logoa

1999-04-15

idatzi mota: Iritzi artikulua

Gizonen gauzak

Mundua mundu hau denetik, larru-jardun sanoa eta arduragabea gauza galerazia izan da eta da; ezkutuan egin beharrekoa, kontuz aipatu beharrekoa, amodio zuriz edo diru beltzez erosi edo kaiolatu beharrekoa eskuarki... Nolanahi dela, nik bertatik ezagutu ez ditudan lehengo erlijioaren seminarioetako beldur, kulpa-uste eta debeku gordinenaren garaietara itzuli da nere gogoa, irakurri dudalarik I. Lamarcak Gay nauzu tituluarekin atera duen liburua (Alberdania argit.). Bihotza erdiratzen dute Lamarcaren aitorkizunek eta bere gaxte-denborako tristura baztergabearen biziberritze idatziak. Normala izan nahi gizajoak, behar bezalakoa, neska titi-handiei begira hustutzen den heterogizon puru-purua, eta ezin; eta ez etsitzen gainera, bere buruari gogor egin gabe. Normaltasuna nagusi, normaltasuna etsai, eta halaz guztiz ere, normala izan arteko onik ez. Bai gauza beltza eta hitsa!

Baina beti hala izan ote dira gauzak? —diot neure artean. Mordoska baten artetik ale bat aukeratu behar, eta Agirre Asteasukoaren hitza dakart hona, Erakusaldiak I 242: «Badira gizon edo mutill batzuek añ landugabeak eta aberekiak, non uste oi duen ez dala bekatu mutillak mutillakin edozen gauza egitea». Jende landugabea esaten da hor (hau da, sanoa eta arduragabea), Jaunaren Legeaz axolarik gabea, kontzientziarik (eta kontzientziako kargarik) gabea, eta badakit gure gaurko munduan gizonbanako landu arduratu kontzientziaduna dela (garela) jenero ugariena, eta Normaltasun izeneko lege-modu hori hagitzez astunagoa dela eta eraginkorragoa, antzinako erlijioaren lege eta agindu santu guztiak baino. Legeak esana ez egitea ikaragarri zaila denik ere ez dirudi, baina Normaltasunaren martingalarik zitalena da etsai dugun harexen buruzpideak besarkatzera ekartzen gaituela. Normaltasuna eta normalizazioa dira gaur egunean gutxiengo izenekoen, gizamordo gutxiagotu, gutxiusteko edo exkaxustekoen ageriko praktika gutiz gehienaren muina, dela homosexual, dela emakume, edo dela beltz, euskaldun edo ijito. Bereziak izateari utzi eta normalak bihurtu, ardo merkea bezain normalak. Eta badakit ze erantzuki egingo zaidan: ez dagoela beste erremediorik, dagoen gizartean etsi eta laketu beharra dagoela, «normaldu edo hil» dela jokoa; «geure» normaltasuna eraiki, normaltasunari normaltasunarekin erantzun, etsaiaren arma berberak erabiliz; edo txit garrantzizkoa dela emakume bat, edo beltz bat, edo elbarri bat izatea epaile edo barne-ministro edo Coca Colako buru; hil edo bizikoa dela euskarak urtean honenbeste mila miloi «fakturatzea»... Normaltasuna, bai, baina «beste» normaltasun bat dela hori guztia sinetsiko dute gainera itsu-itsuan, eta merezi duela.

Gatozen homogauzetara. Lamarcaren liburuak egiten duen bidea ere, nola ez ba, normalizazioarena da. Zer egiten dute mundu honetan elkar maite duten bi banakok? Ba, txikitatik erakusten zaigun bezala, biko bat sortu, dagoenari heldu eta etsi-etsian ezkondu (edo besterik ezean, izatezko edo egotezko bikoteen zerrendan izena eta izana eman). Ez al du heterokastak hori berori egiten? Ba guk ere bai —dio gaurko ezkon-gay mugimenduak. Ederki, jaunak, ezkon zaitezte, egin zaitezte zeuen senarraren senar, baina ez ezazue la behintzat heterogizonik xotil eta sinesberenak ere sinetsiko ez lukeen gezurrik sinetsi, eta are gutxiago goretsi; ez ezazuela garaipentzat har Errejimenak horren erraz ematen duen gauzarik, nola baita mundu guztiak egiten duena egitea (Lamarcak berak hala dio, 90 or., «bikote egonkorrez» ari delarik: «zeintzuen bizimodua bikote heterosexualen pare-parekoa baita, inolako desberdintasun nabarmenik gabe»). Normaltasunaren halamoduzko senide da, bestalde, «duintasun» izeneko zera hori, esan nahi baitu gizarte normalaren onespen eta bedeinkazio publikoaren duin egitea; homojende kontzientziadunen barrutian, duintasun horren (eta, bide batez, zorioneko autoestimazioaren) jabe egiteko bide usatuenetako bat da (ik. 56 or.) jakitea eta jakinaraztea, ez nolanahiko gizontto koxkorrak, baizik-eta halako eta holako Historiako Gizon Handi (enperadore, jakintsu, artista edo aita saindu) homosexualak izan zirela. Baina, handi-jendearen ispiluan bere burua ezagutu behar hori batere gutxietsi gabe, «identitatearena» da, nere iritzirako, mutildantza honetako pausorik aldrebesena. Jabetzen gara (ala ez gara jabetu?) identitate izeneko horien putzaz, eta baita indarrean sartu diguten identitate heterogarbiarenaz ere, eta halaz guztiz, gure normalminaren minenean, heterotasunezko identitate horren antz eta irudira, haren lege berberekin, eraikiko dugu geure identitatea, geure legea: haien gezurra izango da gure egia. Hala dio Lamarcak, ikasi nahi lukeenarentzat (11 or.): «Egiaztatu egingo dut bederatzi urterekin bazela kitzika berezia sortzen zidan mutilik... Segur aski egon zen garai hartan kitzikarik sortu zidan neskarik, baina nire oroimenak, identitate homosexuala indartzearren, mutilekiko istorioak hautetsi ditu (heterosexualei gertatzen zaien bezala, baina alderantziz)». Definizioa eta hiperdefinizioa, berez kirats direlarik, gozo zaizkio jende bazterretsiari; horixe da Errejimenak haientzat gorderik daukan kartzela.

Baina utz ditzagun gizonen gauzak, bai baita bestetan gauza onik, bai baita argi-xintarik. Non? Ba, emakumeetan edo, hobeki esanda, neska gazteetan. Gizakien artean, emeak emea errazago igurtzi izan du beti arrak arra baino, eta, betiko lepotik burua, neska gazte mordoxka ari da gaur bide politak ebakitzen araurik, identitaterik eta normalminik gabeko larru-gauzetan eta maite-kontuetan. Ez da nere irudipen hutsa, eta ezta gauza nabarmenegia ere. Baina horrela egiten dira pulamentuzko gauzak, espanturik, txoro-usainik, harrotasunik eta panpinkeriarik gabe. Bai: ugaltzen ari dela esango nuke, potrogixontxo xitalen amorraziorako, mutilzale huts izan gabe, lesbiana huts izan gabe, ezer izan gabe (edo ahal den gutxiena), gogoak emanda bezala maitatzen, gogoak emandakoarekin (ar edo erne) zeratzen duen neska-jendea. Mutil artean ez bezalako sanidade eta naturaltasunez bai bederen.

Bien bitartean, bi hanken artean... gizonen gauzek zintzilik segitzen dute.

< atzera

Jatorria: Euskaldunon Egunkaria

Lotura: https://www.berria.eus/hemeroteka/egunkaria/?u=1999&h=04&e=15&bilatu=alea&orridata=19990415&ikusi=005

Copyright mota:

Gaiak: Giza harremanak

Etiketak · Hitz gakoak: