logoa

1997-05-17

idatzi mota: Iritzi artikulua

PFEZ

Jaun zergabiltzailea: amodioa ez da errenta, baina hala ere deklaratu egingo dut: 1996ko ekitaldian maitatu egin dut (aitorpen mekanizatua). Zenbatespen Objektiboa: maitatu, asko eta nahi baino gehiago (1.000.001) unitate edo maiteki, juxtu-juxtu edo objektiboki). Subjektu Pasiboa: goien sinatzen dudana, tertzerako zutabegilea. Lan Pertsonalaren Etekina: (a) etekin erregularrak: aspaldi esana dago, «amoretan plazer baten mila dira dolore», pozean adina zaputzean, bustian baino maizago lehorrean, denetik pixkat eta ezerezetik puskat; (b) etekin irregularrak: denak ez dira esatekoak eta ixilpean pasako ditut nere sentimendu beltz edo deklaratu gabeak; ikuskatzaileak bidali beharko ditu bihotz-zola zomatu honetara. Atxikipenak: potrotatik atxikirik eduki nau atso alu batek, bai jauna (dotore esana: hark berotu, beratu eta beretu nauela, alegia; nik ere badakit emazteñoen beharriak goxoki kilikatzen). Inbertsioak: sentimendu higiezinetan inbertitu dut, neuretzat kaltean eta erabateko galeran (jakina da higiezinak nola diren, aski eta gehiegitan, higitzen, pitzatzen eta huts bihurtzen). Kotizazioak: Gizarte Segurantzari, Segurantza Pertsonalari eta izenik gabeko beste mila segurantza usteli. Kenkeriak: buruko minak, zorabioak, elbarritze psikofisikoa, autoestimuaren galera. Likidazioaren emaitza: ez dut xemikorik ordainduko, eta, gainera, itzul bekit, faborez eta mesedez, joan den ekitaldian hainbesteraino higitu, atxiki eta zergaperatu nauen Pertsona Fisikoaren kimika.

< atzera

Jatorria: Euskaldunon Egunkaria

Lotura: https://www.berria.eus/hemeroteka/egunkaria/?u=1997&h=05&e=17&bilatu=alea&orridata=19970517&ikusi=003

Copyright mota:

Gaiak: maitemina maitasuna

Etiketak · Hitz gakoak: