1997-03-22
idatzi mota: Iritzi artikulua
Justiziarik ez
Itsasondon botatako poliziak bi bider hil omen dituzte: hala zioten aho batez haien ofizioko, etxeko eta bihotzeko guztiek. Bi bider: mutil gazte batek aurrena eta herriak hurrena, herritik ateratako juraduak. Eta zergatik, eta ez omen delako justiziarik egin. (Justiziak ere eztitzen ditu piztiak, musikak ezezik). Eta bai, egia, ez da justiziarik egin: ez du inork pagatu gertatutakoagatik, ez da berdindu edo enpaztu; ez zordunik eta ez errudunik; ez gaitz bat sendatu beste gaitz batekin, eta ez oker bat zuzendu beste oker batekin: erremediorik ez zuena erremediorik gabe utzi, bere hartan; azken finean, ez da mendekurik izan eta, beraz, ezta justiziarik ere; ez da justiziazko epairik izan eta, beraz, ezta mendekuzko ebakirik ere. Eta egingo dute gizon xuxenek: baina horrela behar al zuen?, ongi al dago hori? Izan ere, justizia gauza ona dela sartu digute hezur-muinetaraino, egokia eta arrazoizkoa; justizia eskatzen ere ohitu gaituzte, ogiz eta urez bezain justiziaz gose eta egarri izaten (euskaltzaleak ere aztoraturik ibili dira euskaldunontzat justizia eske); bestelako justizia bat ere ba omen da, herritarra edo iraultzailea, barkatuko ez duen herriaren izenean administratzen dena... Nahi duzuena, baina, gure zorionean, bada justizia mendekutik bereizten ez duenik; gaizki egindako jendea noski, zigortu baino ahaztu nahiago duena, kasu honetako juradu eme (bat ez beste denak) justizikalte eta polizikalte hori bezalakoa.

