1993-08-25
idatzi mota: Iritzi zutabea
Udan erotu
ZURRUNBILOTIK atera, alegia: denboraren arrasto beltzetik. Udamina: batzuk, denbora betearen atzapar beltzetatik libratu ezinik; besteak, gehienak, denbora hutsaren begitarte beldurgarrian beren begi izu zuringotuak landaturik. Argi betea, egunaren adar luze amaigabea: gure galduleku behar luketenak, udak alferretan ekarriak; huts-beteen dialektika lazgarriak gaiztatuak; denboraren orratzez larriki ziztatuak. Hutsa betekizun: bizi-nahia bizi-behar bihurtua (eta bizi-beharra bizi-ezina izaki). Betoz betegarriak: planak, bidaiak, ikastaroak, terapiak, irakurraldiak, bikotekidearekiko jardunaldi arautuak, gaupasa gero- eta ofizialagoak, butakotxotik aurpegi alaiz eta heldutasun zinikoz Jainkoaren Begiari begira egindako egonaldiak... Denboraren agerpen huts-betegarri hau da, mutur batean, exekutibo goitarraren bekosko planifikatzaileak sortzen duen hura bera, edo, beste muturrean, etxekoandreak etxe-kaiola garbia garbiagotuz bere eza eta gabea arindu ezinik daramana, edo txortan erlojuari begira ari den profesionalarena, edota zainak hauts heroikoz xiringatuz infernu honetan ordu batzutako su-etenaren atzetik dabilenarena. Orotan bat eta bera da hondogabeko aspermen jasangaitzean ez amiltzeko asmazio eta helduleku desberdinen funtsa: denbora huts-beteen minbizia. Hargatik erotzearena, galtzaratik baztertzeko tentazroarena, zurrunbilotik eta arrasto beltzetik behin-betiko ihes egietearena: «agur, ni banoa, hor konpon zaiteztela». Ezetz: eroak (erotzat ofizialki deklaratuak) ere kontatu egiten dituztela, haiek ere, beren papera betetzen dutela, normaltasunaren definizioan eta normaltasunaren osagarri. Bai, bego: baina jakintxu-planak eginez hori esaten ari zaizuena, badaezpada, bere hutsaren betegarri, gaur bertan hasi da paper honetantxe, zutabero moduan, esplikazio lehorrak botatzen. Harrapazak txorixotik!
Jatorria: Euskaldunon Egunkaria
Etiketak · Hitz gakoak:

