1993-12-26
idatzi mota: Zuzendariari
Loiola 93-XII-17
Inazio hor dago, beti ernai dago. Gauerdia pasatxo da eta Loiolak hilerria dirudi, Inazio gudari haundi haren itzalak estalia. Okupatzaileak bisitatzera joana ni. «Dos minutos para desalojar», hotsegin dute Demokraziaren eta Bakearen euzko gudari gorri-beltzek. Handik pixkatera gainean ditugu, gure bailarako trena erahil zutenek usteltzen utzitako eta ordu batzutako okupazio-saioak biziberritu duen geltoki zaharrean.
Armetan jarria dauka konpainia. «Hemen gaude, bazter guztietan gaude». Tiroka sartu dira eta haien tiro-kolpeak den-denok harrapatu gaituzte. Odolik ez da izan. Demokrazia aurreratuak odola baino maiteago du informazioa: argazki-makina kargatu eta tira, orrazteko ere betarik eman gabe. Izena galdetu eta «mira Iñaki, tengo órdenes», esaten zidan amultsuki, haietan xantu-papera egiten zuenak, izenez Javier, izanez gizajoa mila bider. Gauza bat doze-nerdi bat aldiz, lorito eskolatuak bezalaxe: «tengo órdenes, tengo órdenes». Noren ordenak? Erantzunik ez. Ze arrazoi? Pareta zuriari jardutea baino okerrago. Jo eta bertan egurtu ez gintuztenean kontent egoteko eta eskerrak ematen bagenuela lanik aski: horixe haien arrazoi biribilena. Gainerakoan, gure nortasuntxoa haien eskuetan utzita aterako ginela: izena, numeroa; bestela barrara. Atxilotuaren eskubideak irakurtzen hasi ez zait ba. Esku biak lotutako eskubideak: harrapaitzak plakatik! Esku-bide honetxek bizi gaitu. Hala diote: ez al du oraingo jendeak edozertarako eskubidea? Eta hala ere ezin pake-pakean errenditu? Ezin errenditu tabeman, etxean, kalean, banaka edo bikotean, giro jatorrean, umore ederrean, lehengo legean, abertzale planean, betiko fedean edo telebistaren aurrean? Marka da eskarmentu gabeko gazte txoro hauena, marka denez! Hala diote.
Txispaz armaturik, bandera zabalik. Aurpegiaerdi-estalita sartu ziren gehienak, aurpegia estalia eta burua estaliago, barnez eta kanpoz. Nere artean: okerreko zulotik mundura jaiotako makina bat amaren ume ergel bazebilek munduan uniformez apaindurik. Gaizki pentsatua: buruak gorago daude. Non ordea? Ez al da ba gauza jakina eskalafoian gorago eta orduan-eta idiotago déla pertsona? Bai, halaxe da. Ñor da orduan etsaia? Jauna? Estatua? Legea? Kapitala? Gehiengo demokratikoki ergeldua? Beldurra? Heriotza? Geure burua? Denbora? Eguraldia? Etsaia ez da ikusten, abstraktua da, ez du bururik ez hankarik, leku guztietan dago eta inon ez dago, Jainkoa bezala. Horixe du armarik onena. Baina, hori bai, arrazoia behintzat badakigu non dagoen: behean, zenbat-eta beherago eta garbiago, izenik eta numerorik gabeko jendearengan. Horretan duda gutxi.
«Ya hablaremos otro día, Iñaki»: halaxe agurtu (mehatxatu?) ninduen Javierrek, aldegin baino lehen. Bien bitartean, hilerri latz honetan lotan daudenak Inazio gure zipaio haundiari erregutzen diote ametsetan ere: «gau ta egun, gu guztiok pakea dezagun, beti gau eta egun».
Jatorria: Euskaldunon Egunkaria
Gaiak: loiola oroitzapenak memoria polizia gertakariak
Etiketak · Hitz gakoak:

