1996-07-13
idatzi mota: Iritzi artikulua
Nere eskela
Primeratik tertzerarainoko hiletak ezkutatu ziren aspaldi; berdin xamartu ziren funtzio horiek, egia, baina gaur, haien ordez, egunkariko eskelek erakusten dute nor zein den, hila gero ere: eskela bakarrako hildako lehorra, malko publiko gutxikoa; dozenerdikoa (gaztea, mendizalea edo hola); orrialde bete eskela merezi dituena, gehienean bizitza Zerbaiten alde emandakoren bat... Eta nere irudipena da, eskela gehiago eta hildakoa hilago uzten dela. Orduan, badaezpada, gauzak garaiz zuzentzeagatik, eta nola hiltzeko gero-eta gogo gutxiago daukadan, edo hiltzekotan ere, nahiago baitut pixkat edo erdizka hil, zeharo eta serioegi hiltzea baino, oeduan, agintzen diot dagokionari: ni orain kolpera munduaren bistatik itzaliko banintz, adarkada metafisiko batek odolustua, edo —seguruago—- gehiegiak lehertua, edo, besterik gabe, desbizitzaren uretan itoa, honelatsu beharko luke nere eskelak: ez gurutze eta ez lauburu, baizik erdi bi egindako zizare hilezkor baten irudiaren azpian,, honako hauxe: «I.S. Atzo hil omen zen, Xenpelarren adinean. / Ik eman dek pakie, puteorrek!». Eskela bakarra, jakina, baxter batean galdua, kasik inork ez ikusteko moduan, eta, idatzia dagoen eran idatzia dagoelarik, ikusten duenak ere ez sinisteko moduan; horixe da giltza: ez sinesteko moduan.
Jatorria: Euskaldunon Egunkaria
Lotura: https://www.berria.eus/hemeroteka/egunkaria/?u=1996&h=07&e=13&bilatu=alea
Gaiak: Iñaki Segurola heriotza
Etiketak · Hitz gakoak:

