logoa

1999-06-06

idatzi mota: Iritzi artikulua

Normala, normalegia

Jendea ezin sinetsirik egongo da oraindik ere. Nola okertu litekeen pertsona ezegiteko horiek egiteraino; derrigor egon beharko zuela burutik pitzatu antzean; normala ote zen, nolakoa zen gazte-denboran, ez ote zitzaion joera psikotikorik nabarmentzen, etab. Baina hemen atera nahi nukeen koska da ez zaiola sekula jendeari horrelako galdera edo zalantzarik sortzen hiltzailea Kausa jakin batek darabilenean, dela polizia, dela borrero edo dela militantea (zuzeneko hiltzaile handi eta txikiez, legezko eta legez kanpokoez ari naiz, eta badakit handienak beste batzuk direla: gerra-piztaileak eta autogileak, adibidez). Legea, Estatua, Aberria edo Ordena bezalako idealengatik hiltzen duenaz ez dauka inork horrelako esankizunik, ez gisa berean behintzat. Kontua da nik hemen, eta batere maite ez dudan hitza erabiliz, beste horiek duten duintasun berbera eskatzen dudala Gasteizko J.L.L.A. azkoitiarrarentzat, ez gehiago eta ez gutxiago (ez naiz on-gaitzetan sartu, eta ez diot diodana Ixtitutuan elkarrekin ibili ginelako, zin dagit). J .L. beste horiek denak bezain idealista zen, eta idealistagoa ere bai: Diruaren idealak itsutua eta saldua ibiliko zen seguru asko, gu guztiok bezalaxe baina gu baino areago, eta jakina da Dirua dela dagoen ideal idealistarik goitarrena, lehenago aipatutako idealtxo horiek denak mendean dauzkana eta guztietan itsugarriena.

Normaltasuna da batere maite ez dudan beste hitz bat, eta honelakoetan erremedio gabe ateratzen dena. Etsi-etsian aitortu beharra dago jende normalenaren artetik (eta J.L. normaletakoa zen: fubolean jokatu, soldaduskara joan, ezkondu, gizendu...) ateratzen direla izugarrikeriarik handienak: edozer gauzaren (baita inor hil beharraren) ezin bestea eta halabeharra irensteko eta sinesteko gauza den jende normal sineskorrenaren artetik.

Bere duintasun eta normaltasun guztiarekin, beste killer guztien pare samarrean ikusten dut J.L., ez haruntzago eta ez honuntzago. Bizi-beharra eta hil-beharra biak batean uztartu dizkion ideal baten biktima: biktimak ugaltzen dituen biktima.

< atzera

Jatorria: Euskaldunon Egunkaria

Lotura: https://www.berria.eus/hemeroteka/egunkaria/?u=1999&h=06&e=06&bilatu=alea&orridata=19990606&ikusi=006

Copyright mota:

Gaiak: giza harremanak

Etiketak · Hitz gakoak: