logoa

1996-07-27

idatzi mota: Iritzi artikulua

Izen hilak

Anaiak esan dit eskertzen diot nola kontatzen duen Borges-ek, miraz kontatu ere, zein gauza gustagarriak ziren Buenos Aires-en zaldi-karroei josten zizkieten izkribuak, karroa bera izendatzeko ere balio zuten izkribuak. Honatx bakarren batzuk euskaraz emanik, erdaraz bezain ongi ematen dutelakoan: Bihar arte; Bakardadea; Etorkizuneko esnezaletxoa; Hegoaldeko euskaldun ttikia (‘EI vasquito del Sur’); Bizi bedi babespean naukana; Eguzkia ororentzat sortzen; Zer egin ote dute zure begiek?; Zure musuak nereak izanak; Alabak maite nauela eta atsoari zer?. edo zer esan nahi zukeen inork antzematen ez ornen zion hau: Galduak negarrik ez (‘No llora el perdido’). A ze izen-puskak!

Eta itsasoak pasa eta gure bazter honetara nator itotzera: zerbaitekin gogoratu behar eta tabernen izenak, izen hilak, datozkit gogora, hildako hizkuntza batean asmatuak baitirudite. Adibidez, Ikatza: k eta tz-rekin euskal itxura du, ez du deus esaten eta, beraz, erdaraz esateko ere erosoa da (hobe el Ikatza, el Carbón baino, jakina). Edo Zunbeltz, Kixkal, Urtzi eta besteak. Funtsean, berdin-berdin dio Ikatza izan ala Elurra; edo Ikatza, Ekaitza, Okotza ala Akatsa. Gezurra badirudi ere, hitz agorrak dira, euskaldun itxurak egin nahi hutsak Tiffany's edo Gwendolyne baino arrotzago bihurtuak. Ez dut ondoriorik aterako: tristeegiak lirateke udako zorion bete honetan.

< atzera

Jatorria: Euskaldunon Egunkaria

Lotura: https://www.berria.eus/hemeroteka/egunkaria/?u=1996&h=07&e=27&bilatu=alea&orridata=19960727&ikusi=003

Copyright mota:

Gaiak: exotismoa euskara

Etiketak · Hitz gakoak: