauen arrazoia egin ditudan galderak dira, eta erantzun eske gelditzen dira. Badakit egunkari euskaljator hau ez dela lekurik egokiena nonacionalistei argitasun eske hasteko, baina nere ustea da suerte pixkatekin izango direla oraindik bazterretan baxko-damutuak , euskalkume konplexatuak edo unibertsitateko irakasle objetiboak (analista politiko edo kultur kudeatzailetzat hainbeste estimatzen dituzten horietakoak), gaztetan euskara pixkat ikasi zutenak edo zekiten hura zeharo atzendu ez zaienak, eta honako ezjakin honen jakin-egarria txit gustu handiz berdinduko luketenak.

Baina nere uste horrek erdia pasa ustela izan lezake, ni beldur. Izan ere, hain dira nonacionalistak beren fede ultrademokratiko eta Estatupeko horretan tematuak, halako moduan dira errealitatearen gurtzaile itsuak, goietatik agindutakoaz bestelakorik deus ere nahi edo desio ez izateraino zozotuak eta konforma-errexak... Abertzale eta euskaljatorren artean, duda gutxi, beste poz bat ikusten da kanpotik bederen, axaleko poza beharbada edo barrengo etsipen baten estalgarria menturaz, baina kolore eta ikuskizun pixkat behintzat beren funtzio eta denbora-pasetan: bateko ibilaldi eta besteko korrika; manifa nazional, mendi-martxa, ikurrinpeko kantu, bertso eta trikiti saio; gezur polit, ipuin zahar eta mito berri: alderdi politak baitira jende sinesberarentzat, erromeriak eta prozesioak bakandu zaizkigun garaian, eta asko balio dutenak bizimodua jazteko eta Mundu Garatuak kondenatzat ezarri digun aspermena arintzeko. Gogora bedi irakurlea oraindik orain izan diren estadioetako euskal festez: ikaragarrizko giza-mordoak erlijio bihurtutako hizkuntza gaixo batekiko adorazio eta komunio mistikoan! Ez dago hemen hauetan hoinbeste lezakeen partidu, sekta, rockero edo kokakolarik, ez dagoenez! Eta, bien bitartean, ze bizipoz klase ikusten dugu nonacionalisten sailean? Ze entretenigarri, telebistaz, diskotekaz eta miss lehiaketez kanpora? Ezer askorik ez. Eta gainera... nola esango nuke nik? Nonacionalista jende hori, ez dakit, jendaje motz xamarra ote den edo... holakoxe errezeloak dabilzkit aspaldian. Jende motz asko dago bizi garen munduan eta hemen bertan ere bai. Jende motza, bai, motz-jendea. Zertaz ari naizen? Estetikaz, arrazaz, autoestimaz, sentiberatasunaz edo etikaz? Motza... nola? Gorputzez, belarriz, eder-itsusiz, buruz? Hemen ixiltzen naiz: irakurleari uzten diot moztasun edo moztade horren anbiguotasunak hausteko lana.

Ogrotariko hiztegiko hitzak

Ogrotarikoa? zer da hau?

Zer da Ogrotarikoa?

Falta zaigu hemengo azalpen laburra. Falta zaigu hemengo azalpen laburra.Lorem ipsum dolor sit amet, consectetur adipiscing elit, sed do eiusmod tempor incididunt ut labore et dolore magna aliqua. Ut enim ad minim veniam, quis nostrud exercitation ullamco laboris nisi ut aliquip ex ea commodo consequat. Duis aute irure dolor in reprehenderit in voluptate velit esse cillum dolore eu fugiat nulla pariatur.

< atzera

Jatorria: Euskaldunon Egunkaria

Lotura: https://www.berria.eus/hemeroteka/egunkaria/?u=1999&h=02&e=16&bilatu=alea&orridata=19990216&ikusi=005

Copyright mota:

Gaiak: politika

Etiketak · Hitz gakoak: