1997-11-27
idatzi mota: Iritzi artikulua
Bihotzerre, txalburu, zulogile (Sarasolaren txukunbideaz)
Ibon Sarasola jaunak Euskara batuaren ajeak izena duen liburu bat egin du, eta delako liburu horrekin, duda gutxi, izar berri bat piztutzera doa Euskal herriko zeru gainean. Zeru gainean, eta batik-bat euskaltzaleen gogo-bihotzetan eta aho-mihitan. Sarasola jaunak bizpahiru egunetan jakinarazi dio euskaltzaleen balderna edo unibertsoari eta abar luze bat gaizki eta españolki esana dagoela, orain urte batzuk ohizko eta guzti hau bezalakoen gaitzespenarekin hasitako txukunketari beste bultza-aldi ikusgarri bat emanez. Eta euskaltzale denak zoratzen, beren euskaratxoa behingoz arrasto zuzenean sartzen ari direlakoan, bihotz-belarriei gogor eginez bada ere.
Aurreneko kontra-egitea: ohizko-ren bidetik batasuna, osoa gainera, iristeko puntuan zegoen, Iparraldeko idazle gehienak, hobe beharrez, ohizko-ren altzora makurtzen hasiak baitziren; ohiko (gutako gehienentzat) itsusi horren ederrestea axkarkeria merkea besterik ez zen izan, axkarkeria dokumentatua eta filolojiko-historikoki 'zuzena', baina axkarkeria pedantekarakoa inolaz ere; eta ohiko hori itsu-itsuan gehienek (ez denok) ontzat hartu izanak tristeki aditzera ematen du zenbateraino dagoen egungo euskaltzaledia, 'hala behar omen duelako', edozer gauza irenstera jarria eta etsia, hildako baten ahoa bezalaxe. Bigarren kontra-egitea: Ibon Sarasola, EGUNKARIA, azaroak 12, 13 or.: «Eta abar luze bat, Iparraldeko batentzat arrotza da»; Anje Sainte Marie, leku berean, egun berean, 4 or.: «Ikastolen garatzea, euskal komunikabideen zabaltzea (...) eta abar luze bat»; erran nahi baita, «Iparraldeko batentzat» agian arrotza izan litekeela, baina beste batentzat bederen ez dela; bestela esan, gauza bat dela arrotza izatea eta beste bat arrotza izan ledin nahi izatea, gure txukunbideari hala komeni zaiolako. Abar eta luze elkarrekin uztartzea! Aze bekatua euskaldun jator batentzat! Eta Sarasolaren (hau da, Mitxelenaren) eskolari orpoz orpo jarraitzen natzaiolarik, testu bat atera dut lekuko, Sarasola beraren iritzi eta oponioen kontra.
Txukunbidea gora eta txukunbidea behera. Zein da Sarasolaren txukunbidea, egungo euskara batu txikano-españolduari ajeak kenduko dizkiona? Honako hauxe, neretzat nabarmenena: euskaraz esan edo erabileraz finkatu gabeko hitz eta esapideei gagozkiela (tradiziozko hitzak alde batera utzirik, beraz), español (eta, gehienez ere, frantses) hutsari begira egotea baino, hobe da Europako hizkuntza gehienek ze joera atera duten aztertzea. Ez dakizula día lectivo nola esan euskaraz? Ez etsi egun lektibo-rekin. Zabal bi begiak Europa zaharrera, han aurkituko duzu argia: school day diote inglesez, eta orobatsu beste hizkuntza askok; eskola egun izango zenuke bada, euskaraz, garbi, jator eta txukun askoa, kasik euskaraz asmatua dirudiena gainera, lektibo itsusi hori ez bezala.
Baina bide hau ere ez da krabelindegia, eta badu bere arrisku eta gaizbidea, eta hura da 'axkarkeria edo pedantekeria europeista' dei daitekeeneraino muturrez aurrera irristatzea. Gaitz horren ume dira subjektu edo absentzia bezalako gizamaloak. Ez dut pentsatu ere egin nahi ze farregarrikeria aterako zen, euskara batuaren ortografia erabaki zelarik, pedantekeria europeistaren asta-irizpideen arabera egin izan balitz. Ez dira konturatu usadio ofizialik ezak libreago egiten duela euskara, Europako hizkuntza gehienak ez bezala, zenbait hitz ikasiren itxura gaur komeni zaigun bezala finkatzeko; ez dira konturatu, beste alderdi askotan ez bezala, hotsen aldetik, oro har, española dela gurearen antz handiena duen hizkuntza; eta ez dira konturatu pedantekeria europeista helenismo krutwigtiarraren oinordeko arindua edo light-a besterik ez dela. (Honekin, bide batez, Mundu Garatuaren barneko indio bataiagabeak izateari uzten diogu. Eskerrak zuei, jaunak!)
Baina ba al da Sarasolaren txukunbideaz bestelako biderik euskararen paradisu edo beteginzarrera iristeko? Bai, bada beste bat bederen, eta hura da teknolapiko bena-tarren sasibide, malkarbide edo irristalekua. Bost urteko haurrak ere badaki, konparazio batera, odola zainetan barrena dabilkigula; orain, eskolan maisuari eder egiteko, haur horrek berorrek esan beharko du odolaren zirkulazioan 'zainak eta arteriak' direla partaide. Hau da zentzu onak (eskolarako bederen) erakusten duena, eta Europako hizkuntzek hartu duten bidea: arteria hitza gehitu beren teknodialektuari, baina zain nork bere erara esanez segitzea (ik. Sarasolaren liburuan bena sarrera). Baina, mordoska baten artean bat aukeratu behar eta hartzen dut eskuetan Elhuyar-Harluxet partzuergoak atera duen Ikaslearen hiztegia, eta ikusten dut, ezin sinetsia izanagatik, badela bena hitz bat, gisa honetan esplikatua: «(Anat.) Odola bihotzera eramaten duten baso (sic!) adarkatuetariko bakoitza»; jotzen dut gero zain zerbait ba ote den ikustera, eta hona ze argitasun itsugarri dakarren lehenbiziko adieran: «(herr.) Bena», non herr. laburdurak esan nahi baitu «herri-mailako hitz edo adiera (idatziz erabili ohi ez dena)». Partzuergo horren arabera beraz, bena da euskara jasoan (hau da, putzuzuloraino erorian) hitz naturala, eta zain berriz, haran aldaera 'herrikoi' merkezurrekoa. Amasa hartu, arnasa bota, eta gogoeta ilunenetan amiltzen da nere izpiritua. Hasteko, Hiztegi horrek ikaslea, lehenaz gain, 'estudiatutako tontoa' bihurtzen duela erremedio gabe, zehatzmin teknolatra batek tontotua. Segitzeko; euskaltzale mordoa dagoela bazterretan (eta goi-aldeetan) euskara halamoduz maite eta edozer moduz salbatu nahi lukeena, baina inolako moduz gozatu gabe. (Euskal herria salbatu nahi lukeena ere mordoa dago, baina horiek abertzaleen kontuak dira, eta mundu hori urrunegi gelditzen zait; euskaltzaleak —batzuk— hurbilago ditut.) Eta iruditzen zait bere buruari eta besteri bena bezalako mustro goragalezko bat (eta abar luze-lodi-mardul bat gehi lekioke, hitz eta joskera) irentsarazi nahi izate hori, atsegin hoberik ez opatze hori, euskara gozatu gabe maita-salbatze hori (idealki eta platonikoki beraz, abertzaleen gisan), ezin izan daitekeela parte onekoa, eta esplikazio psikoanalitiko baten eske dagoela, sublimazioaren teoriaren arrimuan beharbada; honelatsu adieraziko nuke nik, behinbehineko hipotesi gisa: egungo euskaltzaledi euskara-salbatzailearentzat (mozorrotutako abertzale hutsak eta mozorrotu gabekoak alde bat utzirik) euskaltzaletasuna halabeharrezko helduleku soila besterik ez da («zer izan/egin ez dakidan honek zerbaiti heldu behar»), eta egungo egoeran, helduleku errazenetakoa, eta gainera, ezin aitortuzko auskalo zer huts edo ezinen betegarri, ordezkagarri eta sublimagarria izanen litzateke; perbertsio bat, azkenaz beste. Hipotesi hau edo beste arrazoimoduren bat txit premiazko zaigu; bestela ez dago ezin sinetsizko gauza asko eta asko ulertzerik inolako moduz. (Ni, badaezpada diot, ez naiz euskaltzalea, ez nago 'euskararen alde', eta ez naiz euskara egiten edo 'euskalgintzan' ari; ni, inork jakin nahi balu, euskalzuloa naiz, ama euskararen umea, eta ama euskararen maitale-gozatzaile edipikoa.)
Hitzak, hitzak, hitzak..., hitz hutsetan galduak gabiltza, badakigularik, bien bitartean, beste barrenagoko zerbait doakigula ihesi; eta ihesi doakiguna da... airea, arnasa, hatsa: ito egiten gara euskaraz, trabatu, katiatu; arrastaka gabiltza, ezinka eta arnaska 'gurea' omen den hizkuntzan; ez graziarik dugu, eta ez gusturik (ez teknolapikoek, ez asta-literatoek, eta ezta itzultzaile eta filologo hitz-motelek ere), eta, ororen buru, ezin asmatu dugu euskarari soinu gozorik ateratzen. Salbuespena: erdaraz behar bezala ikasi gabeko azken belaunaldia, oraintxe gure muturren aurrean itzaltzen ari dena (Auspoa-ko agure-jendea, Leitzako errege-erreginak eta abar txit labur bat). Eta alferrik idatziko ditugu milaka orriko liburuak hau gaizki dagoela salatuz, eta beste hura gaizkiago (erlatiboa, ergatiboa, bomitiboa...). Eta halaz guztiz (ezin etsi, motellak!), beste ale bat erantsiko diot neuk oraintxe gure arrosario azkengabe honetako misterio dolorezkoei. Euskararen hil-usain hazkor ezin geldituzkoaren markarik odolgiroenetakoa da, beste milaren artean, gramatikazko puntu ustez seguruenetan ere erdal usadioetara errenditzea. Oso geurea dugu, itxura batean, -a atzizki, artikulu edo mugatzailea, oso euskalduna, eta badakigu (baldinbaitere!) non eta noiz eransten zaien atzetik zenbait hitzi. Baina, bai zera! Nonahi ikus eta entzun litezke gaur gisa honetako kaka-lili erdalklonikoak: ikurriña bat (ñ eta guzti, 'erdaraz' bezala), bost txapela irabazi, txartela bat, trikit(r)ixa tradizionala, etc. 'Hemengo' erdaraz nola la ikurriña-eta esaten diren, orduan, euskara erdalklonikoan ikurriña bat, txartela bat... Erdarazko erabilerak erabakitzen du hitzak -a duen ala ez!!! Hau markaz fuerakoa da, eta 'hizkuntza hilaren sindromea' ez bada hori, zuek esango didazue zer den. (Pertsona-izen batzuekin ere gertatu da erdararen soinuan dantzatu behar hori; neronek ezagutu ditut neure bizialdian Máritxo-ak Marítxu bihurtzen (eta Bizkaitik kanpora ari naiz, jakina); zergatik, eta erdarak, Bilbo aldetik-eta, Marichu zabaldu duelako (eta Mirenchu, etc.), Josechu-rekin eta lortu ez duen garaipena, bidenabar esan; hemen baliteke 'jenero' kontuak zer ikusia izatea: nola izango da ba emakume-izen naturala -txo bukatzen dena?) Gortu gara zeharo euskararentzat!
Txukunbidera nator atzera, eta kasu bat kontatzera. Euskaltzaindiaren Hiztegi Batuko lantaldean, norbaitek..., bueno, beharbada ez da esatekoa izango, baina nik neronek, beste hizkuntzetako berri batere jakin gabe, legezko adin proposatu nuen gaztelaniaz mayoría de edad dioten horren ordaintzat, eta garai bateko adin heldutasun erdalklonikoegiaren ordezkotzat. Gaztelaniazkoaren antz gutxitxo nonbait, eta larri jendea, segurantziarik ez. Etsi-etsian txukunbide europeistaren arrastoan abiatu gara, eta horra non jakiten dugun inglesez lawful age esaten dela hori, hots, 'legezko adin' gutxi gorabehera. Hura jendearen lasaitua! Inglesak asko laguntzen du, bai, baina badirudi geure baitarik sortutako gauzekin ez garela sobera fio; badirudi, español hutsari itzuri egin nahi liokeen txukunbide berriaren arabera, Europako inongo hizkuntzatan esaten ez den gauzarik ezin esan edo proposa daitekeela euskararentzat; badirudi, lasai geldituko bagara, Europako hizkuntza baten (ahalik-eta gehienen) babesa, argia eta itzala behar ditugula baitezpada. Eta martxa koxkorra da hori oso. Horrek esan nahi du, eufemismoak alde batera utzita, euskara autonomiarik eta bizitasunik gabeko hizkuntza dela, eta hizkuntza barren-hutsa, elkortua, agortua eta hila.
Autonomia eta bizitasuna. Linguisten artean jakina denez, W.A. Stewart jaunaren teoriaren arabera, lau eskuleku edo ardatzetatik harturik neur daitezke hizkuntza baten graduak: delako hizkuntza horren historikotasuna, normalizazioa, bizitasuna eta autonomia. Halaxe gogorarazten zigun Mitxelenak ere duela hamasei urteko «Nuestra irresistible ascensión de la poesía a la ciencia» izeneko artikulu gogoangarri eta gogoetagarri hartan. Mitxelenaren orduko jardunaren funtsa zen jendeen hizkuntza arrunt eta naturalak bere autonomia gal zezakeela, euskara hizkuntza exonormatiboa (eta hipernormatiboa, gehitzen dut nik orain) bihur zitekeela, hau da, hizkuntzaz goragoko eta kanpotikako zera batek jarritako arauen mendean errenditu beharrekoa; eta horrek garai hartan (1981ean), Mitxelenaren arabera, esan nahi zuen, besteak beste, euskara arrunt-naturala UZEI-euskara tekniko halamoduzko baten dialektu soil bihurtzea (cf. gorago aipatutako zain-en atarramentu beltza, Zientziaren erpinetan ondoeztutako zenbait teknolapikoren atzaparretan).
Baina neretzat, eta hemen darabilgun teman, bizitasuna eta autonomia biak batean ageri zaizkit, eta honako euskalzulo bihozmindu honek (ai, ama!) deklaratzen du: euskara gaur, erabat harturik eta salbuespen abar-laburrak salbuespen, ez da hizkuntza bizi-autonomoa. Euskalzulo batek, gaur egunean, euskarari hildako hizkuntza baten tankera hartzen dio erremedio gabe. Hizkuntza exonormatiboa eta kontsignapekoa da ezin sinetsizko neurrietaraino, eta berdin dit orain kontsignanteak zein diren: Elhuyar-Harluxet edo Sarasola-Lur. Kontsigna eta arauen gainezkatze eta saturazioak, martxa honetan, hizkuntza naturalen multzotik behin betiko erauzaraziko du euskara; gehiegizko olio arauemailearen gantzudurak ito egingo du, lehenaz gain, euskararen motor elbarritua. Euskara 'behar-hizkuntza' bihurturik dago: euskaraz ez da ia deus hola-ta-hola esaten; euskaraz ia dena hola-ta-hola esan behar da. Euskaltzalea, bien bitartean, lainopean bezala galdua dabil, eta bere ezereza jazteko, munduko inongo hizkuntza bizi-autonomotan gertatzen ez dena, kontsignak eta arauak eskatzen ditu, loreak udan ihintza bezala, zenbat-eta gehiago hobe (cf. Euskaltzaindia 'orduak nola esan behar diren' esplikatzen!!!). Haiei itsu-itsuan segi, eta lasai ederrean bizi da euskaltzalea, zoratzen, nekrofiliazko atsegin debekatuei ederretsirik, aski segur. Kontsignapeko euskara ikasi-landua egingo du euskaltzaleak bere ustez, jakin gabe ordea, oraindik (urte askoan!) gelditzen zaizkigun euskaldun ezjakin bakanentzat, ikasitako euskara juxtu-juxtuko euskaldun berri nabarmenen totel-hizketa besterik ez dela.
Baina euskara inoiz hizkuntza bizi-autonomoa izana da. Noiz? Ba, konparazio batera, eta hitz soilen eremutik atera gabe, zulogile, txalburu eta bihotzerre bezalako hitzak asmatzeko eta zabaltzeko gauza zenean. Gaur, berri-berritik, 'ehorzle' esateko ez litzateke inor ausartuko zulogile proposatzera; 'zabalegia' izango litzateke, ez aski zehatza, eta beraz, ez litzateke etimolojikoki xuxena (hilotzen ehorzleari nola deituko diogu ba «zuloak egiten dituena»?); askatasun poetiko handiegia litzateke euskara bezalako hizkuntza hil-hurren batentzat. Erdarak libreago dira: zuloari agujero deitzea zilegi da oraindik, gaurko hiztunak hitz hori orratzekin lotzen ez duela jakinik ere; edo chauffeur (eta hortik chófer) gidari autistari, gaur deusik berotzen ez badu ere. Gaitz edo ezintasun honen antzeko zerbaiti deitzen zaio Sarasolaren liburuan esne desnatatuaren sindromea (ik. Han bertan esne desnatatua sarrera). Igelkumeari txalburu esatea berriz, ez da zoolojikoki xuxena; orain kasik ez dago deus proposatzerik Zientziaren dotrinarekin bat ez datorrenik; gaur txalburu bezalako hitz bat proposatzea hiperpoetikoa litzateke euskaltzaleen kontzientzia kamustuarentzat. Eta bihotzerre? Puf!, kasik lotsagarria ere bada. Esaiozue hezurbeltz bati belarri-ertzera «que al ardor de estómago los vascos le decimos 'corazón quemado'» (berez ez da hori, baizik 'quemadura (ardor) de corazón' jakina). Txukunzale europeistaren bat horrelako estuasunean kausituko balitz, jakinik Europako ispiluan bere burua ezagutzeak zenbateraino pozkidatzen duen, jakin beza, ez badaki, bihotzerreari inglesez heartburn esaten diotela, hots, bihotzerrea. Baina berdin dio; hitz hori asmatu zuten euskaldunek ez zekiten inglesez hitzik ere, eta hortxe dago koxka: hizkuntza bizi-autonomo batek asmatua dela bihotzerre, eta ez, heartburn-en eredura, autonomiarik gabeko txukunbide europeista batek sarrarazia euskararen gorputz arnasgabean.
Eta hauxe da Sarasolaren txukunbide europeistaren ajea: españolaren morrontzapetik, españolaren errainu izatetik, 'europeera'-ren errainu izatera igarotzen garela. Stewart-en lauhortzean, euskara hizkuntza historiaduna (Historia baino hagitzez lehenagokoa!), eta normalizatua izango da, txukunkiro normalizatua, baina, ai!, bizitasun eta sormen autonomorik gabea, gaitz horiek, begien bistan dago, ez dituelako inongo txukunbidek sendatzen. Ez da izango beharbada benetako hizkuntza hila, baina bai apropostako hizkuntza bukatua.
Sarasolaren liburua baitezpada irakurri beharrekoa da. Joan den aspaldi handian ez du inork inongo liburutan, zenbait desarrazoi kaxkarren artetik, hor biltzen den adina zentzuzko arrazoi bildu euskararen izaera eta zer-nolakotasunaren gainean. Euskaltzale txintxoen unibertsoak atsegin-kontentuz irakurriko du, amenka. Honako euskalzulo honek omenka irakurri du, eta pasioz, liburuarekin borrokan bezala: irakurri dudan denboran, ez dit bakerik eman hilotz bat lurrazpirako edertzen ari garelako irudipenak.
Ezin hilez gaude bizirik.
*** Oharrak: Ohar batzuk idatzi zituen eskuz egunkariko orriaren gainean, hitz batzuk zuzentzeko. Zuzenketa horiek aintzat hartu ditut jasotako testuan.
