1997-02-08
idatzi mota: Iritzi artikulua
Karaoke
Kanturako gustua aspaldi galdu zen gure munduan (salbuespenak: Irlanda, Zuberoa... huts eta bakar gelditutako parajeak, bihotzak; gure xorion eta ongizatearen trena galdutako bazterrak). Kantuaren galera horren seinale patetikoena pleibakaren sorrera izan zela esango nuke; eta ez zegoen batere gaizki: belarri on xamarra behar, eta ritmoaren sena,
aho mutua egoki mugitzen asmatzeko. Baina aho mutu itxuratien funtzio hori gaur nabarmenegia zen, gezur jakinegia, eta huts hori erremediatzera etorri da karaokea, karaokearen ugaltze ikaragarri hau. Karaokean ez dago gezurrik, nork bere
ahots eta kantaera propioa entzunarazten du, aukeran, libreki, eta horrezaz gainera, performance-a biribiltzeko, imintzio ergel batzuk egin litezke, eta txorakeria pixkat, eta dantza lerdo puxkat. Aukeran, libreki, eta izugarri libertituaz gainera. Txotxongiloak diruditela karaokerrak?, edo loritoak, edo papagaioak, edo sunormalak?
Bai, egia, dena dago grabatua, dena dago idatzia, letra eta musika. Eta zer? Eta zuek zer uste zenuten zela bizitza izeneko hau? Ba, karaokea asmatu zuen berberak asmatutako gauza bat inondik ere: letra eta musika, dena grabatua, dena idatzia, papagaioaren performantza ekitaldi bakar luze-luzean, baina nork bere ahots eta aurpegiarekin ustez, nork bere imintzio eta txorakeriekin, aukeran, libreki, eta, mirarien miraria!, izugarri libertuaz gainera.

