logoa

1996-08-10

idatzi mota: Iritzi artikulua

‘Programie'

Puntta-punttako diseinua du, ikusgarria da oso, aldizkari garesti barru-merke baten tankerakoa. Festetako egitarau bat baino askoz gehiago, inongo herritan egundo ikusi ez den gauza da. Hiru milioi bota ditu udaletxeak horretan bakarrik: herri oso bat (lehenaz gain) harrotzeko lain bada, eta txoratzeko, eta lerdotzeko. Loiolako militar santuaren ohoretan Azpeitian egiten diren festak aipatu, eta edonork aterako dizkizu prozesioak eta toreroketak lehenbiziko hitzetik. Bai, horiek ere badira zerbait, baina gure herriko festen berezitasun bat aukeratu behar, eta milioiak balio dituen programie da munduan bakarrak egiten gaituena, eta ikusgarriak, eta diseinatuak. Hori bai: zer da hango orri apain koloretsuetan gehienbat azaltzen dena? Lehengora gatoz: prozesioak (azpeitiarren bat edo beste eta azpeitiano desfilante mordo bat agintarien ipurtzuloaren atzetik) eta toreroketak (ezpata zuzen odoldu bat bi adar oker zoragarri baino gehiago dela erakutsi nahi eta ezina); eta aurten, herriko mendi-sektaren urteurrena: 50 urte, zezenari bizkarraldea bezala, mendi-tontorrak heriozko gurutzez zulatzen hasi zirela.

Baina latzena beste hau da: programie puztuago, ikusgarriago, eta festie, biziye hilago, putzago. Ordenadoreetan bezalaxe. Gure bizimoduan bezalaxe

< atzera

Jatorria: Euskaldunon Egunkaria

Lotura: https://www.berria.eus/hemeroteka/egunkaria/?u=1996&h=08&e=10&bilatu=alea&orridata=19960810&ikusi=003

Copyright mota:

Gaiak: desfileak

Etiketak · Hitz gakoak: