1996-05-18
idatzi mota: Iritzi artikulua
Eskerrak Zuri
Eskerrak bai, Jauna, lehenbizi, anormala egin nauzulako. Gauza ederra da anormala izatea: norma, badakizu, ‘eskuadra’ zen latinez, eta normala berriz, angelu zuzenekin egina dena (grekoz ortogonala), hots, laua, laukia, berdina, orekatua, zapala, txapeldun haundien enzefalograma bezala, orduz-lehengo hilotz ibiltariak bezala. Eskerrak, gero, ezin biribilduzko akats existentzial bat landatu zenidalako arimaren erdi-erdian; heldutasunik eta nortasun sendorik gabea egin nauzulako: norbera nor den eta zer nahi duen badakien jendaxka itsusi umoregabe gazte-zahartu hori bezain idiota zoriontsua egin ez nauzulako: ideiak garbi edukitzeraino umetontotu ez nauzulako. Eta eskerrak, halaber, Etorkizun Handiari buruz egunetik egunera sorrago eta itsuago egiten ari naizelako: Zuk alfer-alferrik asmatutako Heriotza Bakar behinbateko eta behinbetiko horren kaltean, horren batere beharrik gabe, badakidalako egunero naizela hiltzen, joankizunaren istinga honetan galtzen, ezinkizun zoro honetan azkengabe papurtzen, irintzen; ordutik ordura, hutsetik hutsagora. Eta eskerrak, azkenik, Jauna, nortasunik eta heldutasunik gabeko nere moduko anormal akasdun mordoxka maitagarri bat paratu didazulako inguruan.
Eskerrak Zuri, Jauna. Ez zara Zeuk uste bezain ahalguztiduna.

