logoa

1995-06-17

idatzi mota: Iritzi zutabea

Bakea diru

Hor nonbaitetik datozen bake-hots horiek ez dute etenik: «bake santua piztu; emaiozue bakeari proportziyo bat...». Bakeaz nazkatzen hastea ere ez da izango misterio, Jainkoaneko Josuri gertatu zitzaion gisan, esan zuelarik ez zela hura bakea ekartzera etorri mundura, «baina ezpata ekartzera etorri naiz» (Mt. 10,34). Bakea mendratu nahian gerra famatzea ere... haundi xamarra bota zuen gizajo hark.

Baina jo dezagun giharrera: bakea gauza ona da ala ez da? Bakea ona denik ez dakit sekula aditu dudan, baina bai gerra txarra dela eta beltza oso, denik-ere beltzenetakoa, eta ez dela gerra onik, eta gerran bizi baino hobe dela bakean hil (azkenengo hau ez da horren segurua, ala?)... Eta zer kolore du bakeak? Zeru garbiaren kolorekoa dela adierazten du bakeoso izenekoen pailazo azulak, eta honi uso onaren xuria gehitzen bazaio, ez da dudarik bakea txuri-urdina dela. Beste (?) bakea, ‘askea eta zuzena’, txuri-gorri-berdea dela kontuan izanik, are nabarmenagoa da bake guztiak batzen dituena gezur-kolorea dela, hau da, txuri zikin-estalia, berez ezinkizun dena.

Bada latzagorik. ‘Bakea’ hitza bera, ‘gerra’ ez bezala, Erromako konkistatzaileek erakutsi ziguten, haien hizkuntzatik hartua dugu: gerrara etorri eta bakea saldu, alajaina! ‘Pax’ esaten zioten haiek, eta handik atera zuten, besteak beste, ‘pacare’, hots, bakea jartzea, baina baita pagatzea ere, hau da, diruz balakatzea, umiltzea, errenditzea, enpazturik edo enpazean gelditzea. Gerra ez ezik, bakea ere pagatu egiten da, dirutik ezpada larrutik. Oroit zaite bankuen bulegoetako bakezko giro ondoezgarriaz: harén aldean eder aparta da hilerriko bakea.

Bakea ona denik ez dakit egundo aditu dudan, baina bai, eta ez gutxitan, asko balio duela. Orain badakit zergatik.

< atzera