1996-08-20
idatzi mota: Iritzi artikulua
Zorionak zerura
—Aizu, bueno, orduan, eee... Segurola zara zu, ezta? Harako Realeko entrenatzaile hura bezala?
—Bai, Arestiren ama bezala. (Maisuak orduan baiezkoa buruarekin, jabetzen zela.)
Ni ere aspaldidanik nengoen jabetua zu Mitxelena zinela, gizon jakintsu bat, edo, hobeki esan, «dena zekien gizona». Gehitxo bezala. Baina zu zer zinen amets batek adierazi zidan gau batez, ez dakit zuzen ala oker. Gauza hauek ez dira agerian esatekoak, badakit, eta horregatixe (eta zure itzal txuriegia bixitzearren) esango ditut hemen; eta beraz, diot, honelatsu izan zela amets hura: Gasteizko Fakultatean batzarrea, alias asanblada; zu hizketan ari, plastikozko zigarroa eskuan, eta hor atera naiz ni jende-artetik oihuz: «Mitxelena jauna, atzerakoi alena» (jatorrizko hizkuntzan, asanbladetakoan: «Señor Michelena, es usted un reaccionario»). Ustezko maitasunaren, begirunearen edo zerako zeraren azpitik zer dabilen ez da beti (sekula?) jakiten, eta halakoxe ezustekoak etortzen dira batzuetan ametsetatik esnatzerakoan. Baina ez da harritzekoa ere, alde batera: atzerazale, geldizale edo astiro ibilzale horietakoa zinela idatzi zenuen behin batean; neurriz, tamainaz, zuhur (xuhur?), zentzuz, kontuz, tentuz... zen zure eskola, eta delako amets hura egin zuenari ez egiten onik, nonbait, erretolika horiek. Ametsak erdibide guztiak higuin dituelako, beharbada.
Baina, beste aldera, bazen bere baitako erdibideak hausten zekien Mitxelena bat ere: dena jakin usteko ezjakin arrunt pedanteen kontra irakiteraino asaldatzen zena, izan zitezen agure zahar kamustuak edo berdin gazte txoro argituegiak; edo Poesiatik Zientziara, Otoitz ongiletik Teknika dirugilera hamabost egunean trabestitu zirenak; eta Gure Herria eta Gure Hizkuntzarekiko ezinezko mistika lerdejariozko batean lausoturik bizi zirenak eta direnak; edo ideologoak, edo teorikoak: zuk erakutsi zenigun, maisu, teoria (fede) merke, erraz, polit eta oro-esplikatzaileekin fidakaitz izaten, haien altzo erosoan ez lokartzen, eta hori dena, xehetasun hutsalenen amorez eta errespetuz (zintzoegia zinen sineskor izateko, hau da, gaiztoegia). Ederki gozatzen ginen orduan zurekin, zure haserrezko hitz frijitu haiek gogotik aditzen, bai esnai geundela eta bai ametsetan ere, nik uste. Ez zenuen, izan ere, karismarik (zerorrek askotan aitortua), ez zinen garbi-jator horietakoa, etsai-lagun kolaborazionista sasikoa zinen jendaila buru-zapal ortogonalarentzat, eta badakit, maisu, arantza horrek zazpitan zulatu zizula bihotza.
Eta honako maisu-kalte hau ere, zure oroimenari beste zaztada bat egiteagatik-edo, kargu hartzera datorkizu orain, pare bat huskeriatan besterik ez bada ere. Arrazoia: hildakoak errespetuz tratatzea lehen baino hilago uztea delako, berriro hilaraztea ainakoa delako.
Gizon naiz euskaldun baino lehen. —Eta (larri ibili!) baita demokrata, europar, edo Kultura, Zientzia eta Aurrerapenaren zale ere. Barkatu, maisu, baina gezurra da hori, edo zuk, esku itxiarekin mahaiari danbatekoa emanez esan ohi zenuen bezala, GE-ZU-RRA!! Zu eta ni haur jaioberri eta, gehienez ere, titi-ume izan ginen euskaldun baino lehen, inolaz ere ez 'gizon'. Ezin litekeena da hori. Eta ohar zaite zeuk irakatsitako metodo historiko-diakronikoa darabildala hemen gidari; hau da: gugan euskalduntasuna lehenagokoa da, zaharragoa eta jatorragoa, gizontasuna baino. Gero, jakina, (haur) euskalduna gizon bihur liteke, zu gizondu zinen bezala, edo geldi liteke, nere kasuan bezala, gaur naizen gauza konpreniezin honetan iltzatua. Berdin dio. Kontua da, dakigunaren arabera, euskaldun izan ginela (eta, beraz, garela) gizon baino lehen, eta kasik beste edozer gauza baino lehen ere bai. Zaude etsi-etsian, maisu, zuk esanaz edo idatziaz bestera direla gauzak.
Gu jende gara filologo baino lehen. —Hau da zure ahotik inoiz entzun nuen arrazoirik ederrenetakoa. Gu edozer gauza garela alegia, edozein garela (horixe da guretzat 'jende' izatea: deus edo inor ez izatea), zerbait izan baino lehen, zernahi eratako -logo ohartuak bilakatu baino lehen. Eta lehengora nator berriro. Izan gintezkeen menturaz 'jende' euskaldun baino lehen («ume-jendea» esaten dugu), baina ez 'gizon', eta ezta, aski segur, 'pertsona' ere (ez dago mozorrorik jazterik hizketan hasi baino lehen). Eta hementxe dago «madria», maisu: ni jende bezala ari naizela hemen zurekin hizketan, batere tranparik gabe, logo-en zimardika eta hitzerdika engainagarrietan alferrik galdu gabe, eta orduan, 'gizon' da neretzat hiztun jendeak hitz hori aditzen duenean ulertzen duena eta besterik ez; ez dut 'gizaki', 'ugaztun adimendun' eta antzeko bihurrikeria jakintietan katiatu nahi, ez diot «logokeria» lasaigarriaren dialektu tranpazkoari (noiz-nola, komenentziazko haizearekin batera dabilenari) amore emango, aditu? Garbiago daude gauzak orain, nik uste. (Gauzatxo bat, hau irakurriko duten emakumeentzat: a) har ezazue «gizon naiz euskaldun baino lehen» esaldia; b) idatz ezazue gero horren ordez «emakume naiz euskaldun baino lehen»; sartu (a) eta (b) buruan, egon puskatean hausnarrean, eta hitzegin gero, buruko minak edo txorabioak aldegindakoan.)
Erdara ere hemengoa da. —Ez dakizu ongi, maisu, ze laineza hartu duten zure esan horrekin, zerak... beste jende horrek, Etxape honetako Bestekoek. Harro-harro eginda ez dabiltza ba! Lehen-lehenago «agur, neska polita» eta horrelakoak ikasten zituen jende horrek euskaraz, eta orain berriz badirudi «erdara ere hemengoa da» dela mihirik zikindu gabe euskaraz esateko prest dauden gauza bakarra (hori bai: bazterrak nazkatzeraino). Alde ederra! Gertatzen dena da gerra bat galdu zuen gizonari ez ziotela sekula bakerik eman nahi izan, eta Gizon Handi edo Jainko Txiki eginik ibili zintuztela zure hemengo izatearen azken-aldiko urteetan. Norbaiten hitza antzutzeko ez dago norbait hori jainkotzea eta harri bihurtzea bezalako xixtimarik, eta harri astun hori da orain gure buruen gainera nokieroko latz baten gisan datorkiguna.
Errealismo amorratua gaitz txarra da, maisu, zahardadearen parekoa-edo. «Gauzak hala dira, eta halaxe behar dute izan» da dotrina hori. Esango bagenu bezala; «bizitzaren kontu hori oso ondo egongo da, nahi duzuna, baina heriotza ere hor daukagu zain, eta beraz...» Ez jauna, ez: delako esaldi hori ezin esan dakioke erdararen hemengotasun itogarria ia momentuoro nozitzen ari denari; eskarmentu txarra sobran duenari esplikazio lehorretan ekitea itsusia da oso; ezin zaio bildotsari, ia itoan daukan otsoagatik, «otsoa ere hemengoa da» esan. Ez, ezin liteke eta ixo. Gaizki egina oso.
Gogorregi ari ote naiz? Hala usteko du noski, zure bizi-denborako eta hil-ondoko ipurgarbitzaileen samalda azkengabeak, hitz zuri faltsua aho-beteka botatzen bestetan ez dakien jende-modu horrek. Baina maite den maisuari kontra egin behar zaio; batere axolarik ez dugun bati dena 'bai' esan eta goraintziak baino merkeagoko loreak eskaintzea ulertzekoa da, baina ezingo nizuke zuri horrelakorik egin, ez behintzat zure itzalak nigan argitzen dueino. Aizue: neretzat klasea elkarrizketa da, e?, esan zenigun inoiz zure ikasle ginenon mututasun lotsatua hautsi beharrez. Honako hau ere, bere xelebrean, elkarrizketa bat da, eta elkarrizketa beti da kontra-hizketa, arrazoiketan elkar probatzea eta tentatzea. Bai, orain mututasuna zurea da, badakit, eta ezin deus egin zuri hitz bat ateratzeko; ez omen du erremediorik.
Eta, nolanahi ere, zer esan behar nuen jator eta esker oneko agertzeko? Koldo Mitxelena, Errenteriako (ez Oreretako!) euskalduna, gizon ona, eusko gudari ohia, linguista ikaragarria, idazle aparta, hiztun... eta hemen gezurretan hasi beharko nuen, zeren, atzeraka ere bazenekien zeuk, hiztun aldrebesa zinen, inon aldrebesik bazen. Izan ere, zer zinen zu halakoa? Gauzak bere izen zuzenez izendatzeko beldurrak bezala, zenbat imintzio eta zehar-ibilera, zenbat itzulika eta inguruka, esan beharreko hartarik ihesi beti, esan nahi eta esan ezinez. Nola esango nuke nik?, ateratzen zitzaizun hitzetik hortzera. Ez, ez da erraza gauzen izenetan sinestea, gauzek izen egoki bat dutela eta izenek gauza jakin bat adierazten dutela sinestea... nola esango nizuke nik?
Gainerakoan, berri onak daude hemen: dena ongi doa, gauzak gero-eta azkarrago, errazago eta gaizkiago egiten ditugu zuk aldeginez geroztik. Jende dixtiranta ikaragarri ugaldu zaigu Zientzian, Literaturan (puf!) eta bestetan, baina batipat Informatikan: ezereza programatzen ikasi dugu, eta ezerezak programatzen gaitu orain.
Ez zintuzket minberatu nahi, maisu, baina bada gauza bat hemen derrior esan beharrekoa, eta lehenbailehen esanda hobe. Badakizu zer zaren orain hemen? Garbi esango dizut: orain hemen Kulturune bat zara; bai, Koldo Mitxelena (edo, maizago KM) harrizko Kulturune bat da orain. Ze krixto den Kulturune bat? Hara: nahiago dut ez esanda, baina delako etxe (eraikin?) santu hori zabaldu eta hilabeteetan egon nintzen han sartu nahi ezta, teman, ni ez ninduela delako Koldo Mitxelena horren sabel mutuak azpian harrapatuko. Ez gogo onez, baina azkenerako etsi egin zuen exkaxkume honek.
Honainoko jardun hau guztia aitzakia bat izan da, maisu. Zerura zorionak bidaltzeko aitzakia. Zergatik zerura? Ba, zuri lur eman zizuten egunean honako izkribu hau agertu zelako Errenteriako elizaren paretan: «Mitxelena zerura!» Eta sinestu egin nik, eta hargatik bidaltzen dizkiot hemendik zorionak zeruraino (nahiz badakidan zeruak ez duela zorion beharrik), gaurko egunez, oso aspaldiko abuztu batek hogei egun zituela, mundura jaio zenari; munduaren eta mundutarren ergelak betiko erremindurik utzi zuten gizonari.
Urte askoan.

